Sare sozialak: abantailak klik batean
egilea: Gazteaukera,
Ukaezina da belaunaldi gazteenak mundu birtualean erabat murgilduta bizi direla, eta sare sozialek komunikatzeko moduak aldatu dituztela, bai esparru pertsonalean bai profesionalean. Facebook, Youtube, Whatsapp, Instagram, Twitter eta antzeko sareek eskaintzen dute berehalakotasuna, edozein edukitarako sarbidea, eguneroko gertakizunen berri izatea eta edonorekin etengabe harremanetan jartzea, hiri berean egon beharrik gabe.
Hala ere, ez ditugu ahaztu behar sareak erabiltzeak dakartzan arriskuak, pribatutasunari eta segurtasunari eragin baitiezaiekete; batez ere, erabiltzaile gazteenen kasuan, gerta baitakieke beren intimitatea eta irudia urratuta izatea, edo mendekotasun-arazoak edukitzea.
Hala ere, oraingo honetan sareek eskaintzen dizkiguten aukeretan jarriko dugu gure arreta. Lehenik eta behin, esan behar dugu sare sozialek mundua hobeto ulertzen, ezagutzak eskuratzen eta mugak gainditzen laguntzen dutela. Horregatik, aukera ugaritzan esku hartu ahal izateko ezinbestekoa da sare sozialetan egotea: harreman pertsonalak eta profesionalak ezartzeko; kezkak eta proiektuak partekatzeko; ikasketak aukeratzerakoan esperientziak trukatzeko; eta lekuei, bidaiei, ikasketei, bekei, aisialdi guneei, emantzipaziorako aukerei eta abarri buruzko informazio erabilgarria eskuratzeko. Eta ez dugu ahaztu behar sare sozialak ikus-entzunezko, musikako eta beste arlo askotako entretenimendu-iturri handiak direla (YouTubek edozein telebista-katek baino jarraipen handiagoa du).
Eta lana bilatzeko unea iristen denean, sare sozialak ezinbesteko tresnak dira, alde batetik, harreman-sarea sortzeko eta handitzeko aukera ematen baitute eta, bestetik, egon daitezkeen lan-eskaintzak eskuratzeko aukera ere ematen baitute. Hona hemen aholku erabilgarri batzuk:
- Erabili sare sozial bat baino gehiago: Facebook, Twitter eta berariazko beste batzuk, hala nola Linkedin.
- Zaindu zure profila sarean, zure marka pertsonala baita. Izan ere, besteren konturako lana bilatzen baduzu edo ezagutzera eman nahi duzun proiekturen bat baduzu, proiektatzen duzun irudia oso garrantzitsua da.
- Bereizi profilak, harreman pertsonalak eta alderdi profesionala ez nahasteko; azken batean, zaindu zure pribatutasuna eta eskaini nortasun profesional kalkulatua.
- Zaindu segurtasuna, eta agertu interesa erabiltzen ari zaren espazio digitalaren erabilera- eta pribatutasun-baldintzen inguruan.
- Erabili hizkera egokia; oro har, tonua arina, bizia eta espontaneoa izaten da, eta bilatu elkarreragina, baina kontuan izan sare bakoitzak bere estiloa duela.
- Erabili sareak jarraikitasunez. Nola? Facebooken artikulu interesgarriak partekatuz, Twitterren informazio berri bat jasoz, Instagramera argazki bat igoz eta komunitatean iruzkin bat eginez, “gustukoa dut” adieraziz eta abar.