Atzerrian praktikak egiteko aukera

Atzerrian praktikak egiteko aukera

egilea: Gazteaukera, 

Ikasketak amaitu ostean, funtsezkoa izan daiteke lanbidearekin lotutako praktikak egitea (laguntzaile modura zenbait kasutan), prestakuntza garaian barneratutako ezaguerak eta trebetasunak praktikan jarri ahal izateko. Esperientzia izateak erraztu egin dezake lehen enplegua lortzeko bidea. Normalean, ingelesa ondo jakitea eskatuko da, eta kanpoko egonaldiak berak ingeles maila eta erabilera hobetzeko aukera emango dizu.

Askotariko sektoreetan egin daitezke praktikak: irakaskuntzan, ingeniaritzan, bezeroen arretan, hizkuntzen atalean, ostalaritzan, turismoan, logistikan, enpresa-administrazioan, marketinean... Ia unibertsitateko titulazio guztietan eta Lanbide Heziketako goi mailako gradu askotan eskaintzen den aukera da.

Praktikak egiteak denbora irabaztea esan nahi du, lanbide-orientazioa hobeto definitzen laguntzen baitu. Eta atzerrian praktika egiteak ekarpen berezia egingo dio curriculumari.  Batzuek beren "barruko harrak" bultzatuta jotzen dute beren herrialdetik kanpo lan- eta bizi-esperientzia bat bizitzera, eta, zenbaitetan, zer ikasi erabakitzerakoan ere kontuan hartu izan dute aukera hori... Edota oporretan, aukera izan orduko jo du zenbaitek Interrail bidez bidaiatzera.

Helmuga aukeratzerakoan, ezin genezake ukatu europarra den edonor nahiko erraz moldatuko dela Europan zehar, baina beste kontinenteetako herrialde askotan ere badira harrera-programak praktikak egin nahi dituztenentzat. Beraz, horietako edozein izan daiteke egokia eta aproposa praktikak egiteko.

Beste aukera bat da praktikaldiak bideratzen dituzten agentzia espezializatuekin harremanetan jartzea; normalean, kobratu egiten dute zerbitzu hori. Ez ditugu ahaztu behar bekadunentzat atzerrian lan egiteko eskaintzak biltzen dituzten Interneteko atariak; Idealist.org eta ErasmusIntern.org, adibidez.

Beka bidez ere egin daitezke praktikak atzerrian. Kasu horretan, soldata ez du ordaintzen lanean ari zaren enpresak, beka-deialdia egin duen erakundeak baizik. Hona hemen beka garrantzitsuenak: GLOBAL TRAININN bekak, Eusko Jaurlaritzak ematen dituenak, EHUrekin lankidetza; EPEZ bekak eta IKASLEPRAKTIKAK bekak, Erasmus+ programaren esparruan EHUk ematen dituenak, ARGO bekak, ICEX bekak, FARO bekak, VULCANUS bekak (praktikak Japonian egiteko), eta Leonardo bekak; Europar Batasuneko edozein herrialdetan lan-praktikak egiteko aukera ematen duten mugikortasun-bekak dira. Ikus dezakezunez, aukera ugari daude, baina argi ibili epeekin!

Kontuan izan COVID-19ak eragindako krisiak eragotzi egin duela atzerrian praktikak egiteko zenbait programa kaleratzea; berriro abiaraziko dira osasun-egoerak horretarako aukera ematen duenean.

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera