Gernikar zientzialari gazte bat Berkeleyko Unibertsitatean ikerlari lanean

Gernikar zientzialari gazte bat Berkeleyko Unibertsitatean ikerlari lanean
egilea: Gazteaukera,
Maite Goiriena Goikoetxea 27 urteko gernikarra da. Ingeniaritza Kimikoa ikasi zuen Bilbon eta gero, zientzia oinarrizkoagora salto egin nahian, "New Materials" izeneko masterra egin zuen Leioako kanpusean. Bertan, "Magnetismoa eta Material Magnetikoak" ikerketa taldean sartu zen eta doktoretza egin zuen BCMaterials-ek (Basque Center for Materials) finantziatuta. Bere tesian nanopartikula magnetikoak fabrikatu zituen minbiziaren aurkako terapia berri baten oinarri bezala. Cambridge-ko unibertsitatean ere izan zen pasa den urtean, tesiaren zati bat bertan garatzeko. Aste honetan bertan Kalifornia Berkeley-ko unibertsitatean hasi da lanean ikerlari moduan.
Kimika ikasketak egiteak bere frutuak eman dizkizula dirudi, nolakoa izan da zure ibilbidea? (unibertsitatea, doktoretza.)
Orain hasi naiz frutuak jasotzen egia esan: doktore titulua, argitaratutako artikuluak eta Berkeley-ko postu honekin. Maratoi luzea izan da orainarteko ibilbidea, ingeniaritza ikasketak, masterra eta ia bost urteko tesia. Baina orain esan dezaket pena merezi izan duela esfortzu guztiak.
Estatu Batuetako Berkeley unibertsitatera, nola heldu zara?
Dublinen ospatu zen kongresu batean Berkeley Unibertsitateko ikerlari bat ezagutu nuen. Bere ikerketa taldea postdoc baten bila zebilela esan zidan eta nire perfila egokia izan zitekeela. Aste batzuetara bere taldeko zuzendariarekin bideo-dei bidez elkarrizketa izan ostean, ni bertara joatea gustatuko litzaiokela esan zidan. Eta hilabete pare baten buruan, hementxe nago! Batzuetan gauzak errazak izaten dira zorionez.
Zer ikertzeko asmoa duzu eta zenbait denbora geldituko zarela uste duzu?
Ikerketaren helburua 3D nano-inprimatzaile bat fabrikatzea da, nanopartikula magnetikoetatik abiatuta egitura tridimentsionalak eraikitzeko. Gailu horren diseinuaz eta fabrikazioaz arduratuko naiz batik bat. Egonaldiak urte bat edo bi iraungo du, zientziak bere denbora behar du!
Egun gutxi daramatzazu Kalifornian, baina nolakoa da giroa unibertsitatean eta kalean?
Giroa guztiz internazionala eta gaztea da. University of California Berkeley (UC Berkeley) unibertsitate publikoa da eta ikasketa eta ikerkuntza eskaintza izugarri handia du. Kanpusa parke natural handi bat da eta Berkeley herrian bertan kokatuta dago, beraz herri osoan antzematen da jakinminezko giro gazte eta aktibo hori. Nik oso gustoko dut.
Zerk harritu zaitu gehien orain arte Estatu Batuetan ikusitakotik?
Batez ere jendearen hurbiltasunak, hegazkinetik jaitsi nintzen momentutik edonor hasten zitzaidan hitz egiten. Trenean esate baterako, ezezagun baten alboan jesarriz gero gehienetan elkarrizketarako gogoa izaten dute, horrelakorik ez da ikusten Bilboko metroan! Horretaz gain, amets amerikarraren ilusioa ere nabaria da, mundu osoak dauka bere etxetxo partikularra, bere bi kotxe erraldoi eta txakurra, baina aldi berean eskale asko ere ikusten dira kaleetan, desoreka ekonomikoa oso nabaria da.
Gazte izanik aukera ona dela uste duzu kanpora joatea ikasketak osatu eta mundua ezagutzera?
Nik uste dut kanpora joatea ikastera zein lan egitera aukera ona dela beti ere norberak horretarako gogoa badauka. "Kanpora joan behar duzu" esaldia ez dut bat ere gustoko. Jende gazte eta ez hain gazte askok kanpora joateko beharrizana izan dute euren gogoz kontra, hemen ematen ez dizkiguten aukeren bila, oso tristea iruditzen zait egoera hori. Hala ere, aukera eta gogoa izanez gero, ez pentsatu bi aldiz, esperientzia oso aberasgarria da.