Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Gazteen Euskal Behatokiak 'Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2020' izeneko txostena aurkeztu du

Argitalpen-data: 

Seriearen txosten berri honetan hauxe aztertzen du: zenbat kostatzen zaion, teorian, soldatapeko 18 eta 34 urte bitarteko gazte bati bere kabuz emantzipatzea, etxebizitza erosten badu zein alokatzen badu.

Horretarako hamabi adierazle kalkulatzen dira; adierazle horiek etxebizitza librea zein babestua erosteak edo alokatzeak dakarren kostu teorikoa adierazten dute. Kostu teorikoa da, oinarritzat hartzen diren datuak batezbestekoak baitira: erosten edo alokatzen diren etxebizitzen batez besteko prezioak, gazteen batez besteko soldatak eta hipoteka-maileguen baldintza arruntak. Beraz, egoera orokorrak aztertzen dira eta ez kasu indibidualak.

Datuak eta beraien bilakaera Euskadi osorako aurkezten dira, bai eta lurralde historiko bakoitzerako ere. Gainera, sexuaren eta adin-taldeen arabera bananduta azaltzen dira.

Txostenaren emaitzek adierazten dute, laburbilduz, etxebizitza librea jabetzan hartzeko kostua, hau da, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun batek merkatu librean etxebizitza bat erosteko hipotekaren kuota ordaintzera bideratu beharko lukeen soldata garbiaren proportzioa, % 58,7 izango litzatekeela 2020an.

Etxebizitza librea alokatzeko kostua, hau da, soldatapeko gazte batek alokairu errenta ordaintzera bideratu beharko lukeen soldataren proportzioa % 54,7 izango litzateke urte horretan.

Zifra horiek gomendatutako gehienezko zorpetze-mugaren gainetik daude; muga hori soldataren % 30ean ezartzen baita.

Etxebizitza babestuak, aldiz, eskuratze-kostu onargarriagoak dakartza soldatapeko gazteentzat. 2020an etxebizitza babestua erosteak hileko soldata garbiaren % 28,9 hipoteka ordaintzera bideratzea eskatzen zuen, eta etxebizitza babestua alokatzeak soldataren % 27,2 bideratzea alokairu-errenta ordaintzera.

Kolektiboen araberako analisia eginez gero, taldeen arteko alde aipagarriak ikus daitezke:

  • Gipuzkoako gazteak dira kosturik handienak dituztenak merkatu librera joz gero, batez ere, erosi nahi badute, etxebizitza libreak garestiagoak baitira lurralde horretan.
  • Adinean gora egin ahala soldatak igo egiten dira, eta, ondorioz, etxebizitza eskuratzeko kostua txikiagoa izaten da, bai erostea aukeratzen bada, bai alokatzea nahiago bada. Hala ere, merkatu libreak 30 eta 34 urte bitarteko pertsonak ere gehiegizko zorpetze-egoeran jartzen ditu etxebizitza ordaintzeko.
  • Bestetik, gizonen eta emakumeen arteko soldata-aldeak direla eta, emakumeek zailtasun handiagoak dituzte bakarrik emantzipatzeko. 

Txosten osoan, 12 adierazleen balioak, haien bilakaera, nola eraikitzen diren, erabilitako datu-iturriak edo 30 urtetik beherako gazteei dagozkien balioak kontsulta daitezke, besteak beste.