Musika Parkean, belarra zapaltzeko gonbidapena

Musika Parkean, belarra zapaltzeko gonbidapena
egilea: Gazteaukera,
Musika Parkean ekimenak 5.edizioa ospatu du aurtengoan. Donostian egiten den ekitaldi honek gure inguruan ditugun eremu berdeen erabilera gizabidetsua sustatzea du helburu. Horretarako bere izenak dioen bezala, musika taldeek kontzertuak eskaintzen dituzte hiriguneko parke ezberdinetara. Lagunartean zein familia giroan norberak bere piknika egitera gonbidatuak gaude, musika talde batek eguna girotzen duen bitartean. Janaz, edanaz eta musikaz konpainia ederrean gozatzeko aparteko plana.
Donostiak hondartzak izateaz gain beste hainbat txoko eta parke berde badituela aldarrikatzen dute antolatzaileek eta leku guzti horiek herritarren gozamenerako zabaltzen dituzte. Ideia Ingalaterratik eta bestelako iparraldeko herrietatik datorkie eta hemen ere arrakasta izan du, horren adibide da urtetik urtera, jarraitzaile gehiago dituela ekimen honek.
Facebook bidez izan dezakegu Musika Parkean ekitaldien berri eta piknikaz gain lehiaketak eta bestelako sorpresak ere egoten dira.
Aurtengo denboraldia amaitzeko Urgull mendian izango da hurrengo hitzordua irailaren 26an.