Nola adierazi gaitasunak curriculumean

egilea: Gazteaukera,
Jarri langileen hautaketa egiten ari den eta bere enpresan jasotako curriculumak berrikusten ari den pertsonaren kasuan. Zurea haien artean dago.
Zu ezagutzeko, langileak hautatzen dituen pertsonak zuk bidalitako dokumentua, agian aurkezpen-gutun batekin batera, baino ez du eskura. Zalantzarik gabe, prestakuntzaren eta esperientziaren atalek hautagaiaren maila teknikoaren eta lanbideaz duen ezagutzaren berri ematen dute; hala ere, hori ez da nahikoa, curriculumean gaitasunak ere adierazi behar baitira.
Baina zer gaitasunez ari gara? Zehazki, ari gara lanpostu bat betetzeko abileziez, indarguneez eta trebetasun pertsonalez.
Kontuan izan hautaketa batean gaitasunek garrantzi handia dutela, hautagaiak nola lan egiten duen ulertzen laguntzen dutelako. Balio subjetiboak direnez pertsona batzuek ez dute egia osoa esaten gaitasunak adierazten dituztenean, baina ez da komeni horrelakorik egitea. Egokiena da trebetasun pertsonalak modu zintzoan eta, beraz, sinesgarrian adieraztea.
Ezin dugu ahaztu hautaketa-prozesu bat ez dela amaitzen aurkezpen-gutuna eta curriculuma azalduta. Hautagaiek elkarrizketa pertsonala egin beharko dute, eta, agian, gaitasunak ebaluatzeko zenbait proba ere bai: test psikoteknikoak, talde-dinamikak edo lanbidearekin lotutako proba praktikoak. Horrek ez du esan nahi norberaren gaitasunak zalantzan jarri behar direnik, baina ez da komeni errealitatetik urruntzea edo gure gaitasunak puztea.
Hala eta guztiz ere, gaitasunei zuzendutako curriculumeko atala garatzean, komeni da jende askok jartzen dituen ezaugarri hauetatik aldentzea: erantzulea, puntuala, ordenatua... Ematen du zerbait jarri behar delako jartzen dela eta sinesgarritasuna galtzen da. Gure burua besteengandik bereizteko gure izaerarekin bat datozen gaitasunak eta, trebetasunak adierazi behar dira, geure idazkera propioa erabiliz; nabaritu behar da analisi pertsonala egin duzula eta nolakotasun horiek benetan zureak direla. Ez duzu ahaztu behar hori dela zure aurkezpen-txartela.
Bada beste zerbait ere: gaitasunek bat etorri behar dute lortu nahi duzun lanpostuaren ezaugarriekin. Esate baterako, irakasle gisa lan egiteko, ezinbestekoa izango da enpatia eta komunikatzeko abilezia izatea, eta ez hainbeste, ordea, metodoak betetzearekin eta sistematizazioarekin lotutako abileziak izatea; azken horiek, adibidez, ezinbestekoak izango dira laborategi kliniko batean jarduteko.
Beraz, sektoreen arabera, honako gaitasun hauek har ditzakezu kontuan:
- Komunikatiboak: ahozkoa, idatzizkoa, gorputz-adierazpena, entzutekoa…
- Motibaziozkoak: lorpenetarako orientazioa, frustrazioa jasatea…
- Harremanetarakoak: enpatia, asertibotasuna, lidergoa…
- Antolaketarekin lotutakoak: talde-lana, proiektuen kudeaketa, zereginak lehenestea…
Azken batean, gogoan izan zure talentu pertsonalak ahalbidetuko dituela zure lanpostuan nabarmentzeko eta eguneroko jardunean arrakasta lortzeko aukerak.