Atzerrian hizkuntzak ikastea (au pair)

 

Hizkuntza bat ikasteko modu egokienetako bat hori hitz egiten den herrialdera bidaiatzea da. Modu horretan, ikasi nahi den hizkuntzarekin 24 orduetan mantentzen da harremana eta praktika ziurtatuta dago. Urtean ikasitakoa praktikan jartzeko helburuarekin bidaiatu dezakezu atzerrira, baina nahi baduzu, ikasten duzun bitartean lana ere egin dezakezu. Hemen dituzu hizkuntza bat atzerrian ikasteko aukera eskaintzen dizkizuten bi modu.

Zer da au pair plana?

Herrialde batera joan eta hizkuntza-maila hobetzeko bada modu merke bat: au pair plana. Jende askok (gehienetan neskak izaten dira) aukera hau hautatu du bidaiak egin, hizkuntza hobetu eta atzerriko herrialde bat ezagutzeko.

Au pair plana zera da, familia gonbidatzaile batekin bizitzera joatea eta familia horretako seme-alabak zaintzea, etxeko lan arinak egiten lagunduz. Gehieneko lan-orduak aldatu egiten dira au pair aukeraren arabera eta herrialdearen arabera, baina, oro har, astean 20-40 ordu izaten dira eta astean egun bat, gutxienez, libre izaten da. Trukean, au pairra familia hartzailearekin bizi da, familiako kide bat izango balitz bezala, eta astean diru-kopuru txiki bat jasotzen du. Batzuetan, au pairrak hizkuntza-ikastaroak edo bestelako ikastaroak egiten ditu ordu libretan.

Lan-ordutegitik kanpo, libre eta independente izango zara. Au pairrek ez dute lan-harremanik familia hartzailearekin; izan ere, Europaren kasuan, Au pairrei buruzko Europako Itunari atxikitzen zaizkio eta herrialde bakoitzeko arauak bete behar izaten dira. EBko herrialde askotan atzerriko neskei erraztasunak ematen dizkiete bisatua eta lan-baimena lortzeko. 

Ez dira nahastu behar au pair direlakoak eta nannyak; azken horiek haurrak hezteko kontratatzen dira baina ez ohi dira familia enplegu-emailearekin bizitzen. Nannyen prestakuntza heziketarekin eta pedagogiarekin loturik egoten da eta ordainsariak, betebeharrak eta eskubideak lan-arloko legediaren araberakoak izaten dira.

Au pair moduan joateko baliabideak:

Gazteaukerak ezin du gure gain hartu ondoren aipatzen diren enpresen zerbitzuen kalitatearen erantzukizuna. Kontuan izan enpresa batzuek kobratu egiten dutela egindako lanaren truke. Ezer hautatu aurretik, hobe duzu aukera bat baino gehiago bilatu, aukera horiek alderatu eta ahalik eta informaziorik osoena bildu.

  • Transitions Abroad [EN]

    Webgune honetan liburu bateko kapitulu baten laburpena aurkituko duzu; hain zuzen ere, erakunde eta agentziek gomendatzen duten “The Au Pair and Nanny's Guide to Working” liburuaren "Au pair moduan lan egitea Europan" izeneko kapituluaren laburpena. Susan Griffith eta Sharon Legg dira idazleak. Horretaz gain, au pair plana kudeatzen duten Europako hainbat herrialdetako agentzien zerrenda bat ere aurkituko duzu. Webgune oso gomendagarria!

  • International Au Pair Association [EN]

    Elkarte hau 1994. urtean sortu zen Au Pair lanetan aritzen diren pertsonak babesteko. Au pairrei herrialdeari buruzko informazioa ematen die; au pair zerbitzuen kudeaketarekin loturiko enpresa eta agentziak biltzen ditu eta laguntza praktikoa bermatzen du.

  • Au Pair World

    Au pair moduko enpleguari buruzko datu-base ezagunena da Interneten. Au pairrak eta harrera-familiak doan erregistra daitezke. Erregistratu ostean, zuk nahi duzun au pairrarekin eta familiarekin zuzenean harremanetan jar zaitezke munduko edozein txokotan.

  • Au Pair Box

    Ezin errazagoa! Bete ezazu «eskaintzak» edo «eskaerak» inprimakia eta bidali Internet bidez. Era berean, Txat bat eta foro bat ere baditu, esperientziak elkartrukatzeko.

  • Au Pair Search

    Erregistratu egin behar da au pair, harrera-familia edo au pair-agentzia moduan, eta munduko edozein tokitan, zuri gehien komeni zaizun eskaintza bilatu ahal izango duzu online. Lan-baimenei eta aurkezpen-gutunei buruzko gomendioak daude, eztabaida-foro bat eta aire-tarifak.

  • Planet Au Pair

    Europako kultura bizitzeko aukera bikaina izango duzu harrera-familia baten ingurune seguruarekin. Webgune honetan programak, eskaera-prozedurak eta behar duzun informazio praktiko guztia aurkituko duzu.

Egonaldiak atzerrian

Atzerrian egonaldi bat egiteak hobetu edo ikasi nahi duzun hizkuntzarekin harreman zuzena mantentzeko aukera eskaintzen dizu. Kasu gehienetan, modu horretako egonaldiek ikastaro eta kurtsoak ere izaten dituzte. Izan ere, eskola, akademia, unibertsitate eta beste zentro batzuk antolatzen dituzte askotan egonaldiak.

Egonaldi horiei esker, hizkuntzarekin harreman zuzena mantentzen da, eta horrela, emaitza bikainak lortzen dira. Ikasketa mailan egiten diren aurrerapenak ziurtatuta daudela esan daiteke. Gainera, bidaiari esker, beste kultura eta pertsona batzuk ezagutzeko aukera duzu.

Ez ahaztu, ordea, modu honetako egonaldiak egiteko dirua behar duzula. Bidaia, ikastaroak, egonaldiak... horrek guztiak gastu extra bat dakar berarekin. Hala ere, atzerrian zaudenean, denbora librea lan bat aurkitu eta diru apur bat irabazteko erabil dezakezu. Askoz ere errazagoa izango da horrela gastuei aurre egitea.

Ir al inicio

Azken eguneratzea: 2013/03/08