Lan-eremuan emakume izatea

Lan-eremuan emakume izatea

egilea: Gazteaukera, 

Emakumeek eta gizonek ez dituzte lan-baldintza berberak. Oro har, emakumeek okerrago baloratutako lanpostuak betetzen dituzte, eta gizonek baino ordainsari txikiagoak jasotzen dituzte. Izan ere, neurri handi batean, emakumeek hartzen dute beren gain ordaindu gabeko lanaren zati handi bat, hala nola etxeko lanak eta adingabeak eta adinekoak artatzea.

Arazo horri aztertzeko, komeni da kontuan hartzea soldata-arrakalaren kontzeptua, emakumeen eta gizonen batez besteko soldataren arteko aldea ehunekotan adierazten duena, eta oinarrizko soldata eta osagarriak barne hartzen dituena. Zoritxarrez, munduko eskualde guztietan, emakumeei gizonei baino gutxiago ordaintzen zaie, eta Euskadiren kasuan, Emakundek duela gutxi egindako azterlan baten arabera, soldata-arrakala % 22,6koa da; 35 urtetik beherako gazteen kasuan, berriz, % 20koa da arrakala hori. 

Hori guztia, eta legeak sexuagatiko soldata-diskriminazioa debekatzen duela aintzat hartuta, esan daiteke desoreka horren arrazoiak egiturazkoak direla. Ukaezina da emakumeak senideen zaintza eta etxeko lanak beren gain hartzera behartuta daudela. Euskal Autonomia Erkidegoan, Eustaten arabera, emakumeek etxeko lanen eta zainketen % 67,2 hartzen dute beren gain. Egoera horrek lanaldi partzialeko lanetara mugatzen ditu, eta eragozten die gizonek dituzten baldintza berdintasunetan aurrera egitea lan-merkatuan; horrez gain, “femeninotzat” jotzen diren lanak, hala nola garbitasuna, zaintzak eta jendearekiko arreta, okerrago baloratuta eta ordainduta daude.

Egiturazko diskriminazio horri beste faktore batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola lan “maskulinoekin” lotzen diren soldata-osagarriei dagozkienak: produktibitatea, arriskugarritasuna eta antzinatasuna; azken hori lan-bizitza egonkor eta luzeei lotuta dago, eta hori ez dator bat lanaldi partzialeko eta gaizki ordaindutako enpleguak dituzten emakume askoren egoerarekin.

Gazteen artean ere gertatzen da desoreka hori. Gaur egun, gazteek zailtasunak dituzte, oro har, laneratzeko, baina emakume gazteek are oztopo gehiago gainditu behar izaten dituzte. Frogatuta dago emakume gazteak daudela egoerarik ahulenean, ekonomiek lana bilatzen ari diren pertsona guztientzat enplegu kualifikatu nahikorik sortzen ez badute.

Ugariak dira lan esparruan ere berdintasuna lortu nahi izateko arrazoiak. Berdintasuna lortu behar da lehenik, eta argi eta garbi esan behar dugu, emakume langileen eskubideak errespetatu behar direlako; era berean, motibatuta dauden eta soldatekin pozik dauden pertsonekin bultzada handiagoa lortuko dugulako; azkenik, ez direlako atzean utzi behar guraso bakarreko familietako emakumeak. Azken batean, beharrezkoa da itun handi bat egitea zaintza-lanak gizonen eta emakumeen artean berdintasunez banatzeko, eta pertsona guztiek beren bizitza pertsonala eta lan-bizitza osotasunez garatu ahal izateko.

Gaztebizhitza

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera