Argitalpen-data: 2013/06/12

Haurren Lanaren aurkako Munduko Eguna

EAEko gazteen % 16k, produktu bat erosterakoan, produktu hori ekoiztean gizarte-bidegabekeriaren bat gauzatu den galdetzen diote euren buruari.

Ekainaren 12a Haurren Lanaren aurkako Munduko Eguna dela-eta, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko herritarren kontsumo etikoari buruzko hainbat datu emango ditu Gazteen Euskal Behatokiak, erakundeak berak 2013an argitaratutako Gazteak eta kontsumo arduratsua ikerketatik eratorriak.

Kontsumo etikoari lotutako jokaeren artean, zera galdetzen zen Gazteen Euskal Behatokiaren ikerketan: elkarrizketatuek aintzat hartzen ote zuten, produktu bat erosterakoan, produktu horren ekoizpenean gizarte-bidegabekeriarik –haurren esplotazioa, kasu- jazo den ala ez.

Produktuaren alderdi hori aintzat hartu ohi zutela erantzun zuten gazteen % 16k. % 26k noizean behin baino ez omen dute egiten, eta % 58k, inoiz ez edo ia inoiz ez.

Grafikoan ikus daitekeen bezala, alderdi horren inguruko kontzientziazioa gora doa adinean gora egin ahala. 15 eta 19 urte bitartekoen % 10ek baino ez diote euren buruari galdetzen produktu baten ekoizpen-inguruabarrei buruz. Balio hori % 15era heltzen da 20 eta 24 urte bitartekoen artean, eta % 20raino, 25 eta 29 urte bitartekoengan. Kontzientzia hori zabalduago dago emakumeengan, gizonengan baino.

Kontsumo etikoari lotutako praktika horrek gazteen artean duen zabalkunde murritza ikusita, beharrezkoa dirudi sentsibilizazioa areagotzeak. Izan ere, merkatu globalean, produktu bat erosteak haurren esplotazioa bezalako gizarte-bidegabekeriei jarraipena ematea ekar dezake berekin.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!