Artikuluak

Auzolan ekologikoa Karrantzan

Auzolan ekologikoa Karrantzan

Auzolan ekologikoa Karrantzan

egilea: Gazteaukera, 

Ekainean bi familiak beraien proiektua aurrera eramateko boluntarioen laguntza eskatzen zuen iragarki bat jarri zuten. Abentura honen bultzatzaile den Erika Yurrek ekimen interesgarri honen berri eman digu:

"Karrantza haraneko bi familia gara, garapen jasangarrian oinarritzen den bizitza eraman nahi dugu nekazal eremuan. Gure ideia baserri-giroan bizi eta nekazaritzaz bizitzea da, era sortzaile eta duinean. Jatorrizko eremuan bertakotu nahi dugu, gure jakintzak eta interesak bertan integratuz: arte praktikak, ekologia eta bizitza. Horretarako dagoeneko bi familientzako etxea egin dugu lastozko fardelekin, irizpideak bioklimatikoak jarraituz eta energia berriztagarriak erabiliz. Orain bi etxebizitzen elkargune izango den eraikina egiteko laguntza bila gabiltza. Elkargune honetan sukaldea, egurrezko labea eta arropak garbitzeko gunea egongo dira, besteak beste.

Oro har, gure ortuko produktu ekologikoekin lan egin eta jakintza ezberdinak partekatzeko ikastaroak zein tailerrak emateko gune izan nahi du eraikin berriak. Aurreko eraikinena egiteko erabilitako prozesu bera erabiltzeko asmoa dugu eraikin berri honetan; termobuztinezko lurzorua, karea eta lastozko bolak. Era beran, prozesu osoaren dokumentazio bisuala egiteko laguntza ere eskatuko dugu"

Deialdi honen ondoren, penintsulako toki ezberdinetatik etorritako berrogeita hamar boluntario-laguntzaile jaso zituzten. Gehienbat, arkitektoak, ingeniariak, sortzaileak, pare bat biologo eta antzeko eraikinak egiteko interesa zuten lagunak izan hurbildu ziren. Kanpotik etorritakoez gain, Karrantzako haraneko lagunak ere gerturatu ziren, eraikuntza eta ortuaren inguruko iradokizunak luzatuz.

Taldean ikasi eta trukatutako jakintzez gain, arduradunen arabera, momentu honetan eraikina altxatuta dago, amaitu gabe baina esperotako puntuan. Boluntarioen laguntzarik gabe ezin izango zitekeen horrelakorik egin.

Eraikuntza lanak iraun zuten hilabeteetan, prozesua argazki kamerez eta bideoz grabatu zuten. Alde batetik tripote batean jarritako bideo-kamera batek time-lapse eran grabatu zuen eraikuntza prozesua eta bestalde, eskuz-esku boluntarioen artean zebilen argazki kamera batek, taldeko testigantza bisuala jaso zuen. Era honetan, proiektutik kanpo gera zitezkeen zenbat kolektibok parte hartzeko aukera izan zuten (haurdun zeuden emakumeak, umeak, osasun arazodunak, pertsona edadetuak).