Nola igaro hezkuntza-esparrutik lan-esparrura

Nola igaro hezkuntza-esparrutik lan-esparrura

egilea: Gazteaukera, 

Ikasketa-etaparen amaierak beste etapa bat hastea dakar; etapa berri horrek denbora gehiago edo gutxiago iraun dezake, lana bilatzen hasten den pertsonaren eta lan-testuinguruaren arabera. Egoera ezezagun bati egin behar diogu aurre, eta askotan, porrot egiteko beldurraren presioa eransten zaio egoera horri. Hala ere, argi izan behar dugu bizi beharreko beste fase bat dela, eta plangintzak lagundu egingo digula enplegurako bidean. Hona hemen lagungarri izan dakizkizukeen jarraibide batzuk:

  • Antolatu zure denbora.  Jar itzazu helburu lorgarriak, eta planifikatu helburu horiek lortzen lagunduko dizuten zereginak. Baliatu denbora hori, ezagutzak birziklatzeko edo hizkuntza bat hobeto ikasteko.
  • Sare sozialak zure aliatu handiak izan daitezke. Profil profesionalak irekitzeko unea da, hala nola Linkedin. Gogoratu zure bizitza agerian geratzen dela sare horietan, eta irudi profesionala erakustea dela interesatzen zaizuna; ez ahaztu, halaber, pertsona bat kontratatu nahi duenak publiko egin duzun hori guztia ikus dezakeela.
  • Enpresa batean praktikak egitea lan-merkatura lehenengo aldiz hurbiltzeko edota sartzeko modu bat izan daiteke.
  • Pentsatu duzu zeure enpresaren bat sortzea? Besterentzako lan egitea ez da irtenbide bakarra. Zeure negozioa sortzea, bakarka edo taldean, benetako aukera izan daiteke. Orain, baduzu aztertzeko denbora; beraz, pentsatu lasai.
  • Kontuan izan agenda xume bat lagungarri izango zaizula. Agenda horretan, zure eguneroko zereginak idatziko dituzu: curriculuma nora bidali duzun, zer ataritan erregistratu zaren, zer eskaintzari erantzun diozun, eta abar.
  • GAZTEAUKERA atarian, GazteBizHitza weborrian bezala, enplegu-zerbitzuei, lana bilatzeko eman beharreko pausoei eta enplegu publikoari buruzko informazio guztia eta eguneratua aurkituko duzu, eta baita esteka interesgarrien zerrenda luzea ere. Dena den, LANBIDE, Euskal Enplegu Zerbitzua ezinbesteko erreferentzia da; bilatzaile bat eskaintzen du bere lan-eskaintzekin, bai eta komunikabideetan eta enplegu publikoan argitaratutakoekin ere. Enplegurako orientazio-zerbitzu pertsonalizatua ere ematen du, profesionalen eskutik.

Horretaz gain, eta oraindik egin ez baduzu, sortu harreman-sare bat, zeure burua ezagutarazteko; batzuetan, gutxien espero duzun lekuan sortzen dira aukerak. Horregatik, joan zaitez interesatzen zaizkizun konferentzia, ikastaro, hitzaldi eta topaketetara. Irmotasunez jokatuz, lan eginez eta pazientzia-dosi handiekin, errazagoa egingo zaizu ikasketetatik lanerako pausoa ematea.

Gaztebizhitza

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera