Artikuluak

Gazteak Ekinean programa Islandiako bazterretan

Gazteak Ekinean programa Islandiako bazterretan

Gazteak Ekinean programa Islandiako bazterretan

egilea: Gazteaukera, 

Apirilaren 4tik 10era bitartean, Ainhoa Oar Busturialdeko Gazte teknikaria, Islandiako Reykjanesbær (Keflavík) herrian izan zen Europako beste 24 gazterekin batera. Gazteak Ekinean Europar programaren baitan, Gazte trukeak egiteko formakuntza eta baliabideen berri izan zuten, besteak beste, bertan bilduriko lagunek.

Nolako esperientzia bizi izan duzu Islandian astebetean?

Esperientzia paregabea eta ahaztezina. Asko ikasi dut taldekide eta formatzaileengandik, gainera herrialde zoragarri bat ezagutzeko aukera izan dut.

Zein eratako formakuntza jaso duzue? Tailerrak, hitzaldiak.

Gazteak Ekinean programak hezkuntza ez formala sustatzen du eta horixe izan da, hezkuntza ez formala, esperientzia bidezko ikasketa. Hau da, hitzaldi labur pare bat ere izan dugu baina gehiena ekintzak eta dinamikak egitea izan da, guk geuk eginez gero elkartrukeetan erabiltzeko gai izan gaitezan baliabideak lortzeko. Partaidetza aktiboa, ikasten ikasi, giza eskubideak, talde prozesuak eta ebaluazioak izan dira gai nagusiak.

Europako gazteen artean ikusten al duzu alderik leku bakoitzean egiten diren programetan?

Bai, herrialde bakoitza gazteria arloan guztiz ezberdina dela ohartu naiz, europar ekialdean gazteria arloan asko mugitzen dira adibidez, Turkian edo Bulgarian esaterako proiektu mordoa dituzte eta jendeak beste herrialde batzuk ezagutzeko grina erakusten du. Gainera gaiak ere ezberdinak dira, gazteek euren inguruan dituen beharrizanen araberako gaiak aukeratzen dira. Guk adibidez gazteen langabeziaren inguruko proiektu bat aurkeztu dugu eta Turkian badira bi edo hiru proiektu erlijio ezberdinen arteko elkarbizitzan oinarrituak edo Bulgarian desberdintasun sozialaren ingurukoak.

Nolako baliabide berriak dakartzazu Islandiatik Euskal Herrira eta nola jarri nahiko zenituzke praktikan?

Baliabide mordoa dakartzat bueltan eta ideiak ere asko eta guztiak praktikan jartzeko irrikitan nago. Momentuz elkartrukeen inguruan lan egingo dugu, abuztuan Busturialdean egin nahi dogun elkartrukea ondo ateratzea da nire lehen helburua. Turkia eta Hungariako gazte talde birekin batera gazteen langabezian murgildu nahi dogu, herrialde bakoitzean langabeziari aurka egiteko nolako baliabideak dauden ezagutzea eta ondoren hauek praktikan jartzea litzateke hurrengo pausoa. Dana dala, urtean zehar ere Busturialdeko gazteekin martxan dagoen garapen pertsonaleko proiektuan hezkuntza ez formala ezinbestekoa da eta hor ere ezarriko ditugu Islandian hartutako baliabide batzuk.