Unibertsitate-kredituei buruzko zalantzak argitzen

Unibertsitate-kredituei buruzko zalantzak argitzen

egilea: Gazteaukera, 

Zer da kreditu bat?

ECTS (European Credit Transfer System) kreditua edo kreditu europarra ikasketetara bideratutako jarduera neurtzeko unitate bat da, eta erabiltzen da Europako unibertsitate-ikasketa ofizial guztiak akademikoki baloratzeko. Hala, unibertsitateko gradu-tituluak 240 ECTS kredituko iraupena du, lau urte akademikotan banatuta; bestalde, masterrek 60 eta 120 ECTS kreditu arteko iraupena dute, urte akademiko batean edo bitan banatuta.

Nola lortzen dira?

Irakasgaiak gaindituz lortzen dira, eta, gainera, unibertsitateak beste irakaskuntza edo merezimendu batzuk onar ditzake kreditu gisa: aurretik egindako unibertsitate-ikaskuntzak, nazioarteko mugikortasuneko programak, hizkuntzak, lan-esperientzia egiaztatua, praktikak (ikasketa-planak aurreikusten baditu), eta prestakuntzarekin lotutako beste jarduera batzuk, unibertsitate bakoitzak erabakitzen duenaren arabera.

Beste jarduera batzuk ere aintzat hartzen dira: kulturaren edo kirolaren arlokoak, ikasleen ordezkaritzarekin lotutakoak, elkartasunezkoak nahiz lankidetzazkoak… EHUk, adibidez, ikasketa-plan osoaren 6 kreditu ematen ditu gehienez jarduera horiek eginez gero, esteka honetan adierazten den bezala.

Zer abantaila eskaintzen ditu kreditu-sistemak?

Europako ikasleen mugikortasunaren kalitatea eta bolumena handitzen ditu; Europako goi-mailako hezkuntza bateragarriagoa, erakargarriagoa eta lehiakorragoa egiten du; ikasketa-programen ulermena hobetzen du; eta ikasleak Europako lan-merkatuan sartzea ere errazten du. 

Zer izapide izan behar dira kontuan?

Kredituak aitortzeko eskaera epe jakin batean egiten da, eta komeni da epe hori zein den jakitea, bai eta zer agiri aurkeztu behar diren eta zer tasa ordaindu behar diren ere.

Lanbide Heziketak ere badu kreditu-aitorpenik?

Goi-mailako LHko ikasketa jakin batzuen eta unibertsitate-gradu baten artean antzekotasuna dagoenean, LHko titulazioetarako kredituak aintzat har daitezke. Antzeko ikasgaien arteko lotura horri esker, LHko goi-mailako titulua duten ikasleak unibertsitatera igaro daitezke, zenbait ikasgai baliozkotuta.

Euskadin, EHUk LHko ziklo batzuk aitortuta eta baliokidetuta ditu, taula honetan jasotzen denaren arabera. Ildo beretik, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak kredituak aintzat hartzeko prozedura propioa dute, eta, beraz, komeni da informazioa beren webguneetan kontsultatzea.

Gaztebizhitza

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera