Artikuluak

'Global Training beka jaso dut'

'Global Training beka jaso dut'

'Global Training beka jaso dut'

egilea: Gazteaukera, 

Garapen eta sustapen agentzia elkarte ezberdinek Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aurten ere Global Training 2016 beka programa abiarazi dute.

Bekak unibertsitate-titulazioa eta goi-mailako lanbide heziketa dituzten gazteentzat dira, eta, programa horri esker, gazteei aukera ematen zaie praktika ordainduak egiteko atzerriko enpresa eta erakundeetan, haien profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduera eta proiektuetan, 6 hilabeteko denboraldian (gutxienez).

60 gaztek aukera izango dute munduko herrialde ezberdinetako enpresetan lan-praktikak egiteko. Irati Agirrek eta Iñaki Lasak froga guztiak gainditu dituzte eta laster joango dira Milan eta Londresera lan egitera.

globarltraining2

Zerk bultzatuta eman zenuen izena Global training beketan?

Irati: Betidanik buruan izan dudan ideia izan da atzerrian lan egitea edo denboralditxo batez atzerrian bizitzea. Masterrean zehar hilabeteko egonaldia egin nuen Estatu Batuetan eta oso motz egin zitzaidan, beraz zertxobait luzeagoaren bila nengoen. Horrez gain, orain arte lan egin dudan tokian kontratua amaitzen zitzaidan eta beka eskatzeko une oso egokia zela iruditu zitzaidan.

Iñaki: Badira urte batzuk Global Training beken berri nuela, baina gauza batengatik edo besteagatik ez nuen inoiz izenik eman. Aurreko urteetan Global Training beketan parte hartu duten lagunak ditut, eta esperientzia aberasgarriak bizi izan dituzte guztiek. Asko pentsatu ostean, eta nire lan egoera zein egoera pertsonala kontuan izanik, aurten saiatzea erabaki nuen. Beharrezkoa da noizean behin comfort zona delakotik atera, eta esperientzia berriak probatzea: lan esperientzia berri bat, bestelako kultura bat... Atzerrian lan egiteko aukera oso erakargarria iruditzen zitzaidan, ikasteko eta zailtzeko, eta halako berme bat atzean izatea lasaigarria da.

Nolako izan da prozesua?

Irati: Lehenengo eta behin Global Training bekak Euskal Herriko entitate desberdinek eskaintzen dituzte. Bakoitzak bere eskaintza du eta soilik entitate batean egin dezakezu eskaria. Behin hau aukeratuta zure lehentasunen arabera hainbat aukeraketa egin behar dira eta zure kurrikulumean azaltzen duzun ikasketen eta esperientzia profesionalaren akreditazioa egin beharko duzu dokumentu bidez. Pare bat aste beranduago lehenengo elkarrizketa egiteko deitu zidaten, nire kasuan Merkataritza Ganberarekin izan zen. Bertan, nire kurrikuluma Microsoftera, hau da, nik aukeratutako enpresara bidaliko zutela jakinarazi zidaten. Handik hilabetera Microsoftetik idatzi zidaten eta elkarrizketa batzuen ostean aukeratua izan nintzela esan zidaten. Aukeratua bazara atzerrira joan aurretik lehendik aukeratutako entitatearekin bi asteko formakuntza saioa egin beharko duzu.

Iñaki: Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu Global Training bekak, baina hainbat erakundek eskaintzen dituzte gero, Jaurlaritzarekin elkarlanean: EHU, Novia Salcedo, Garapen, Merkataritza Ganbera... Nire kasuan, eskaintza guztiak aztertu ostean, Deusto/Mondragon aukeratu nuen, komunikazio arloko eskaintzak interesgarrienak iruditu zitzaizkidalako.

Froga asko pasatu behar izan dituzu?

Irati: Prozesu nahiko luzea izan da eta Merkataritza Ganberak egindako elkarrizketaz gain Microsoftek hainbat elkarrizketa egin dizkit bai telefonoz bai Skype bidez, beraz bai, eskaria egiten duzunetik aukeratua izan arte hilabete gutxi batzuk pasatzen dira.

Iñaki: Lehen pausoa eskatzen dizkizuten titulu eta ziurtagiri guztiak biltzea da. Berez, ez da urrats zaila, baina denbora eskatzen du guztia biltzeak, paperak notaritzan konpultsatzeak... Horrek hautagai bat baino gehiago atzera botatzen duelakoan nago, baina azken unerako uzten ez baduzu, eta denbora hartzen baduzu, ez du misterio handirik. Unibertsitate ikasketak osatu ditugunoi ingelesezko C1 (Advanced) maila eskatzen digute beka eskaintza gehienetan (Lan Heziketa egin dutenei B2 edo First Certificate eskaten diete), baina halako maila egiaztatzeko titulurik ez baduzu, hizkuntza azterketa bat egiteko aukera duzu. Hori zen nire kasua, udan egin nuen haiek proposatutako azterketa, eta gainditu egin nuen.

