'Lana bilatzeko zenbait pauso' bideotutoriala

Gogoratu

  • Lan bilaketa, berez, lan bat da.
  • Lana bilatzeko modua planifikatu: organiza zaitez, saiatua izan eta, batez ere, aktibo izan.
  • Espezializa zaitez. Zure lan ideala zenbat eta gehiago zehaztu, orduan eta aukera gehiago gustuko duzun enplegu bat lortzeko.
  • Lan merkatuaren egoeraren baitan, lan bilaketa denboran luza daitekeen prozesua da. Ez etsi! Ondo egindako lanak, denborarekin, fruitua ematen du.

Informazio gehiago

Lana bilatzea, berez, lan bat izan daiteke. Lan merkatuaren egoeraren arabera, zeregin hau oso konplikatua bilaka daiteke. Horregatik, lana bilatzen hasi aurretik, oso garrantzitsua da zer egin eta zer egin behar ez duzun ondo planifikatzea.

Ekintza asko burutzeak (adibidez, CV asko bidaltzea edota enplegu webgune askotan izena ematea) ez du zertan arrakastaren sinonimo izan behar eta, kasu gehienetan, denbora galtzea izango da.

Edozein planifikazio lortu nahi dugun helburuaren zehaztapenarekin hasiko da:

  • Zein lan mota bilatzen ari naiz?,
  • Beste hiriren batean edota atzerrian lan egiteko prest nago?,
  • Eskaintzen didaten lehen gauza hartzeko prest nago?

Lehenik eta behin, lana bilatzeko alternatiba desberdinak daudela jakin behar duzu.

Eginkizun honen arrakasta, hein handi batean, alternatiba hauen guztien eta baita zure buruaren ezagupenaren araberakoa izango da.

Oro har, lana bilatzen hasten zarenean, bi dira eman beharko zenituzkeen urratsak:

  • Curriculum Vitae egoki bat prestatu.
  • Lanbiden (Euskal Enplegu Zerbitzua) izena eman.

Interneten planifikazio hau nola egin daitekeen azaltzen duen informazio ugari aurki dezakezu. Ideia nagusia lan metodologia bat izatea da, hau da, ez egin gauzak 'egiteagatik'.

  • Funtsezkoa da lan ohitura batzuk izatea. Modu honetan, informazio guztia ordenatuta izango duzu eta errazagoa izango da jarraipen bat egitea. Agenda bat izatea eta egiten dituzun ekintza guztiak bertan islatzea ere oso lagungarri suertatuko zaizu.
  • Gradualki bete beharreko jomugak eta helburuak ezarri. Helburu hauek oso era desberdinetakoak izan daitezke, hala nola, izan beharko zenituzkeen lan elkarrizketa kopurua edota kontaktatu beharreko enpresa kopurua. Gogoratu, helburu hauek guztiek zehatzak, neurgarriak eta lorgarriak izan behar dute.
  • Egiaztatu lortu dituzun emaitzak. Emaitza onak eman dizkizuten alderdiak azpimarratu eta zuzendu funtzionatu ez duten horiek.

Internet oso lagungarri izango duzu zure lan bilaketa prozesuan. Gero eta gehiago dira honetan espezializatuta dauden atariak eta bilatzaileak eta, gero eta gehiago ere, hauetara jotzen duten langile bila diren enpresak.

Baina, kontuz! Internetek zure lan bilaketa prozesua errazten duen modu berean zure egoeran diren beste milaka pertsonei ere bere lan bilaketa prozesua errazten die. Horrela, Interneten hainbat lan eskaintza aurkitzeko aukera izango duzu baina baita lehia handia ere.

Oso garrantzitsua da, lan bilaketa online burutzen ari bazara ondo lantzea zure profila(k) sare sozialetan.

Ahalik eta eraginkorren izateko jende gehienak egiten duen horretatik urrundu beharko zenuke. Enplegu atari ezagunenetan, kasurik onenetan, beste milaka hautagaiekin lehiatu beharko duzu lanpostu beragatik.

Zure lan ideala ere ahalik eta gehien zehaztea lagungarri izango zaizu. Adibidez, hobe da zure burua 'biologia molekularrean espezializatutako biologo'tzat definitzea soilik 'biologo'tzat definitzea baino. Modu honetan, izan daitezkeen lehiakideen kopurua nabarmenki murrizten da.

Internet barruan oso jarrera aktiboa izatea, eta, batez ere, Gizarte Sareen bidez, lan bat aurkitzen benetan lagun zaitzaketen pertsonak bilatzea da gakoa.

Linkedin bezalako gizarte sareak espreski helburu zehatz horretarako sortuak dira.

Funtsezkoa da hauetan izaera handiko profila lantzea, hots, ez jo profil generikoetara.

Gizarte sare hauek aukera ematen dute:

  • jende egokiarekin harremanetan jartzeko;
  • zure burua ezagutzera emateko;
  • zure pertsonaren inguruko interesa pizteko.

Gainera, ondo konfiguratutako profila baduzu enpresek erraztasun handiagorekin aurkituko zaituzte.

Twitter ez zen lana bilatzeko helburuarekin sortu baina bertan hainbat lan eskaintza aurki ditzakezu. #empleo hashtag-a, ia egunero, trending topic izaten da.

Eta, azkenik, sektoreka sailkaturiko atari tematikoetan lan-eskaintzak aurki ditzakezu. Hauetan, lanbide zehatzetarako lan eskaintzak aurki ditzakezu.

Tradizionalagoak, baina ez horregatik eraginkortasun gutxiagokoak, diren bilaketa alternatiba gehiago daude.

Aktiboki lan bila bazabiltza, zure lagun eta senitartekoek honen berri izan behar dute. Lanean den jendeak lan eskaintzak ezagutzeko aukera gehiago izaten ditu. Zure gertuko norbaiten enpresan lan eskaintza bat bada, zu honen berri duen lehenetarikoa izan zaitezke.

Gogoratu, errazagoa da lana aurkitzea jada lanean bazaude. Langabezian bazara, ez zaitez etxean geratu, egin ezazu lan, kobratu gabe bada ere, bolondres agentziaren batean, GKE edo antzeko erakunde batean eta ordura arte ezagutzen ez zenituen ateak zabalduko zaizkizu.

Lanbidearen edota esparru geografikoaren zehaztapen mailaren arabera, idatzizko prentsa lokal edo espezializatuan azaltzen diren iragarkiak kontutan hartu beharreko aukera dira. Hainbat enpresa iragarki hauetara jotzen dute hautagaiak bahetzeko.

Beste aukera interesgarri bat ikasle eta ikasle ohientzako trebakuntza zentroek izaten dituzten lan-poltsak dira. Zentro hauek bere inguruneko enpresekin izaten duten harremanari esker enplegu edo/eta praktika eskaintzak modu zuzenagoan jasotzen dituzte.

Lanbiden, enplegu zerbitzu publikoa izanik, lana bilatzen lagun zaitzakete. Dagokizun Lanbideko bulegora bazoaz, lana bilatzeko edota trebatzen jarraitzeko aukeren inguruan informatuko zaituzte.

Azkenik, Alde Baterako Laneko Enpresa (ABLE) batera jo dezakezu. Enpresa hauek aldi baterako langileak kontratatu nahi dituzten enpresa eta lan bila diren pertsonen arteko bitartekari lana burutzen dute.

Epe batez atzerrian lan egitea zure gaitasunak hobetzeko modu ezin hobea da eta, modu horretan, aukera gehiago izan ditzakezu bueltatzean lan bat aurkitzeko.

Europan lan egiteko arazorik ez baduzu edota ideia hori gustuko baduzu, Eures Sarearen mugikortasun profesionalaren europar atarian Europar Batasuneko kide den edozein estatuan lan egiteko lan eskaintzak aurkituko dituzu.