Irakurzaletasuna sareratzen

Irakurzaletasuna sareratzen
egilea: Gazteaukera,
Liburu bat istorio bat
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneak ekimen berri bat jarri du abian bere 20.urteurrena dela eta. Liburu bat istorio bat deritzon egitasmoak irakuleentzat bereziak izan diren liburuak biltzea du helburu. Horretarako, Instagrameko aplikazioaren bidez #liburubatistoriobat traolarekin, irakurleek liburuak argazkitu beharko dituzte. Ondoren, bilgune birtual honetan jasotako liburuak eskuragai jarriko dituzte antolatzaileek Koldo Mitxelenako gune batean.
Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketa
Ohiko trailerrek filmearen momenturik deigarrienak bildu eta ikuslearentzat erakargarria den bideo labur bat eskaintzen dute. Era horretan, ikuslearengan filma ikusteko grina piztea dute helburu. Antzeko ideia oinarritzat hartu dute sarean bolo-bolo dabiltzan Book trailerrek. Kasu honetan, ikusleari liburuak era deigarri eta bisual batean aurkeztea da helburua, horretarako, liburuaren film labur bat eginez; musika, irudi estatikoak eta fikziozko irudiak tartekatuz. Galtzagorri elkarteak bigarrenez ekin dio gaztetxeon artean Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketa abian jartzeari, irakurzaletasuna sustatu asmoz. Liburuen mamia irudikatzeak badu bere zailtasuna eta irakurzaletasuna bultzatzeaz gain irudimena lantzeko ariketa polita ere izan daiteke.
Txiotu zure testua 6 mezutan
Hainbat dira Twitter bidez abian jartzen diren egitasmoak. Honen harian, Unibertsitatea.net atariak Txiotu zure tesia 6 mezutan (#txiotesia) lehiaketa antolatu du. Beraien helburua ikerlari euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea da eta baita lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea.
Lehiaketa Twitter-en egingo da eta azken batean parte hartzaileek lortu behar dutena da tesia ahalik eta era ulergarrienean eta originalenean 6 txiotan azaltzea. Bi sari emango dituzte, bata Txiolari ulergarrienari eta besteaTxiolari originalenari. Ikerlariek azaroaren 19an #txiotesia traola erabiliz parte har dezakete lehiaketan.