Elearning prestakuntzarekin bueltaka

Elearning prestakuntzarekin bueltaka

egilea: Gazteaukera, 

Zenbat aldiz begiratzen duzu zure mugikorrean egunean? Zenbat zeregin eta kontu kudeatzen dituzu ordenagailuaren edo tabletaren bidez?... Ez dago zalantzarik: teknologiak markatua du gure egunerokoa, etxetik irten gabe. Komunikazioa, informaziorako sarbidea, eta, nola ez, prestakuntza eta ikaskuntza errazten dizkigu.

Hezkuntzaren munduan, tresna digitalek ikasgelako eskolak indartzen dituzte, eta horrez gain, elearning prestakuntza ahalbidetzen dute; prestakuntza hori plataforma birtual baten bidez garatzen den urrutiko hezkuntza-sistema gisa definitzen da, eta teleprestakuntzaren, online prestakuntzaren, irakaskuntza birtualaren eta abarren sinonimoa da. Hezkuntza-modalitate hori hazten ari da, eta onarpen handia du, gailu informatiko bat eta Interneterako konexio bat baino ez baitira behar garatzeko.

Hauek dira eskaintzen dituen abantailak:

  • Denborari eta espazioari dagokienez, malgutasunez ikasteko aukera ematen du. Ez da beharrezkoa espazio berean aldi berean egotea, eta jarduera gehienak ordutegi-askatasunarekin egin daitezke, edozein ordutan sar baitaiteke; horrek aukera ematen du prestakuntza eta laneko eta etxeko bizitza uztartzeko.
  • Ikaskideen arteko interakzioa bultzatzen du, elearning plataforma gehienek harremanetan egoteko tresnak eskaintzen baitituzte. Online lankidetza-lanak, eztabaidarako edo kontsultarako foroak eta antzeko beste baliabide batzuk sustatzen dira.
  • Motibazioa indartzen du, ikaskuntza aktiboari esker. Bakoitzak zehazten du bere erritmoa eta kudeatzen du bere dedikazioa. Azken finean, bakoitzak modu aktiboan parte hartzen du bere ikaskuntza-prozesuan, bere gain hartzen baitu bere ikasketa antolatzeko ardura; eta horrela, eraginkorragoak eta sendoagoak dira barneratutako ezagutzak.
  • Jardueraren eta konexio-denboraren jarraipen pertsonalizatua egiteko aukera ematen du, bai eta ebaluazio zehatzak egitekoa eta foroetako parte-hartzea egiaztatzekoa ere. Pertsonalizazio maila horri esker, ezin hobea da errendimendua.
  • Online prestakuntzaren diseinua egokia bada, ikaskuntzarako ahalmena oso handia da, baliabideak eta materialak eskuragarri baitaude une oro; edukiak berehala eguneratzeko, azalpenak emateko eta berrikuntzak sartzeko aukera ematen du formatuak; eta baliabide birtualek (irudia, audioa, bideoa…) eragin positiboa izan dezakete ikaskuntzan.
  • Irakasleek laguntza eskaintzen dute, zalantzak argitzeko, orientabideak emateko, baliabideak gomendatzeko, etab.
  • Aurrez aurreko hezkuntzari lotutako kostuak murrizten dira, hala nola joan-etorriak, ostatua eta dietak.

Jada erabaki baduzu, gogoratu zein garrantzitsuak diren norberaren ahalegina eta diziplina, zure aurrerapena zeuk erregulatzeko eta ikaskuntzako helburuak lortzeko.

Gaztebizhitza

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera