Autonomo faltsu gisa lan egiten duten pertsonak

Autonomo faltsu gisa lan egiten duten pertsonak

egilea: Gazteaukera, 

Hasteko, zehaztuko dugu pertsona autonomo batek ordainsari bat lortzeko lan bat egin ohi duela, eta ez dagoela lan-kontratu baten mende.

Ez da harritzekoa gazte batek lan-proiektu pertsonal bat garatu nahi izatea eta norberaren kontura lan egiteko formula aukeratzea; beste batzuetan, egoera ekonomiko prekarioei emandako irtenbide gisa ere iristen da pertsona bat autonomo izatera, hau da, premiagatik, bokazioagatik baino gehiago. Esan dezakegu aukera horietako edozein onargarria dela, baita ausarta ere, eta, batez ere, guztiz legezkoa dela.

Onartezina dena zera da, enpresa batek pertsona bati Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea exijitzea eta, hala ere, enplegatu-lanak egiteko eskatzea. Modu horretan, autonomoa enpresa horri esklusiboki lotuta egongo da, plantillan balego bezala, baina enpresak ez du Gizarte Segurantzan kotizatu behar.

Jakina denez, legeak eskubide eta onura batzuk esleitzen dizkiete kontratatutako pertsonei, eta “autonomo faltsu” horiek ez dituzte eskubide eta onura horiek jasotzen; egindako zerbitzuen faktura bat egiten dute eta autoenpleguak dakartzan betebeharrak jasan behar izaten dituzte.

Jardunbide txar eta iruzurrezko hori areagotu egiten da krisi-garaian eta prestakuntza handiko lanbideetara hedatzen da.

Pentsa dezagun norberaren kontura lan egiten duenaren eskuduntzak honako hauek direla: ordainsariak negoziatzea, mandatuak baztertzea, ordutegia finkatzea, zereginak bere irizpidearen arabera banatzea, lana hasteko eta amaitzeko denborak adostea… Hortik oso urrun dago enpresa bati lotutako pertsona, zehaztutako soldata jasotzen duena, ordutegi finkoa duena eta agindutako zereginak bere gain hartzen dituena, malgutasun txikiz.

Benetan darabilten lan-harremana ezkutatzen duten edo harreman horri garrantzia kentzen saiatzen diren lan-eskaintzen aurrean erne egotea komeni da. Enpresa horiek aurreztu egiten dituzte Gizarte Segurantzako kuotak, autonomoak ordaintzen baititu, ez dute baimen-egunik ordaintzeko beharrik, ez dute oporrik edo aparteko ordainsaririk ordaintzen, ez eta kitapenik edo lan-harremanen amaierako kalte-ordainik ere. Eta gaixotasunen edo lan-istripuen estaldura kotizazioa handituz lortzen da. 

Egoera hori argi erakusten duen adibide bat banaketak bizikletaz edo beste ibilgailu batez egiten dituzten “rider” edo janari-banatzaileen sektorea da. Lan-ikuskaritzek aditzera eman dutenez, soldatapeko langiletzat hartu behar dira, enpresaren eta banaketa egiten duen pertsonaren artean mendekotasun-harremana baitago. Egiaz, enpresentzat onuragarria da banatzaile horiek beren konturako langile gisa kontratatzea, izan ere, horrela haien zerbitzuak askoz errentagarriagoak dira enpresentzat, kotizazioei eta soldatei dagozkien kostuak aurrezten baitituzte.

Gaztebizhitza

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera