'Inspirazio pilulak': Ander Izagirre, kazetari botaduna

'Inspirazio pilulak': Ander Izagirre, kazetari botaduna
egilea: Gazteaukera,
Idazlea da Ander Izagirre (Donostia 1976). Erreportajeak, kronikak, liburuak eta bestelako testu ugari publikazten ditu komunikabide ezberdinetan; National Geographic, CNN, Altaïr, Jot Down, Traveler, Lonely Planet Magazine, Papel, Nuestro Tiempo, FronteraD, Popoli, Pie Izquierdo, Pikara, Pyrenaica, Argia, Nora, El Diario Vasco, El Correo, El País, El Mundo, La Voz de Galicia, Deia, Noticias de Gipuzkoa, Gara, Berria. Kirolzale eta bidaiazale amorratua ere bada eta munduko bazter ezberdinetan ibili izan da jendearen bizimodua gertutik ezagutu eta kontatzen.
Kazetari, idazle, blogari eta bidaizale amorratua. nondik datorkizu historia txiki baina indartsuak kontatzeko grina hori?
Besteekiko jakin-mina da: jendearen bizimoduak oso desberdinak dira munduan zehar, beti jakin nahi izan dut nola bizi den Boliviako neska meatzari bat, Groenlandiako ehiztari inuit bat, Mexikoko auzo pobre bateko ume musikari bat. Pertsona horiek ezagutu nahi ditut, istorioak ondo ulertu eta gero idatzi. Txikitatik abentura-nobelak, kronikak, egunkariak irakurtzea gustatu izan zait, beste gizakien istorioak ezagutzea erakargarria iruditzen zait.
Zure blogean "Botadun kazetari" gisa definitzen duzu zure burua, zer esan nahi du honek?
Kanpora irten behar dela uste dudala, kazetari bezala aulkitik altxa, ordenagailua utzi eta munduan gora eta behera ibili behar dudala jendearengana hurbiltzeko.
[caption id="attachment_13209" align="aligncenter" width="600"] Karakorum mendikatean lanean (Pakistanen)[/caption]
Kontzientzia soziala pizten duten hainbat erreportaje eta liburu idatzi dituzu alde batetik, eta kirolari loturiko istoriak ere badituzu bizkarrean, bi alor hauek al dira zure pasio? Nola uztartzen dituzu?
Gaiak eta idazkera-estiloak aldatzea gustatzen zait: gehiago disfrutatzen dut eta gainera erreflexuak ematen dizkidala uste dut. Idaztea gimnasia egitea bezalakoa da, ariketa desberdinak egitea komeni da, giharre desberdinak lantzea, azkenean lan osoagoak eta aberatsagoak egin ahal izateko.
Berriki idatzi duzun Potosí liburua aurkezten ari zara han eta hemen, zer aurkituko dugu liburu honetan?
Boliviako meatzeetan, oso baldintza gogorretan lan egiten zuen 14 urteko neska bat ezagutu nuen duela urte batzuk. Berari buruzko erreportaje bat idatzi nuen, gero beste bidai bat egin nuen Boliviara, bere istorioa sakonago azaldu nahian: nolakoa den bere ingurua, bere familia, ze giro dagoen bere inguruan, zer gertatzen da Bolivian umeak hain goiz eta hain leku zailenetan lanean hasteko.
Sare sozialetan ere jo ta su aritzen zara, beharrazkoa al da publikoarekin harremanetan egotea eta zure lana "saltzea"?
Nire lana zabaltzeko modu interesgarria da, eta irakurle askok ere komentarioak egiten dizkidate. Informazioa bilatzeko ere oso tresna egokia da: aurreko azaroan Mexikora joan nintzen, eta joan aurretik, hango komunikabideak, elkarteak eta pertsona interesgarriak bilatu nituen sare sozialetan, oso informazio ona, bertakoa, lortu nuen horrela, erreportajeak prestatzen hasteko.
[caption id="attachment_13208" align="aligncenter" width="600"] Karakorum mendikatean lanean (Pakistanen)[/caption]
Nola ikusten duzu egungo gazte kazetarien egoera? Bizi al daiteke norbere gustoko lanak egitetik edo "kazetaritza independientetik"?
Nik ere ez dut horrelakorik lortu: neurri handi batean bai, urte asko pasa ditudalako kazetaritza independientea egiten eta orain errazagoa zaidalako komunikabide batzuei nire erreportajeak saltzea. Baina beti izan dut beste lanen bat egiteko beharra, soldata osatzeko, enkarguzko lanak: museo baterako testuak idaztea, geologo baten liburua zuzentzea, itzulpenak egitea. Diru hori gero bidaietan gastatzen dut, nire lana egiteko.
Gehitzekorik baduzu?
Norbaitek mundura ateratzeko eta istorioak kontatzeko bokazioa badauka, saiatu dadila. Ziurrenik, ezingo du hasieratik horretatik bizi, baina noizean behin bidai bat egiteko eta istorio bat bilatzeko aukera aurkituko du, aurrerago beste bat. Pazientzia eta ilusioa izanez gero, pixkanaka bidea egin daiteke: ez da oso lanbide segurua edo aberasgarria diru aldetik, baina zoragarria da! Nik ez nuke aldatuko, soldata finko baten truke.
Argazkiak: Ander Izagirre