Lanbide-espezializazioa: beste bultzada bat

egilea: Gazteaukera,
Lan-eremuan aldaketak ikusten ditugu etengabe, beharrak eta eskariak behin eta berriz aldatzen baitira. Unibertsitateko edo lanbide-heziketako titulu bat lortzeak abantaila handiak eskaintzen ditu; baina, era berean, espezializazioaren mesedetan esan dezakegu etengabeko ikaskuntza beharrezkoa dela, eta hori dela eta, ziurtagiriak aipatu behar dira arlo horrekin lotuta.
Baina, zer dira Profesionaltasun Ziurtagiriak? Nola lortzen dira? Bide formala Lanbidek eskaintzen duena da, izaera ofizialeko gaitasun profesionalak egiaztatzeko modu iraunkorrean irekita dagoen prozedura baten bidez. Egiaztatze horrek lan-merkatuan identifikatutako lan-jarduera bat garatzeko aukera emango du: instalazioak, arreta sozio-sanitarioa, gainazalen eta altzarien garbiketa, ekipoen manipulazioa, produktu grafikoen diseinua, etab. 600 baino gehiago daude, 26 lanbide-familiatan antolatuta. Prestakuntza ez da bide bakarra, hala ere, sektore bateko esperientzia profesionala aitortuz ziurtagiria lortzea ere aurreikusten baita.
Dena den, enplegua bilatu edo berau hobetu nahi duen edonork izan dezake beste gaitasun batzuk egiaztatzeko interesa, hala nola hizkuntza-gaitasunarekin eta teknologiaren esparruko trebetasunekin lotutakoak. Azken batean, ezagutza edo trebetasun batzuk egiaztatzen dituen dokumentu ofiziala, agintaritzak emandakoa, edukitzea da kontua. Ikuspegi praktikotik, horrek curriculuma indartzeaz gain, bermea ere eskaintzen dio etorkizunean zure lantoki izan daitekeen enpresari.
Hizkuntzei dagokienez, gaur egun ez da nahikoa hau esatea: “ingeleseko maila ertaina dut” edo “nik etxean, beti euskaraz”. Izan ere, enplegu edo beka bati begira ezinbesteko baldintza da hizkuntzen ezagutza egiaztatzea. Ziurtagiri ugari daude, eta erakunde askok ematen dituzte ziurtagiri horiek; horregatik, behar bezala informatzea eta ondo aukeratzea komeni da.
Teknologiaren arloko trebetasunak ere adibide onak dira; izan ere, nahiz eta, ustez, gazteek (“natibo digitalak”) trebetasun teknologiko handiak dituzten eta mundu digitalean lan egiteko eskakizunei erantzun diezaieketen, ezagutza eta trebetasun horiek ziurtagirien bidez egiaztatu behar dituzte, enpresa askok hala eskatzen baitute hautaketa-prozesuetan.
Alde horretatik, gaitasun digitalak ziurtatzeko IT-Txartelen sistema azpimarratu nahi dugu, informatika-ezagutzak objektiboki ebaluatzeko aukera ematen baitu. Ziurtagiri horiek lortzeko, programa informatikoen (Word, Power Point), kalkulu-orrien (Excel, Access), nabigatzaileen eta abarren erabilerarekin lotutako proba batzuk gainditu behar dira. IT-Txartela programak egiaztatutako zentro ofizialetan egiten dira probak, eta doakoak dira. Gainera, maiz ziurtagiri horiek lanpostu publiko jakin batzuetan sartzeko errekerimendua izan ohi dira.