Artikuluak

"Bizitza guztian jakin izan dut bi errealitate ezberdin existitzen direla"

"Bizitza guztian jakin izan dut bi errealitate ezberdin existitzen direla"

"Bizitza guztian jakin izan dut bi errealitate ezberdin existitzen direla"

egilea: Gazteaukera, 

Adelis Galindo Yumo da aurtengo Euskadiko Gazteak Lankidetzan kartel lehiaketako irabazlea. Boliviarra da eta Getxon 15 urte daramatza bizitzen. 23 urte ditu eta Donostiako EHUko Arkitektura eskolako ikaslea da. Besteak beste, eskulanak egitea, irakurtzea, bidaiatzea, idaztea eta familiarekin egotea atsegin ditu.

Zer dela eta erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea?

Aspalditik parte hartu nahi izan dut lehiaketan, eta lankidetzan izan dudan orain arteko esperientziarekin eta Hego Amerikan egin nahi ditudan planekin, aukera ezin hobea iruditzen zitzaidan honakoa, bertara bueltatu ahal izateko.

Nongoa da kartelaren irudia eta nola bururatu zitzaizun leloa?

Irudia Usumacinta ibaian atera nuen Mexiko eta Guatemalaren arteko mugan, El Salvadorren egin nuen boluntariotza bateko bidaia batean. Leloak horrelako esperientzia bati aurre egiteko behar den adoreari egiten dio aipamena, eta boluntario bakoitzak bizi duen inplikazio eta sentimenduak azaltzen ditu.

Ezagutzen al duzu Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa?

Bai, jakina. 20 urterekin ezagutu nuen programa sare sozialen bidez eta ordutik parte hartu ahal izateko momentu egokiaren bila ibili naiz. Datozen edizioetan izena emateko asmoa dut, ikasketak amaitzear ditudala aprobetxatuz.

Kooperante gisa parte hartu nahi zenuke programan, zergatik?

Jakina. Nire sustraiak eta nire hezkuntza direla eta bizitza osoan jakin izan dut bi errealitate ezberdin existitzen direla. Denbora daramat ororen ongiaren alde lan egiteko beharra ikusten, eta konpromisoa hartu dut nire buruarekin etorkizun hobe baten alde lanean arituko naizela.

Sariari esker nora joateko asmoa duzu?

Oso gutxi ezagutzen dut nire herria, eta ziurrenik bertara joateko eta bertako kultura xurgatzeko aprobetxatuko dut. Horretaz gain, Montevideora ere joan nahi dut, bertan laguntzen ari naizen arkitektura proiektu batetara (ONG TECHO-Uruguay). Etekin handia aterako diot sariari.

Besterik gehitu nahi zenuke?

Esan nahi nuke horrelako programak ezinbestekoak direla alor pertsonal zein profesionalean kooperazio munduan aritu nahi duten ni bezalako pertsonentzat. Hori dela eta, oso eskertua nago horrelako programak eskaintzen direlako, edozein pertsonen bizitza aldatu eta aberasten dutelako kooperazio munduko esperientzia aberasgarriei esker.