Atzerrian lan egin nahi dut, baina nire tituluaren homologazioa zer?

Atzerrian lan egin nahi dut, baina nire tituluaren homologazioa zer?
egilea: Gazteaukera,
Dela ikasketak bukatu dituzula, dela zure lan ibilbideari beste norabide bat eman nahi diozula, Europako beste herrialderen batera lanera joatea ari zara aztertzen. Entzungo zenuen zenbait profilek (informatika, osasun edo ingeniaritza arloekin lotutakoek, esaterako) eskaintza zabala dutela. Hala eta guztiz ere, ezinbestekoa izango zaizu jakitea ea hemen zure lanbidean jarduteko kualifikazio profesionala Europa Batasuneko beste herrialdeetan baliogarria den ala ez.
Eskakizunak herrialdearen araberakoak izango dira, baina lehenik eta behin "lanbide arautuak" daudela jakin beharra duzu; zure titulazioa hauen artean badago baliteke zure prestakuntzaren aintzatespen ofiziala lortu behar izatea: zure tituluaren baliozkotzea eta beharbada esperientzia edo gaitasun-probaren bat ere eska diezazukete.
Zure titulua, unibertsitatekoa zein Lanbide Heziketakoa, egiaztatu ahal izateko has zaitez MECD orrialdetik.
NARIC zentroa da aintzat hartu beharreko beste erreferentzia bat, bertan eskaintzen baitute lanbide-aintzatespen, homologazio eta baliokidetasun prozesuen inguruko informazioa.
Ekar dezagun honako adibidea: Europa Batasuneko beste herrialde batera bizitzera joan nahi duzu eta zure osasun-lanbidean jardun (medikuntza, erizaintza, albaitaritza, farmazia.): lehenik eta behin helmugako herrialdeak eskaturiko eskabidearekin batera agiriak prestatu beharko zenituzke, hilabeteko epean hori guztia hartu izanaren adierazpena jasoko zenuke eta, azkenik, hiru hilabete izango zenuke erabakia hartzeko. Zure formakuntzak eta esperientziak eskatutakoarekin bat ez egitekotan, gaitasun probak egiteko edo egokitzapen-probaldia hasteko aukera izango zenuke; garai honetan behe-mailako kategoriako kontraturen bat ere egon liteke, erakargarria akaso.
Baina zure lanbidea jardun nahi duzun herrialdean arauturik ez badago, aurrera jo ahal izateko, titulua aurkeztu besterik ez duzu behar izango, hartuko zaituen herrialdearen eskakizunak aztertu eta kontuan harturik, jakina. Tituluarekin batera honen itzulpen ofiziala edo tituluaren Europass osagarria aurkeztu beharko duzu. Azken agiri honek titularraren ezagutza eta gaitasunak deskribatzen ditu, bestelako herrialdeetako enplegu-emaileen edota instituzioen mesedetan; titulu originala egiaztatu duen zentroak berak emango dizu.
Hizkuntza ere ezin ahaztu; helmugako herrialdeak bertan lan egiteko hango hizkuntza ofizialen inguruko ezagutzak egiaztatzea eska dezake; hizkuntza-maila probak bertan jarduteko maila duzula bermatzeko balio du, esklusiboki. Normalean Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila eskatzen dute.
Atzerrian lan bilaketa errazteko asmoz, GazteBizHitzak informazio osagarria eta baliagarria eskaintzen dizu.