Espezializazioak bereizten zaitu

Espezializazioak bereizten zaitu
egilea: Gazteaukera,
Gazte askok, unibertsitateko gradua eskuratzen dutenean, graduondoko edo master batekin osatzen dituzte ikasketak. Lan-mundua zorrotza da, eta ezagutza aurreratuak balioesten ditu. Adibide ugari daude: Erizaintzako gradua amaitu duena Nutrizio eta Osasun Masterraren bidez espezializa daiteke; LH duala egiteak abantaila handia dakar, ikasketekin batera lortutako lan-esperientziagatik; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduak Kirolaren Kudeaketako masterrari bide eman diezaioke; gradu bikoitzek prestakuntza zeharkakoagoa eskaintzen dute, eta abar.
Espezializazioa atzerrian ikasiz lor daiteke baita ere; izan ere, nabarmen hobetzen du beste hizkuntza batzuetan komunikatzeko gaitasuna, eta lan-aukerak nazioartera zabaltzen ditu.
EHUk Etengabeko Prestakunta Ikastaroak ere eskaintzen ditu: gehienez ere 20 kreditu izaten dituzte, eta espezializazioa, birziklatzea eta ezagutzak zabaltzea dira horien helburu nagusiak. Bestalde, Lanbide Heziketak ere hainbat lanbide-arlorekin lotutako espezializazio-programak ditu.
Baina, prestakuntza akademikoaz gain, badira beste gauza batzuk. Agian, horrelako esaldiren bat entzungo zenuen inoiz: "berezko talentua du matematikarako", edo antzeko zerbait. Izan ere, baliteke pertsona batek trebetasun nabarmen bat izatea haurtzarotik, baina gure kasuan horrela ez bada, horrek ez du esan nahi arlo horretan edo beste edozeinetan maila bikaina lortu ezin dugunik. Ahaleginduz gero, gaitasun ugari garatu eta eskuratuko ditugu gure bizitzan zehar. Beraz, talentua eraiki egiten dela esan dezakegu. Ba al zekien, bada, Agatha Christiek idazten jaio zenean? Edo Usain Boltek oinez ibiltzen?...
Beraz, gaitasunak eskuratzea eta erabiltzea gure bereizgarriak izan daitezke. Mota askotakoak daude: digitalak, produkzioaren arlokoak, teknologikoak, sozialak, emozionalak, sormenezkoak, linguistikoak, naturalistak, etab. Esan dezakegu erakusten ditugun jarrerek definitzen gaituztela, eta hobeto egokituko gara lanpostu batera zenbait jarrera kontzienteki garatu eta landu baditugu: irribarre egitea edo ez egitea hautatu dezakegu, gure zereginak amaitu ditzakegu edo amaitu gabe utz ditzakegu, talde-lan batean ekarpenak egin ditzakegu edo gure dohainak erakusteko gorde ditzakegu, etab.
Laburbilduz, zure ezaugarri pertsonalekin bat etorriko den eta zure gaitasunak areagotzeko aukera emango dizun prestakuntza bat aukeratzeak, zalantzarik gabe, erraztu egingo du zure izaerarekin bat datorren lanbide profesional atsegin baterako bidea.
Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera