Artikuluak

Ander Añibarro 27 urteko gaztea, Jaurlaritzako Gazteria zuzendari

Ander Añibarro 27 urteko gaztea, Jaurlaritzako Gazteria zuzendari

Ander Añibarro 27 urteko gaztea, Jaurlaritzako Gazteria zuzendari

egilea: Gazteaukera, 

Ander Añibarro 27 urteko laudiotarra da Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari berria. Erizaina da eta erizaintza ikasketak bukatu ostean Osakidetzako ospitale ezberdinetan aritu da lanean. Gaztea den arren eskarmentua du administrazioan, izan ere,  Laudioko zinegotzia eta Aiarako kuatrilaren presidentea baita.

Elkarrizketa egin diogu hemendik aurrera dituen asmoak ezagutu nahian.

Orain dela gutxi izendatu zaituzte Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendari, nola hartu duzu berria?

Sorpresa handia izan zen niretzat Beatriz Atolazabal Sailburuak proposamena luzatu zidanean. Beti pentsatu izan dut Gazteria Zuzendaritza gazte batek zuzendu behar lukeela, eta niretzat ohore bat eta aldi berean erronka handi bat da.

Nola ikusten duzu Euskadiko gazteen egoera orokorrean, eta zeintzuk dira zure kezka eta ardura nagusiak?

Dudarik gabe egungo egoera hobetu daiteke eta horren alde lan egingo dugu. Nire ardura nagusien artean, zalantzarik gabe gazteen enplegua dago. Estatuarekin alderatuz langabezia tasa baxuagoa dugu baina hala eta guztiz ere altua da. Langabezia tasa jaisten lanean jarraitu behar dugu.

Erizain gisa, Osakidetzan lanean aritu zara, euskal gazteria osasuntsu al dago?

Baietz uste dut. Gazteria osasuntsu eta indartsua dugu. Ez dut inolako zalantzarik gazteon etorkizunaren inguruan. Herri honen oraina eta etorkizuna gara.

Gaztea izan arren ardura handiko postua duzu orain, gogotsu al zaude lanari ekiteko?

Ardura handiko postua da eta ez da ohikoena gazte jendea holako postuetan aurkitzea. Errespetua ere ematen dit, baina lanerako gogo biziz nator eta gazteontzat gauzak egiteko ilusio handia dut.

[caption id="attachment_13331" align="alignright" width="467"] Barrian, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako gazteekin[/caption]

Zure ekarpenak "gazteen ikuspuntua" kontutan izango dutela uste duzu politika berrietan?

Ez dut inolako zalantzarik. Eusko Jaurlaritzako politika guztiek dute gazteengan eragina eta gure ikuspuntua kontutan izatea ezinbestekoa da. Ni ez naiz Euskadiko gazteen bozeramailea, hori EGK (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua)ren ardura da, baina ahal dudan guztia egingo dut gazteen ikuspuntua kontutan hartu dadin.

Hogeita zazpi urteko gaztea izanik, zeintzuk dira zure zaletasun nagusiak

Musikazale amorratua naiz. Unibertsitatean nengoela lagun baten bidez koru musika eta musika lirikoa ezagutu nituen eta ordura arte ezezaguna zitzaidan mundu berri bat aurkitu nuen. Nire pasioa izateaz gain eguneroko arduretatik ihes egiteko bide bat da musika.

Internet munduan saltsatzen bazabiltza? Zein sare sozial darabiltzazu batez ere?

Ia gaur egungo gazte gehienek bezala sare sozial ezberdinak erabiltzen ditut baina batez ere WhatsApp, Facebook, Instagram eta Youtube darabiltzat. Whatsapp da gehien erabiltzen dudana, baina egunean zehar aurretik aipatutako guztiak ere kontsultatzen ditut.

Zein herritako jaiak ez dituzu inoiz galtzen?

Nire herrikoak, Laudioko jaiak. Beti gustatu izan zaizkit eta abuztuaren bigarren hamabostaldian Laudion beti gelditu ohi naiz jaietan egoteko.

Oso gustuko duzun liburu eta filme edo serie bat gomendatuko zeniguke.

Galdera zaila da hori. Egia esan asko gustatzen zaizkit Castle edo Bones bezalako serie poliziakoak, baina ez naiz oso ona serieak gomendatzen. Liburuei dagokionez, Harry Potteren bildumak txikitan irakurzaletasuna piztu zidan.

Besterik gehitu nahi baduzu aurrera!

Gazteok osatzen dugu Euskadiko historian izan den generaziorik formatuena. Horregatik galdetu didaten bakoitzean esan dut gazteak garela herri honen oraina eta etorkizuna.

Gazte jendea animatu nahiko nuke, desio duenaren alde borrokatu dezan, lan eginez eta aleginez gauza asko lortu baitaitezke.