Sareko prestakuntza: oraina eta geroa

Sareko prestakuntza: oraina eta geroa
egilea: Gazteaukera,
COVID-19aren eraginez, hezkuntzaren eta prestakuntzaren esparruek ingurune digitalera jo dute neurri handi batean.
Tresna eta baliabide berriak jarri dira egoera berrira egokitu direnen zerbitzura, eta irakaskuntza digitalaren aukera ugari baliatzen dituzte, bai titulazio ofizial bat lortzeko hezkuntza formalean, bai hezkuntza ez-formalean.
Badirudi hezkuntzaren arloa erabat aldatu duela egoera honek, eta teknologiaren erabilera nagusitu da irakaskuntza birtualerako, abantaila ugari baititu: ikaskuntza malgutzea, espazioaren eta denboraren gorabeheretara egokitzea, ezagutzak eskuratzeko erritmoa errespetatzea eta tresna didaktiko interaktibo ugari erabiltzea.
Dagoeneko erabaki baduzu sareko prestakuntza aukera ona dela zuretzat, ikastaro on bat hautatu behar duzu, zure beharrei benetan erantzungo diena, eta prestakuntza ematen duen erakundeak izen ona duela eta kalitatea eskaintzen duela ziurtatu behar duzu. Horretarako, ez begiratu ikastaroaren izenari soilik, berrikusi zehatz-mehatz edukiak eta gaiak, eta egiaztatu beste ikasle batzuen ebaluazioak eta iruzkinak. Ziurtatu, halaber, lortuko duzun titulazioak zuk bilatzen dituzun balioa eta erabilgarritasuna dituela.
Zure Interneterako konexioak ondo funtzionatu behar du, eta hobe da eskolak sakelakoaren bidez soilik ez jarraitzea; ordenagailu batek eta ondo hornitutako gune batek asko lagunduko dizute. Ikastaroak ikasketa-talde bat baldin badu sare sozialetan, ez izan zalantzarik, batu talde horretara; ondo etorriko zaizu motibazioa areagotzeko eta esperientziak eta zalantzak trukatzeko.
Ez gara gazteen hezkuntza formalaz bakarrik ari, langileen eguneratzeak eta espezializazioak ere garrantzia handia dute. Alde horretatik, e-learning prestakuntzak zeregin garrantzitsua betetzen du hezkuntza iraunkorrean, lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera ematen baitu.
Azkenik, doako edukien hornidurari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Hiru.eus ataria jarri du euskal herritarren eskura; hezkuntza-atari bat da, eta hezkuntza-zerbitzu publikoak eskaintzen ditu Internet bidez.
Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera