Erasmus+, 30 urte gazteen alboan

Erasmus+, 30 urte gazteen alboan
egilea: Gazteaukera,
Aurten, Erasmus+ programak 30 urte betetzen ditu. Herrialde ezberdinetako ikasleen mugikortasuna errazten duen programa hau inflexio puntu bat izan ohi da gazte askorentzat. Oro har, gaitasun pertsonalak zein profesionalak hobetzeko aukera paregabea eskaintzen du; bizi esperientzia ahaztezin bat delarik jende askorentzat. Horretaz gain, lana aurkitzeko, hizkuntzak ikasteko, europar hiritartasunaz jabetzeko, zein boluntariotza ezagutzeko programa ere bada.
Baina zer da Erasmus+?
Europar Batasuneko programa bat da, hezkuntza eta formakuntza bermatzea helburu duena. Egun Erasmus + egitasmoak Goi mailako, Lanbide Heziketako, Lehen eta Bigarren hezkuntzako zein helduentzako formakuntza aukerak eskaintzen ditu. 2014tik plus (+) gehigarriari esker hezkuntza alorreko ondorengo programa guztiak beregain hartzen ditu: Erasmus, Leonardo da Vinci, Comenius, Grundtvig, Jean Monnet, Erasmus Mundus, Alfa, Edulink, Gazteak Ekinean eta kirolak.
Erasmus testigantza
Iratxe Reparaz (Arbizuarra), 21 urteko ikaslea da eta joan den ikasturtean (2015/2016) Milanen izan zen lau hilabeteko bat pasatzen Erasmus + programari esker. Egun Publizitate ikasketak amaitzen ari da Leioako EHUko fakultatean eta Italia alden bizitakoak kontatu dizkigu.
Zer muduzko egonaldia izan zenuen?
Milanen beste bi euskaldunekin partekatu nuen pisua. Bata arkitektura ikaslea zen eta bestea gorputz hezkuntzakoa. Oso garestiak dira bertan alokairuak eta ikasle asko Milandik kanpo bizi da horregatik. Erasmus bekari esker gastu batzuk ordaintzeko aukera izan nuen baina bekak ez du denerako ematen. Jendearekin komunikatzeko ez nuen arazo handirik izan. Nik italiera pixka bat ikasi nuen joan aurretik, baina egia esan bertan praktikatu nuen gehien.
Kontaiguzu zure unibertsitateari buruz zerbait?
Milanen izan nintzen Sacro Cuore unibertsitatean. Bertan publizitatea baino marketingarekin loturiko ikasketak lantzen dituzte. Besteak beste, errealitate birtualari loturiko proiektu bat egiteko aukera izan nuen unibertsitateko beste bi ikaskiderekin, baina tamalez azkenean ezin izan genuen amaitu. Ideia mundiala zen, Milango txoko ezkutuak jendeari erakustea zen asmoa errealitate birtualaz baliatuz.
Eta festak eta giroa nolakoa zen?
Erasmus festa ugari daude eta han ezagutu nituen nire lagun berriak izango zirenak: Norbegia, Australia, Italia. eta beste hainbat tokitakoak. Sare sozialen bidez oraindik harremana mantentzen dut beraiekin.
Familiako kideak eta lagunak bisitan etorri zitzaizkizun?
Bai, hainbat bisita izan nituen eta ia astebururo ibiltzen nintzen gidari lanetan. Nik batez ere Italian zehar bidaiatzeko aukera izan nuen, eta bertako bazter bereziak ezagutu nituen lagun italiarrei esker. Nire txokorik gogokoena Como lakua zen, Lonbardia inguruan dagoena.
Zer da zuretzat Erasmus esperientziaren onena?
Bestela ezagutuko ez zenuen jende berria ezagutzeko aukera ematen dizu. Pertsonalki asko asebetetzen zaitu: begiak zabaltzen laguntzen dizu, eskemak apurtzen eta besteak ez epaitzen. Orain hona datozen atzerritarrak ezberdin ikusten ditut.
Gomendagarria al da Erasmus? baduzu gomendiorik beka eskatzeko asmotan daudenentzat?
Jakina. Oso aberasgarria den esperientzia pertsonala da. Nik lasai hartzeko esango nieke ikasle berriei eta topera bizitzeko segunduak eta minutuak, bizkor ihes egiten dutelako. Denok bizi dugu ondoren pasatakoaren nostalgia.
Argazkiak: Iratxe Reparaz