Aurrez aurreko elkarrizketa izan zen azken froga. Egun horretarako hiru beka eskaintza aukeratu behar nituen asko jota. Nire kasuan ezin izan nuen aurrez aurre egin, atzerrian negoelako eta Skype bidez egin nuen. Elkarrizketa gazteleraz izan zen, bost epaimahikiderekin batera. Oso era naturalean joan zen, beka eskatzeko arrazoia galdetu zidaten, ea zergatik aukeratu nituen hiru horiek, zergatik uste nuen nintzela pertsona aproposena... Uste baino atseginagoa eta arinagoa izan zen elkarrizketa. Orain, ikastaro bat jasoko dut datozen bi asteotan, atzerrira joan aurretik.

Nora joateko aukera duzu eta zein baldintzatan?

Irati: Milanera noa eta momentuz sei hilabetez izango naiz bertan marketing arloan. Printzipioz urte erdiko kontratua dugu baina nork daki ea denbora gehiagoz geratzeko aukera eskainiko diguten. Bekadun kontratuarekin joango naiz eta Eusko Jaurlaritzak alojamendua, hegaldiak, egonaldia eta Gizarte Segurantza babesteko hilabetean 1.358 ?ko diru-laguntza emango digu.

Iñaki: Londresera noa urtea amaitu aurretik, datozen sei hilabeteetarako gutxienez. Beka sei hilabetekoa da, eta 1.358 euro gordinekoa da hileroko soldata. Sei hilabete horiek amaitzean, lan kontratua lau hilabeterako luza diezadake Londreseko enpresak, baina, orduan, haiek ordainduko lidateke, eta gerta liteke baldintza ekonomikoak aldatzea (onerako edo txarrerako).

Hay Festival of Literature and Arts erakundean egingo dut lan, bekadun gisa. Hay-on-Wye herrian (Gales) urtero antolatzen duten literatura jaialdia da Hay, nahiko ezaguna. Hay-onWyen ez ezik, beste hainbat herrialdetan ere egiten dute: Segovia (Espainia), Arequipa (Peru), Cartagena (Kolonbia), Kells (Irlanda)... Mundu mailako idazleek parte hartu ohi dute. Testuak idazteaz, edukiak sortzeaz, argazki artxiboa kudeatzeaz, sare sozialak elikatzeaz eta abarretaz arduratuko naiz. Lan interesgarria, zinez.

Zer da zuretzat erakargarriena programa honetatik?

Irati: Orokorrean atzerrian lan egitea eta bizitzea eta horrek dakartzan onura eta arazoei aurre egiten ikastea, hau da, gure konfort gunetik ateratzea. Nire kasuan profesionalki Microsoft bezalako enpresa erakargarri batean lan egitea, italieraz hitz egiten ikastea eta hizkuntza horretan lan egin ahal izatea dira niretzat ezaugarri interesgarrienak programa honetan. Pertsonalki nire erronkak beste hizkuntza bat egiten duten herrialde batean nire kabuz moldatzea eta pertsona bezala haztea dira. Izan ere honelako aukerak benetako erronkak dira eta aprobetxatu egin behar dira.

Iñaki: Lehenengo galderan esan dudan bezala, batez ere atzerrian lan egin ahal izatea, lan kultura berri bat ezagutzea, beste hiri bat. Sei urte daramatzat enpresa berdinean lanean, aldi baterako kontratuekin, eta hango nolabaiteko erosotasunetik ateratzeak erakartzen nau, etxetik ateratzeak, eta horri guztiari aurre egin diezaiokedala ikusteak. Eta, gainera, Londresen. Gutxi izango dira halako hiri anitzak eta kosmopolitak. Zurrunbilo

Zer espero duzu aurkitzea egokitu zaizun proiektuan?

Irati: Ni komunikazio arlotik nator beraz mundu erabat berria aurkituko dudala uste dut. Ez dut inoiz marketing arloan lan egin beraz ezagutza berri ugari bereganatzea da alde batetik espero dudana,eta bestetik, lan egiteko beste era bat ezagutzea. Izan ere, Microsoft beste gauza batzuen artean, ezaguna da haien lan egiteko era malgu, ireki eta berritzaileagatik. Era berean herrialde desberdinetako pertsonekin lan egiten ikasteko parada izango dudala uste dut.

Iñaki: Ez dakit zer aurkituko dudan, egia esan. A priori, eta oraingoz daukadan informazio apurrarekin, proiektu interesgarria dela iruditzen zait, kulturarekin zerikusia duena, eta ziur interesgarria izango dela han aurkituko dudana, enpresa handi edo txiki batean bada ere. Badakit galdu samar ibiliko naizela lehenengo egunetan, ama hizkuntza ez dudan batean lanean, ezagutzen ez dudan jendearekin, beste herrialde batean, bakarrik... Baina ez nau batere larritzen horrek, konturatzeko amaituko zait egonaldia, nahi baino agudogo. Erabat aberasgarria izango da, ziur.

gaztebizhitza_huts_txiki

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera.