Guaraniera: amerikar hizkuntza bideragarriena


Tadeo Zarratea

 Inprimatzeko bertsioa  (pdf, 135 kb)

Guaraniera Hego Amerikako zazpi herrialdetan hitz egiten den amerikar hizkuntza da. Paraguain, indigenak ez ezik, kreolak ere mintzatzen dira guaranieraz, eta Estatuko hizkuntza koofiziala dela ezartzen du Konstituzioak. Amerikar hizkuntzen artean bideragarriena da, 12 milioi hiztun mintzo baitira guaranieraz, eta haietatik 4 miloi Paraguain bizi dira. Paraguaiko biztanleen % 86k ama hizkuntza du guaraniera, eta, gaztelaniaren antzera, lurralde osoan eta maila sozial guztietan erabiltzen da. Hala ere, guaraniera garatzeko oztopo larriak daude, Paraguai azken 200 urteetan independentea izan arren kolonialismo kulturala indarrean baitago.

Eremu geografikoa

Guaraniera amerikar hizkuntza da, eta, gaur egun, Hego Amerikako zazpi herrialdetan hitz egiten da. Paraguai, Brasil, Bolivia, Argentina, Peru, Kolonbia eta Venezuelako indigenak mintzo dira guaranieraz. Paraguain eta Argentinan, indigenek ez ezik, kreolek ere erabiltzen dute. Gainerako herrialdeetan, ordea, indigenak soilik mintzo dira guaranieraz. Argentinako kreolek guaraniera erabiltzen dute eskuarki hiru probintzia estatuetan -Corrientes, Misiones eta Formosa- eta, horren ondorioz, Corrientes probintziako gobernuak berriki izendatu du guaraniera probintziako hizkuntza koofizial. Baina adierazgarriena da Hego Amerikako herrialde oso batean, Paraguain, gehiengo ez-indigenaren hizkuntza dela guaraniera eta, gainera, sei komunitate indigenek erabiltzen dituztela guaranieraren familiako hizkuntzak. Hori dela eta, Paraguai dugu guaranieraren gune eta zaindari nagusi.

Historia

Amerikar hizkuntza gehienen antzera, idazketarik gabeko kultura duen nazio baten hizkuntza da guaraniera. Idazketaren hastapenak Amerika konkistatu eta kolonizatu zuten garaikoak dira. Hori dela eta, ez dugu antzinagoko aztarnarik. Histor iarik gabeko hizkuntza da, baina guaranieraren antzinatasuna kalkula daiteke metodo linguistiko eta antropologikoak erabiliz. XVI. mendeko ikertzaileek egindako deskribapenek baieztatzen dute hizkuntza autonomoa zela eta europarrak iritsi ziren garai hartan jada antzinakotzat jotzen zutela. Ruiz de Montoya, Restivo, Anchieta eta Peramás apaiz jesuiten idazkietan nahiz Fray Luis de Bolaños frantziskotarraren erregistroetan adierazten da guaranierak bazuela, garai hartan, hamar mende baino gehiagoko sedimentazio kulturala. Guaranieraren egitura morfologikoaren erregulartasun matematikoak agerian uzten du antzinakotasun hori. Esate baterako, harrigarria da zeinen erregularrak diren aditzak. Sei aditzek soilik dute nolabaiteko irregulartasunen bat, eta esan aditzak bakarrik du jokabide guztiz irregularra. Beraz, erregulartasun osoa lortzeko zorian dago hizkuntza hori.

Tipologia

Guaraniera hizkuntza eranskari eta polisintetikoa da. Hori dela eta, haren lexiko ondarea osatzen duten hitzak ez daude hiztegian katalogatuta. Oinarrizko hitzak soilik biltzen dira hiztegian. Hiztunak sortzen ditu behar dituen hitzak, eransketaren bidez, eta polisintesiaren bidez aldatzen ditu, hau da, erroari aurrizkiak eta atzizkiak gehitzen dizkio. Morfema horiek eduki semantikoa duen elementuari -lexemari- gehituz, hiztunak oinarrizko hitzaren aldaerak sortzen ditu. Adibidez, óga = etxe; ogaguy = etxepe (izan ere, [guy] morfemak [azpi] esan nahi du); ogaguýpe = etxepean ([pe] morfemaren euskarazko baliokidea [-n] da); ogaguypegua = etxean bizi dena, etxekoa ([gua] morfemak jatorria adierazten du, euskarazko [-koa]). Baina morfema guztiak ez dira atzizkiak; óga substantiboak, adibidez, aurrizkiak ere onartzen ditu. Adibidez, añembohóga = etxeko egiten naiz edota añembo'óga = etxetiar bihurtzen naiz; añembohogata'aína = laster egingo naiz etxeko. Esamolde horiek guztiak eta beste asko ere ez dira jasotzen hiztegietan, óga substantiboaren esanahia soilik jakinarazten da. Morfemei buruzko azalpena ere ematen da hiztegietan, eta morfema horien funtzio batzuk ere adierazten dira, baina ez da ondare semantiko guztiaren berri ematen, elementu horiek polisemikoak baitira. Hizkuntzaren ezaugarri hori dela eta, gaian ezjakinak direnek uste dute guaraniera lexiko urriko hizkuntza dela, eta, beraz, zenbait alorretan erabiltzeko desegokia dela, bereziki zientziaren alorrean. Uste hori okerra da, ordea; hizkuntzalaritza printzipioak kontuan hartzen ez dituen uste okerra, alegia. Uste oker horrek ez du aintzat hartzen edozein hizkuntza, berez, kode osoa dela, errealitate mugagabeaz jabetzeko egokia, eta ez dagoela hizkuntzarik, besteak baino eskasagoa edo aberatsagoa denik. Gertatzen dena da guaranierak hizkuntza flexiboekiko desberdintasun nabarmenak dituela.

Corpus fonemikoa

Guaraniera klasikoak berezko 30 fonema ditu. Gero, kario dialektoak gaztelaniatik hartu zituen beste fonema batzuk, zenbait elementu berriri izena emateko premiari erantzutearren: /RR/, /LL/, /D/, /F/, eta gaztelaniazko jota hartu zituen. Bost fonema horiek erruz erabiltzen dira Paraguaiko guaranieran, baina gaur egungo alfabeto ofiziosoak /rr/ bakarrik hartzen du aintzat; beste lau fonema horiek oraindik onartzeko daude.

Guaranieraren corpus fonemikoak hamabi bokal ditu. Sei bokal ahokari: /a/, /e/, /i/, /o/, /u/, /y/, eta beste sei aurrez aipatutako ahokari horietan oinarrituak, baina sudurkari gisara ahoskatzen direnak. Hitz paronimoen artean desberdintasun foniko eta semantikoak adierazteko erabiltzen dira bokal ahokari eta sudurkariak. Gainerako fonemak kontsonanteak dira. Lehenengo bost bokalek gaztelaniazko bokalen antzeko irekidura dute. Seigarrena, /y/, erdiko bokal garaia da, eta /i/ eta /u/ artean du artikulagunea. Gaur egun hezkuntza sisteman erabiltzen den alfabeto fonologikoak 33 grafema ditu, eta grafema horiek zuzenean adierazten dituzte, bikoiztasunik gabe, ofiziosoki onarturiko 33 fonemak. 1950ean, guaranieraz mintzo diren herrialdeetako ikertzaileen batzarra egin zen Montevideon (Uruguai), eta han onartu zuten behin-behineko alfabetoa, guaranierak ez baitu hizkuntzaren akademiarik, ez eta alfabeto ofizial bat erabakitzeko aginpidea duen beste instituziorik ere. Hiztegiekin ere beste horrenbeste gertatzen da: guztiak ofiziosoak dira, ez dago hiztegi ofizialik.

Morfosintaxia

Gaur egun indarrean dagoen gramatika deskriptiboaren arabera, guaranierak zortzi kategoria lexiko edo kategoria gramatikal ditu (berdin dio zein nomenklatura erabiltzen den). Kategoriak honako hauek dira: aditza, ñe'êtéva; substantiboa, téra; adjektiboa, teroja; izenordaina, terarângue; aditzondoa, ñe'êteja; postposizioa, ñe'ê riregua; juntagailua, ñe'ê joajuha; eta interjekzioa, ñe'êndýi. Artikulua Paraguaiko guaranieran soilik erabiltzen da: gaztelaniatik [la] eta [lo] maileguak hartu zituen, baina artikulu horiek ez dute substantiboaren generoa adierazten, baizik eta numeroa. Sintagmen ordena oso aldakorra da. Gaztelaniazko ordena sintaktiko erregularra (subjektua-aditza-osagarriak) ez da hain ohikoa guaranieraz. Hala ere, edutezko esaldietan hitzen ordena finkoa da: edukitzailea beti aurretik, ordena zehatza errespetatuz. Adibidez, Josebaren etxeko atea = Xose róga rokê (Joseba etxea atea). Silaba guztiak zuzenak dira, eta, beraz, hitz guztiak bokalez amaitzen dira. Hitz gehienek azken silaban dute azentua, eta horregatik, hitz horiek ez daramate azentu markarik. Azentu marka, beraz, azken silaban azenturik ez duten hitzei jartzen zaie.

Hiztunen dentsitatea

Ez dugu datu zehatzik, baina iruditzen zaigu hamabi milioi hiztun inguru mintzo direla guaranieraz aipatutako eremu geografikoan. Ez dugu daturik, gure herrialde latinoamerikarrak elebakarrak balira bezala aurkeztu ohi direlako (gaztelania hutsez edo portuges hutsez hitz egingo balute bezala), gutxiengo kultural indigenek beren lurraldeetan erabiltzen dituzten amerikar hizkuntzak ofizialki alde batera utzita. Hori dela eta, erroldetan ez da ageri guaranieraz mintzo diren hiztunen dentsitatea. Paraguaiko datu estatistikoak soilik ditugu. 2002ko Biztanle eta Etxebizitzen Erroldaren arabera, zazpi miloi biztanle baino pixka bat gehiago du Paraguaik, eta, ondorengo koadro estatistikoan ageri denez, ehuneko handi batek adierazten du guaraniera duela lehen hizkuntza:
 
Herrialdeko biztanleria guztira: 7.117.716 biztanle, 2002ko erroldaren arabera.

Guaranieraz edo gaztelaniaz mintzo diren hiztunen banaketa: (*)

 

  


Datu horiek emandako informazioa interpretatuz, ondorioak honako hauek dira:
1) Paraguaitarren % 85,93k guaraniera du ama hizkuntza.
2) Paraguaitarren % 11,11k gaztelania du ama hizkuntza.
3) Guaranieraz mintzo den biztanle kopuruari gaztelaniaz mintzo den biztanle kopurua kenduz (3.946.904 - 3.170.812), guaranieraz soilik mintzo diren biztanleen kopurua lortzen dugu. Beraz, gaztelaniaz ez dakiten 776.092 hiztun elebakar ditugu.

Guaranieraren dialektoak eta Paraguaiko guaraniera

Guaranierak, gaur egun, zazpi dialekto ditu Paraguain, 21 dialekto Brasilen [1], eta ez dakigu zenbat Bolivian, Perun, Kolonbian eta Venezuelan. Guarani indigenak dira guaranieraren benetako jabeak; gaur egun Paraguain bizi diren indigenek beren dialektoetan hitz egiten dute. Unibertsalki onartutako hizkuntzalaritza printzipioen arabera, guztiok dialektotan mintzo gara, ez hizkuntzatan; eta dialektoen artean ez dago mailarik, ez dago besteak baino hobea edo kaskarragoa den dialektorik. Hizkuntza bat erabiltzeko modu ezberdinak dira, besterik ez. Dialekto batzuek beste batzuek baino prestigio handiagoa izan dezakete, arrazoi politiko edo kulturalengatik, edota biztanle dentsitateagatik, baina hizkuntzalaritzaren ikuspegitik, guztiak parekoak dira. Paraguaiko biztanle mestizo eta kreolek erabiltzen duten dialektoari Paraguaiko guaraniera esaten zaio, eta XV. eta XVI. mendeetako indigena asunciondarren kario dialektotik eratorritako hizkera da. Germán de Granda [2] espainiar dialektologoak azaldu duenez, dialekto hori jada sortua zen 1536an, espainiarrak bertaratu zirenean. Konkistatzaileen hizkuntzarekin ukipen egoeran egoteak, baterako existentziak eta hizkuntzen arteko interferentziek eragin zuten kario dialektoa are gehiago bereiztea. Faktore horiez gain, beste gertaera batzuek ere eragina izan zuten. Paraguaik independentzia lortzean, agintariek ez zuten onetsi herrialdearen izaera elebiduna, eta gaztelaniaren aldeko hizkuntz politika ezarri zuten. Gaztelaniadunak gutxiengoa baziren ere, gaztelania zen agintarien hizkuntza, eta, hezkuntza sistema kaskarraren bidez, haur indigena eta mestizoak gaztelaniaz soilik alfabetatzea bultzatu zuten. Haur mestizoek ama indigenaren hizkuntza hartu zuten familia eta gizarte komunikaziorako. Bakar batzuek, lehen hezkuntzaren bidez, aita espainiarraren hizkuntza ere ikasi zuten, gobernuko karguak hartu ahal izateko. Gertaera horien ondorioz, Amerikako beste herrialdeetan ez bezala, Paraguaiko biztanleria ez-indigenak amerikar hizkuntza indigena bereganatu zuen. Paraguaiko guaraniera da estatu subirano baten lurralde osoan hizkuntza ofiziala izatea lortu duen amerikar hizkuntza bakarra (gaztelaniarekin batera da ofiziala). Gaur egun, Paraguain, guaraniera da gehien hitz egiten den hizkuntza. Lehen hizkuntza gisa erabiltzen dugun paraguaitarroz gain, Paraguain bizi diren gutxiengo kultural amerikar, europar eta asiarrek ere erabiltzen dute guaraniera bigarren hizkuntza gisa [3]. Izan ere, "herrialde txiki hau hizkuntza eta kultura ezberdinen mosaikoa da. Hamabost hizkuntza daude guztira, eta hogeita hamar dialektotik gora erabiltzen dira. Hizkuntzen jatorriari erreparatuz, hiru multzo hauetan banatzen ditugu: amerikarrak, europarrak eta asiarrak. Amerikar hizkuntzen multzoan bost hizkuntz familia daude: 1) Zamuko, bi dialekto dituena: ayoreo eta yshyr, eta azken dialekto horretan yvytoso eta tomaraho bereizten dira; 2) Matako eta bere dialektoak: nivakle, makâ eta manjui; 3) Maskoy, honako dialekto hauek dituena: lengua, angaite, guana, sanapana eta toba-maskoy; 4) Guaykuru, Paraguain dialekto bakarra duena, baina Argentinan ere erabiltzen dena; eta 5) Ava-guaraniera, Paraguain zazpi dialekto dituena: paî-tavyterâ, ava-katuete, mbya-ka'yguâ, ache-guajaki, guaraní-ñandéva, chiriguana edo guarájo, eta Paraguaiko guaraniera" [4]. Hiztun kopuruak taula honetan ageri dira.


