Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2017/06/08

'Adimen emozional ona izatea erlazionatuta dago pertsonen arteko harremana eta errendimendu hobea izatearekin, eta osasuntsuago, hobeto eta bizitzarekin gusturago egotearekin'

Natalia Alonso Albercak 'Adimen emozionala jardunean: gazteekin harreman hobea izateko tresnak? izeneko ikastaroa eman du, Donostian

Natalia Alonso Alberca Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko ikertzaileaNatalia Alonso Alberca Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko ikertzailea da, eta Delinkuentziari, Bazterketari eta Gizarte Harremanei buruzko taldeko kidea, non ikertzen baititu Adimen Emozionalaren garapena eta haren eginkizuna pertsonak psikosozialki egokitzeko. Hezitzailea den aldetik, hezkuntza-, enpresa- eta gizarte-erakundeetan jardun ohi du.

Emozioek oso funtzio garrantzitsua betetzen dute pertsonen egunerokoan, eta funtsezkoak izan dira gure espeziea bizirauteko. Izan ere, emozioek jakinarazten digute guretzat inportantea den zerbait gertatzen ari dela, laguntzen digute erabakiak hartzen, eta aldez aurretik prestatzen gaituzte jarduteko, haiek pizten baitizkigute inguruneak eskatzen digunari egokiro erantzuteko behar ditugun aldaketa fisiologikoak, kognitiboak eta konduktualak. Adimen Emozionala baliatzea da zentsuzko erabakiak hartzea zer sentitzen dugun kontuan hartuz, hau da, emozioek ematen diguten informazio aberatsari gehiago erreparatuz.

  • Zer da Adimen Emozionala?

Adimen Emozionala abilezia-multzo bat da, emozioetatik datorkigun informazioa prozesatu eta gure egokitzapenaren eta ongizatearen mesedetan erabiltzeko balio duena. Honela baliatzen dira abilezia emozional horiek: aurrena da guk sentitzen duguna eta besteek sentitzen dutena aintzat hartzea; jarraian, emozioen eta sentimenduen kausak eta ondorioak aztertzea; eta, ondoren, hori guztia modu eraikitzaile batez aprobetxatzeko eta kudeatzeko gauza izatea.

Adimen Emozionala ulertzeko zenbait modu daude. Mayer-ren eta Salovey-en Abilezia eredua (1997) da aplikatutako abal zientifiko handiena duena. Arlo emozionalarekin lotutako adimen espezifiko-mota bat dagoela planteatzen lehenak izan ziren, eta, haien ustez, bizitza osoan zehar hobetu daitezke abilezia emozionalak. Hala, gaur egun jada esperientzia ugarik ziurtatzen digutenez, arlo horretan zenbait abilezia hobetzeko aukera dugu, hala nola emozioak antzematekoa (geurea zein beste pertsona batzuena), sentitzen duguna segurtasunez eta erregulartasunez adieraztekoa, bai eta esperientzia emozionalen zergatiak eta ondorioak antzematekoa, eta gure zein besteen emozioak kudeatzekoa ere.

  • Zer ekar dakiguke Adimen Emozionalak?

Oraindik arlo emozionala ez da pertsonok menperatu beharko genukeen oinarrizko arlotzat jo eta Hezkuntzako curriculum ofizialean sartu. Nire ustez, baina, baieztatu daiteke gehienok asko estimatzen dugula inguruko norbaitek beraren eta besteen sentimenduak behar bezala antzeman eta informazio hori garrantzitsutzat jotzea gizakion arteko harremanetan. Era berean, balio handikotzat jotzen dugu gure lankide edo ikasle batek ulertzea estu edo apatiko bagaude balitekeela egoera horrek gure errendimenduan eragina izatea, eta, jakina, estimu handian izaten dugu ere pertsona horiek gure emozioak kudeatzen laguntzeko eta egoera hori albait positiboen bideratzeko kapaz izatea.

Hala, bada, curriculum ofizialean gaitasun emozionala esplizituki sartzen ez den arren (esan beharra dago autonomia-erkidego batzuetan sartzen dela, Kanarietan kasu), jendarteak espero du eskolak eta hezkuntza ez-formaleko beste eremu batzuek bultzatuko dutela haren garapena. Adimen Emozionalak helmuga horretara gerturatzen gaitu. Abiapuntua da emozioei gehiago erreparatzea, emozioek eragina izaten dutelako egunero bizi ditugun prozesu gehienetan (besteekiko harremanetan, ikaskuntzan, laneko errendimenduan...). Hala, bada, jarraitu behar dugu geure burua trebatzen, emozioak antzemateko eta ulertzeko dugun abilezia ez ezik, prozesuak errazten dituzten emozioak sortzeko eta erregulatzeko gaitasuna ere hobetzeko. Izan ere, abilezia horiek guztiak baliatzeak lagunduko digu modu positibo batez hazten eta garatzen, gauza izan gaitezen geure helmugak lortzera bideratzeko eta aldi berean beste pertsona batzuen garapena ere sustatzeko.

  • Adimen Emozionala horrela baliatzeak zertan lagundu diezaguke nerabeekin eta gazteekin lan egiten dugunean?

Peter Salovey-ek eta John Mayer-rek Adimen Emozionala kontzeptua aurreneko aldiz planteatu zutenetik 25 baino apurtxo bat gehiago igaro direnez, behar besteko abala dugu egiaztatzeko Adimen Emozional ona izatea lotuta dagoela pertsonen arteko harreman eta errendimendu hobeak izatearekin, bai eta hobeto egotearekin ere, osasuntsuago eta bizitzarekin gusturago. Badakigu, orobat, abilezia emozionalek babestu ahal gaituztela arazo emozional batzuetatik, esaterako, antsietatetik edo depresiotik: mende honetako arazo garrantzitsuenetariko bat Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Jokabide arriskutsu edo disruptiboetatik ere babesten gaituzte, bai eta erasotik eta droga-kontsumotik ere. Bereziki, Adimen Emozional ona duten nerabeek harreman sozial hobeak izaten dituzte, konfiantza eta autoestimu-maila handiagoa, eta arazo gutxiago jokabideen aldetik.

Nerabeekin eta gazteekin lan egiten dugunok informazio baliotsua aurkitzen dugu haiek sentitzen duten emozioetan, ezinbestekoa dena haien errealitatea, motibazioak, espektatibak eta jokatzeko moduak ulertzeko. Hona gure erronka: gazteen emozioekin konektatzea, emoziook ulertzea eta haien aurrean erantzuteko gauza izaten laguntzea, hau da, gure Adimen Emozionala hobetzeko eta haiena garatzen laguntzeko erronka aberasgarria eta gainditzeko modukoa dugu aurrean. Eta badakigu, gainera, garapen hori sustatzeko eraginkorrena dela gu geu izatea gaitasun emozionalaren adibide aktiboa eta erreferentea. Horregatik, funtsezkoa da nerabeekin eta gazteekin lan egiten dugunok jakin dezagun gure zein besteen emozioak eta sentimenduak antzematen, ulertzen eta kudeatzen.

Geure Adimen Emozionala hobetu beharra dugu –eta zorioneko gaude horregatik– beste pertsona batzuei eurena garatzen laguntzeko, eta, horretarako, testuinguru emozionalki adimentsuak sortu behar ditugu.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan! 

Facebook logoa   Twitter logoa 

GEBren logoa