Etxebizitza alternatiboak

Etxebizitza alternatiboak
egilea: Gazteaukera,
Etxebizitza erostea gogoan darabilgunean zera datorkigu burura: norbera bizitzeko gustuko toki aparta, etxearen antolamenduaren nondik-norakoak, logela kopurua eta., jakina, hura lortzeko eskura ditugun baliabideak. Maiz etxebizitza pribatua (bigarren eskukoa zein berria) edo babes ofizialeko etxebizitzak izaten dira gure hautuak.
Gazteek BOE (Babes Ofizialeko Etxebizitza) aukeraren alde egiten dute sarritan, izan ere erakunde publikoek diruz lagundurikoak dira eta prezio mugatua dute. Udalerri edo erakunde bakoitzak onartzen ditu etxe hauek lortu ahal izateko baldintzak. Azalera-eskubidearekin edo gabe eros daitezke, alokairuan denboraldi batez izan ondoren, eta abar.
Baina badira bestelako aukerak: etxebizitza-kooperatibak, cohousing bidea edo autoeraikuntza, besteak beste.
Kooperatiba-etxebizitza elkarte autonomoa da. Berau osatzen duten pertsonek bat egitea erabakitzen dute, behar eta helburu ekonomikoak asetzeko, kalitate eta prezio baldintza hobeak lortzeko nahian. Elkarteak berak sustatzen ditu bizilekuak, elkartekideei zehaztutako preziopean eskainiz eta mozkinak ezabatuz. Komunitate-izaera eman dionik ere bada, horregatik badira komuneko guneak dituzten esperientziak, energia aurrezteari eta iraunkortasunari ere lotuta.
Cohousing modalitateak bizikidetza bultzatzen du, banakako hainbat bizileku bakar batean batzen ditu, komuneko guneak partekatuz. Familia talde bakoitzak bere ostatu pribatua du, eta komuneko bestelako gune zabalagoak elkarren osagarriak dira, esate baterako: sukaldea, garbitegia, aisialdi gela, txikientzako jolastokia, konponketa-tailerra, baita hala nahi izanez gero gimnasioa ere. Uste osoa dago auzokoen elkarreraginak onurak ekarriko dituela gizarte, ekonomia eta ingurune-mailan.
Eraikitzeko lurrak izatekotan autoeraikuntza da beste aukera bat. Etxea eraikitzeko orduan ikuskapenean eta kudeaketan laguntzeko profesionalak kontrata daitezke, ohiko eran edo bioeraikuntzaren ildotik; bioeraikuntza modalitatea naturan eraikuntzaren eragina txikiagotzen ahalegintzen da. Azken batez, norberaren lana eta ezagutzak protagonista izateko saiakeraren bidez kostua gutxiagotzen da eta emaitzaren asebetetzea lortzen da.
Edozein gazterentzat etxebizitza proiektua bere etorkizuneko etxea gauzatzea da, hortaz, aukera guztiak ezagutzea merezi du, norberaren desirekin, ideiekin eta aukerekin bat eginik.