Gutxiengo kulturalak eta haien hizkuntzak:

Biztanleriaren eta Etxebizitzen Errolda. Paraguai 2002.
Redatam+SP erabiliz prozesatua. CEPAL/CELADE 2003-2007.

Guaranieraren familiako sei multzoak batuz, 26.114 pertsona dira guztira, eta indigenen gehiengoa osatzen dute.

Guaranieraren egoera soziolinguistikoa Paraguain

Soziolinguisten arabera, guaranierak Paraguain duen egoera soziala diakronikoa, diatopikoa eta diastratikoa da. Paraguai bera bezain antzinakoa da; ez du muga geografikorik, ez maila sozialen arteko mugarik; ez dago eskualdeen arabera banatuta, eta talde etnikoen esparrua gainditzen du. Paraguaiko biztanleria osoak, maila sozial guztietako biztanleek, hitz egiten dute guaranieraz, eta horrela izan da beti, Paraguai sortu zenetik.

Guaranieraren deskribapen soziolinguistiko horren arabera, gure herrialdean indar handia duela dirudi, baina ikuspegi hori partziala da. Hasierako aurkezpen horren bidez sumatzen den indarra galdu egiten da guaranieraren egoera sozialaren laugarren ezaugarria aipatzen denean: gaztelaniarekin ukipen egoeran eta diglosi egoeran dago. Egia da guaranierak eta gaztelaniak Paraguaiko lurraldea eta hiztunak partekatzen dituztela, baina bi hizkuntzak ez dira maila berekoak, eta ez dira esparru beretan erabiltzen. Paraguaitarrek gaztelania soilik erabiltzen dute hainbat alorretan: Estatuan, gobernuan, prentsan, hezkuntza sisteman eta goi mailakoen arteko gizarte harremanetan. Guaraniera, berriz, beste esparru batzuetan soilik erabiltzen da: lagunarteko harreman pertsonaletan, familian, konfiantzazko harremanetan, nekazaritza giroan, hirietako langile giroan, gai ez-ofizialetan eta elkarrizketa informaletan. Paraguaitar gehienak elebidunak dira, baina elebitasun hori ez da orekatua. Elebitasun hasiberria edo mendekoa da, eta, batez ere, diglosikoa. Egoeraren arabera, hizkuntza bat edo bestea erabiltzen dute paraguaitarrek. Gai formal eta ofizialetan gaztelania erabiltzen dute beti; ezezagunei eta atzerritarrei ere gaztelaniaz hitz egiten diete beti. Solaskidea ezaguna denean soilik erabiltzen dute guaraniera, batez ere laguna denean, eta nekazariekin edo indigenekin hitz egitean ere bai. Muturreko zenbait egoeratan ere erabiltzen dute guaraniera: haserrea, gaitzespena edo gogaitasuna adierazteko, edota biraoka aritzeko. Paraguaitarren arteko hizkuntza sekretu gisa ere erabiltzen dute atzerrian, edo Paraguain bertan (atzerritarren aurrean edota hiriko gaztelaniadun elebakarren aurrean). Guaranieraz ez diren txiste eta abestiak ez dituzte atsegin, eta Paraguaitik kanpo elkartzen direnean gustuko dute guaranieraz hitz egitea.

