Zer dira lan-poltsak?

Lan-poltsak

egilea: Gazteaukera, 

Sektore pribatuak ere lan-poltsak eskaintzen dituen arren, sektore publikoari begira jarriko gara. Administrazio publikoek (gobernu autonomoek, aldundiek, udalek, agentziek, unibertsitate publikoek, udal-euskaltegiek, hizkuntza-eskolek, musika-eskolek, mankomunitateek eta abarrek) sortzen dituzte lan-poltsak –enplegu publikoko poltsa ere esaten zaie–, eta, horien bitartez, aldi baterako langileak kontratatzeko beharrak asetzen dituzte, bajak edo lanpostu hutsak izan. Halaber, zereginen pilaketaren ondorioz edo aldi baterako programak gauzatzeko sortutako beharrei ere erantzun diezaiekete. Lan-poltsen behin-behinekotasun horrek bereizten ditu, funtsean, lan-poltsak eta oposizio batzuk gainditzean lortutako lanpostu finkoak.

Lanpostu finkoak betetzeko hautaketa-prozesu baten ondoren sor daiteke lan-poltsa bat. Lanpostu horiek emaitzarik onenak lortu dituztenek bete ondoren, ariketak gainditu dituzten pertsonak (edo nota zehatz bat lortu dutenak) poltsan gera daitezke; horrela, hautaketa deitu duen administrazioak lan-poltsa horietara jo ahal izango du, beste langile-premia batzuk sortuz gero.

Beste aukera bat enplegu-poltsak prozedura irekien bidez eratzea da. Hau da, aurkezten diren pertsonei eskatzen zaizkien ariketen helburu bakarra poltsa hori osatzea da. Azpimarratzekoa da kontratua aldi baterako izango dela beti, bitarteko funtzionario gisa edo administrazio publikoetako lan-kontratuko langile gisa. Hala ere, aldi jakin batean administrazio batean lan egin izanak esperientzia baliotsua ematen du, eta, oposizio bat eginez gero, merezimendu bihurtzen da.

Prozesu horietan parte hartu nahi duten pertsonek kontuan izan behar dute lan-poltsan sartzeko lehen urratsa poltsaren baldintza eta eskakizun guztiak betetzea dela, eta dokumentu guztiak epe barruan aurkeztu behar dituztela; beraz, kontu handiz zaindu behar dira eskabideak, dokumentuak eta abar aurkezteko datak.

Hautaketa-prozesuak askotariko merezimendu profesionalak eta/edo prestakuntzakoak eska edo aintzat har ditzake: hizkuntza-eskakizunak, gutxieneko oinarrizko titulazioa, lanpostuarekin lotutako titulazio akademikoa, nazionalitate jakin bat, gutxieneko edo gehieneko adina, gidabaimen jakin bat, lan-esperientzia, aldi jakin batean edo gutxieneko iraupen batekin egindako prestakuntza-ikastaroak, etab.

Ezinbesteko baldintzak egiaztatu ondoren, hautaketa-prozesua amaitzen da eta hautatuen zerrenda argitaratzen da. Hautaketa-prozesuko ariketetan eta merezimenduetan lortutako puntuazioek zehazten dute lan-poltsan daudenen lehentasun-hurrenkera, handienetik txikienera.  Askotan (ez beti), derrigorrezko probak gainditzeak hautaketa-prozesuan jarraitzea baldintzatzen du.

Normalean, erregistro-prozesua elektronikoki egiten da, hau da, Internet bidez, NAN elektronikoa edo indarrean dagoen ziurtagiri elektronikoa erabiliz. Izena emateko, galdetegi bat bete behar da eta sisteman alta eman, datu pertsonalak eta harremanetarako datuak adieraziz. Izena eman ondoren, poltsako informazioa eskuratu, hutsik dauden lanpostuak kontsultatu eta hautagaitzaren jarraipena egin ahal izango da.

Gaztebizhitza

Ikasketak, Lana zein Etxebizitzaren inguruko zalantzak argitzeko GazteBizHitza Euskadiko gazteentzako orientazio eta aholkularitza doako on-line zerbitzua da. Zuk aukeratu whatsappez, telefonoz zein emailez bota zure galdera