_______________________________________________
Gazte Planaren indarraldiaren erdialdera, 2000ko martxoan, Planaren garapenaren hasierako balorazioa egin zuen Gazte Planaren Batzorde Teknikoak. Bertan hiru azterketa maila adostu ziren, Planaren kudeaketa hobetuko zuten elementu jakin batzuk txertatze aldera:
Bi lan-arlo ezarri ziren kudeaketaren ebaluazioan jasotako alderdietatik konplexutasun handikoak zirenetan sakontze aldera, batetik, zailtasunak aztertu eta, bestetik, erakunde arteko ekintzetarako eta Plana bultzatzeko mekanismoetarako konponbideak proposatzeko. Zenbait erakundek partekaturiko erantzukizunpeko ekintzak aplikatzeko, operatiboki formulatuta zeuden baina inongo planetan ez zeuden edo praktikan jartzeko berariazko taxuketarik ez zuten erakunde arteko 24 ekintza hautatu zituen Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordeak. 2000ko apiriletik ekainera bitartean erakunde arteko hamabost lantalde aritu ziren 24 ekintzetako bakoitzaren garapen eredu adostuan lanean, sei arlotan multzokaturik (I Zerga pizgarriak, II Gazteen kontratazioa sustatzeko administrazio neurriak, III Hezkuntza, lana eta inguruarekiko hurbilketa, IV Gazteen aisia eta kultura, V Gazteak eta landa garapena eta VI Osasun hezkuntza). Gainera, ekintza bakoitzean komunak diren lan-ildoak sistematizatu ziren ikuspuntu globaletik. Lan-ildo horiek, ikuspuntu operatibotik, zeharkako hiru lerrori egokitu zitzaizkien: egin beharreko diagnostikoak, martxan jarri beharreko komunikazio planak eta Zuzendaritza Batzordeak ebatzi beharreko eskariak.
Gazte Plana bultzatzeko estrategiak taxutzeko prozesu bat abiarazi zen. Prozesuan hausnarketarako zazpi lantaldek hartu zuten parte. Lantalde bakoitza erakunde bakoitzeko teknikariek, gizarte eragileek eta gazteek osaturik zegoen eta I. Gazte Planaren ahulgune nagusiak aztertu zituzten 2000ko urritik abendura bitartean. Horrek, funtsean, II. Gazte Planari bultzada berria eman dio bost arlotan (I Gizarte eragileak, II Komunikazio plana, III Bakoitzari egokitutako planak, IV Planen koordinazioa eta V Gazteak inplikatzea).
Gazte Planaren aplikazioaren azkeneko fasean Zuzendaritza Batzordeak balorazio kualitatiboan oinarritutako prozesu bizi eta aberatsa bultzatu zuen. Prozesu horretan erakundeetako sail bakoitzak 2000ko azarotik eta 2001eko otsailera bitartean Planaren esku-hartze lerro eta ekintzen inguruko balorazio orokorra egin zuen, bai eta II. Plana lantzera begira kontuan hartu beharreko proposamenen aurrerapena ere. (Ikus II. Gazte Planaren argitalpena.) Gainera, aldi berean, I. Gazte Planaren ekintzetako bakoitzaren ebaluazioa gauzatu zuen sailetako bakoitzak. Horretarako ekintzaren garrantzia, gazteengan izango zuen inpaktua, Planean proposatutako esku-hartze ildoa estaltzearen egokitasuna, sailaren inplikazio politiko eta teknikoa eta erabilitako baliabide ekonomikoak baloratu ziren. Halaber, ekintza bakoitza II. Gazte Planean mantendu, ezabatu edo ekintza edo garapen modu berriak txertatzeko proposamena egin zuen, arrazoiak emanda. I. Gazte Plana egikaritzera begira erakunde bakoitzak bere tokia hartzea erreferentzia oso baliagarria izan da II. Gazte Plana lantzeko “ontziak” sortzeko garaian.
|
|
Azken eguneratzea: 2008/10/14 |