Egoera diglosiko horren deskribapena osatzeko, azaldu behar dugu guaraniera batez ere ahozko hizkuntzan erabiltzen dela, eta gaztelania, aldiz, hizkuntza idatzian. Duela hamarkada batzuk arte guaraniera hezkuntza sistematik kanpo zegoen, eta, are atzerago begiratuz gero, ikusiko dugu eskolan erabat debekatuta zegoela guaranieraz hitz egitea. Duela hamarkada batzuk hezkuntza sisteman txertatu zuten guaraniera, baina oso ikuspegi linguistiko oker batetik heldu zioten auziari, eta guaranieraz hitz egiten zutenen artean ere arbuioa eragin zuen planteamendu oker horrek. Gaztelaniaren aldekoak egoera nahasi horretaz baliatu ziren lehengora itzuli behar zela argudiatzeko (gaztelaniazko hezkuntza elebakarrera, alegia), eta atzerako prozesu hori sustatu zuten. Laburbilduz, guaraniera, gehiengoaren hizkuntza izanik, hizkuntza gutxitua da; gaztelania, gutxiengoaren hizkuntza izanik, hizkuntza gehiagotua da. Gaztelaniak gizakien komunikazio premia guztiak betetzen ditu, eta guaraniera, berriz, gai zehatz batzuetarako soilik erabiltzen da.

Guaranieraren egoera psikolinguistikoa Paraguain

Kolonialismo kulturalaren funtzio alienatzailea ezagutzen ez duenak ez du erraz ulertuko paraguaitarrek guaranierarekiko duten jarrera. Kolonialismo kulturalak pertsona besterentzen du, bere interesetatik aldentzen du, eta, azken finean, pertsona horrek berezko izaerari ere uko egingo dio. Kolonizatua izan denak norberaren kultura baztertzen du, eta kolonizatzailearen balio kulturalak bereganatzen ditu. Kultura kolonialista horrek mendeetan irauten du. Paraguain fenomeno horrek oraindik bizirik dirau: 200 urtez independentea izan arren, kultura kolonialistak ez du inoiz atzera egin. Kolonialismo kultural horrek egoera ankerrak eragin ditu, barne kolonialismoa sustatzen duelako. Hizkuntza desberdinak direla eta, hainbat paraguaitar beste paraguaitar batzuen mendean daude. Guaranieraz soilik hitz egiten duten 776.092 paraguaitar elebakarren egoera benetako "apartheid linguistikoa" da [5], oinarrizko giza eskubideak urratzen baititu. Elebakar horiek atzerritarrak balira bezala bizi dira beren herrian, beren hizkuntzan mintzatzen ez den estatu baten mendean. Gerra zibil odoltsu batekin soilik pareka daiteke horrelako egoera bat, biktimak eta zapaltzaileak herrikideak baitira. Auziak konponbide zaila du, menderatzaileek botere politiko instituzional, ekonomiko, sozial eta kulturala dutelako. Zapalduek, berriz, ez dute ezertxo ere; batez ere, ez dute inolako bitarteko ekonomikorik.

