Artikuluak

LH letra larriz idazten da

LH letra larriz idazten da

egilea: Gazteaukera, 

Lanbide Heziketak betekizun ukaezina du pertsonen prestakuntzan eta enpresen beharrei erantzuna emateko orduan.

Esan daiteke EAEko gazteek eta familiek, neska mutilek DBH edo Batxillergoa amaitutakoan, hezkuntza-aukera hori hobeto ezagutzen dutela eta balio gehiago ematen diotela. Izan ere, Euskadiko LHko matrikulazioen ehunekoa, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntza guztiekin alderatuta, % 33,68koa izan zen 2015-2016 ikasturtean, eta % 35,2ra iritsi zen 2020-2021 ikasturtean.

Kopuru horiek erabat berretsi egiten dute Lanbide Heziketak merezi duen izen ona. Prestakuntza hori amaitu dutenek, lortzen duten enplegu-maila adierazgarria da: Euskadiko LHko ikasleen % 88k (are gehiago Prestakuntza Dualaren kasuan) lana aurkitzen du. Gainera, Lanbide Heziketak erantzuten die euskal enpresek egindako 10 lan-eskaintzatik 6ri.

Lanbide Heziketak gazteen enplegagarritasuna hobetzen du, zalantzarik gabe. Gainera, Euskadin beste arrazoi bat egongo da hori bultzatzeko: gaur egun lanean daudenak zahartzea, datozen urteetan lan merkatuan eragina izango duena. Horrek esan nahi du langile horiek utzitako hutsunea, neurri handi batean, bete beharko dutela ekoizpen-behar horietara egokitzen den prestakuntza dutenek.

Bestalde, Lanbide Heziketako Euskal Plan berria sartuko da indarrean, eta enplegagarritasunean prestakuntza horrek duen protagonismoa indartuko du plan horrek. Euskadin Lanbide Heziketa bultzatzen jarraitzea du helburu planak, euskal gizarteak dituen erronkei erantzungo dien prestakuntza lortzeko bidean.

Horri guztiari gehitu behar zaio, LHn prestatutako langileak izateari esker industria-enpresak lortzen ari diren emaitzak oso positiboak direla, LHren Behatokiaren txostenaren arabera; izan ere, honako helburu hauek lortzen ari dira: salmenta handiagoak, produktibitate handiagoa, lehiakortasun handiagoa, soldata hobeak, inbertsio handiagoa eta etekin handiagoak. Gainera, enpresek langile horiei egonkortasun handiagoa eskaintzen diete enpleguan, eta haien prestakuntzaren eta trebakuntzaren aldeko apustua egiten ari dira, beste prestakuntza mota bat duten langileei zuzendutakoa baino askoaz handiagoa dena.

Gauza jakina denez, industria da euskal ekonomiaren funtsezko motorra, eta, horren ondorioz, 2020-2021 ikasturtean industria-ikasketak aukeratu zituzten ikasleen ehunekoa handia izan zen, % 43koa, hain zuzen ere; Estatuan, berriz, ehuneko hori % 21,7koa izan zen. Hezkuntza-sistemaren eta produkzio-sistemaren arteko lotura hori erakundeen ahaleginen emaitza da, eta harro gaude horretan; gainera, erantzun eraginkorra ematen ari zaie hemengo enpresen beharrei.

Hala, bada, Euskadiko Lanbide Heziketaren prestakuntza-eskaintza oso zabala da, 170 titulazio baino gehiago eskaintzen ditu, 26 arlotan multzokatuta, eta horiek hainbat kategoriatako heziketa-zikloak hartzen dituzte barnean: Oinarrizkoa, Erdi-mailakoa eta Goi-mailakoa. Eskuragarri dago jada 2022/2023 ikasturterako Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintza Euskadiko ikastetxe publikoetan edo itunpeko ikastetxe pribatuetan. Ikasleek egiten duten aukeraketa bat dator haien gustu eta interesekin. Hau da Euskadiko zazpi lanbide-arlo hautatuenen lehentasun-ordena: Fabrikazio Mekanikoa, Elektrizitatea eta Elektronika, Osasungintza, Administrazioa eta Kudeaketa, Informatika eta Komunikazioak, Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Instalatze- eta Mantentze-lanak.

Amaitzeko, benetan desiragarria da LHk garapen pertsonal eta profesionalerako eskaintzen dituen aukera handien ikuspegi horri eustea.