Eman bostekoa Auzolandegiei!

Eman bostekoa Auzolandegiei!
egilea: Gazteaukera,
Asier Izagirre Sistiaga Pasai Donibaneko gazteak egindako kartelak eta leloak irabazi du, Auzolandegiak 2018 kartel lehiaketa. Euskal Filologia ikasketak eginak ditu eta bere zaletasunen artean bidaiatzea eta herrialde ezberdinetako jendea ezagutzea dagoela esan digu. Natura eta honekin harremana duten kirolak ere oso gustuko ditu.
Nola bururatu zitzaizun Auzolandegien kartel lehiaketan parte hartzea?
Gazteaukerako orrialdean kuxkuxean nenbilela izan nuen lehiaketa honen berri. Zera galdetu nion neure buruari: Zergatik ez duzu parte hartzen? Lehiaketa polita eta saria are politagoa, aurrera beraz!
Ezagutzen duzu programa, inoiz parte hartu duzu? (hala bada aipatu non, eta antzeko programaren batean parte hartu baduzu baita ere aipatu)
Noski, duela urte dezente auzolandegi batean hartu nuen parte. Ez nintzen urrunegi joan, Bergarako auzolandegi batean izan nintzen. Ez gara, ordea, oso urrutira joan behar abentura politak bizi eta jende berezia aurkitzeko. Auzolandegietaz gain, zenbait gazte proiektu eta boluntariotza programatan hartu dut parte Europa mailan.
Zer adierazi nahi izan duzu zure irudi eta leloarekin (Eman bostekoa!)?
Hamaika eskuk batera lan eginez milaka gauza egin daitezkeela azaldu nahi nuen. Guzti honi giro ona eta irribarre zabal bat gehitzen badizkiogu, talde lanaren inguruan esperientzia ederrak sor daitezkeela adierazi nahi nuen.
Saria irabaztea espero zenuen?
Egia esan zuen deia jaso nuenean lanean nengoen, beraz ezustean harrapatu ninduen deiak, are gehiago saria irabazi nuela esan zenidatenean. Eguna alaitu zenidaten eta albistea ingurukoekin partekatzeko gogo ederra eman zenidaten. Esperantza beti dago hor baina beste lehiakideen lanen kalitatea ikusi ondoren oso zorteko izan naizela uste dut.
Nora joatea gustatuko litzaizuke bidaian sariari esker?
Oraindik ez dut herrialde zehatz bat buruan. Albiste eder hau atzo jaso nuen eta dagoeneko hasi naiz nora eta noiz joango naizen pentsatzen. Hego eta zentro Amerikako herrialde asko ezagutzea gustatuko litzaidake, beraz aukera nire esku egonda, hamaika aldiz pentsatu beharko dut zein den momentu honetan bisitatzeko gogo gehien dudan lekua.
Horrelako lehiaketetan parte hartzera animatuko zenituzke gazteak?
Zalantzarik gabe! Ziur nago gazte guztiok dauzkagula lehiaketara aurkezteko moduko argazki edo lanak. Parte hartze prozesu sinplea izanda, edozein animatuko nuke hurrengo urtean parte hartzera, are gehiago saria zein den ikusita!