Paraguain, oro har, ikasketarik gabeko pertsona txiroen hizkuntza da guaraniera. Hala ere, boterean daudenak ez dira ohiko oligarkiaren eredu: gehienen ama hizkuntza guaraniera da, jatorriz nekazaritza girokoak edo maila sozial apalekoak dira, eta beren ahaleginaren bidez lortu dute aurrera egitea, gizarte-mugikortasunaren mekanismoak erabiliz, maila sozialen arteko mugak nahiko malguak baitira. Paraguaiko hiriburua, Asunción, barrualdeko kulturaren aurrean berezko kultura hiritar eta metropolitarra sortu ez duen hiriburu bakarra da Hego Amerika guztian. Asunciónek nekazaritza giroko kultura du. Asuncióngo biztanleek barrualdeko artistek egindako musika, abestiak, antzerkia eta beste adierazpen artistikoak kontsumitzen dituzte, gehienetan guaranieraz eginak. Hala ere, elite kulturalak ez dio ofizialtasunaren atea zabaltzen guaranierari, ez eta guaranien kulturari ere, nahiz eta haietako askok adierazi (eta batzuek benetan diote, gainera) guaranieraren aldekoak direla. Arazoa buruan dago. Kolonialismo kulturalaren korapiloa askatzea ez da lan erraza. Botere politikoa eskuratzen duen paraguaitar arruntak ez du ezer egiten guaranieraren alde. Kultura ofizialak irensten du. Ez du berezko ekimenik, ez du autonomiarik. Eskuak loturik ditu, eta ahoa zapiz estalita, bere buruan errotu den mendekotasunaren ondorioz. Burua du eragozpenen iturri, barneratu dituen balio kultural kolonialistak hor baitaude. Egoera hori muturreko baldintzetan soilik aldatu da. Esate baterako, Paraguai inguruko hiru herrialdek (Brasil, Argentina eta Uruguai) osatutako aliantzaren aurka borrokatu zenean, 1865-1870eko gerran. Garai hartan agertu ziren guaranieraz idatzitako zenbait egunkari, soldaduei adore ematearren. Egunkari haietako bi elebidunak ziren: El Centinela eta Cabichui; eta beste bat guaraniera hutsean argitaratzen zen: El Cacique Lambaré. Boliviaren aurkako 1932-1935eko gerran, berriz, borrokan ziharduten armaden komandante Estigarribia Insaurraldek agindu zuen, 54. Agindu Orokorraren bidez, guaraniera soilik erabiltzea telefono bidezko elkarrizketa guztietan, gerran zegoen eremu osoan. Baina, gerra amaitu ostean, Estatuak lehengo bidea hartu zuen ostera, gaztelaniazko elebakartasunaren bidea, alegia. Kolonialismo kulturalaren ondorioz, guaraniera Estatuan, hezkuntza sisteman, prentsan eta goi mailako kulturan erabiltzeko egokia ez delako ustea errotu da. Paraguaitarra hainbat aurreiritzi eta trauma psikologikoren biktima da, eta arazo horiek badute eraginik izaeran: isila, lotsatia, dudatsua, mesfidatia eta informala da, beste kultura baten atzean ezkutatzen da, eta ihes estrategiak erabiltzen ditu.

Cabichui egunkari elebidunaren lehengo alea.

 

El Cacique Lambaré guaraniera hutsean argitaratutako egunkariaren lehen alea.

 

Estatutu juridikoa

Estatua elebakarra izan da beti Paraguain. Bai espainiar kolonizazioaren garaiko 300 urteetan bai independentziaren 200 urteetan, gaztelania soilik erabili du Estatuak, eta horrela jarraitzen du. Indarrean dagoen Konstituzio Nazionalaren testua soilik dago guaranieraz, ez dago beste dokumentu ofizialik hizkuntza horretan. Are gehiago: independentzia garaian kolonizazio garaian baino baztertuago dago guaraniera. Kolonizazio garaian herri agintariek guaranieraz idatzi zituzten Espainiako erregeari egindako zenbait eskaera, eta gobernadorearen bidez bidali zituzten Espainiara. Independentzia garaian, ordea, ezer ere ez. Badirudi 1811n, Paraguaik independentzia aldarrikatu zuenean, biztanleriaren %90etik gora elebakarra zela eta multzo horrek guaranieraz soilik hitz egiten zuela. Hala ere, agintea hartu zuten militar, lurjabe eta intelektual kreol eta mestizoek erabaki zuten gaztelania izatea Estatuaren hizkuntza bakarra. Historiak dioenez, 1813ko kongresuan Paraguaríko diputatu batek osoko bilkuran guaranieraz hitz egiteko baimena eskatu zuen, eta haren eskaerak sekulako barre algarak eragin omen zituen. Harrezkero, mende bat baino gehiagoko epean, ez zuten guaranieraren egoera hobetzeko inolako ahaleginik egin. Estatuaren mespretxuzko jarrera ikusita, 1940ko hamarkadan intelektual talde bat eratu zen, belaunaldi nazionalista-indigenista deitua [6]. Guaranien kulturaren aldeko aldarrikapenak egiten hasi ziren, guaranieraren ezagutza eta balorazioa bultzatu eta indigenen eskubideak errespetatzea sustatu zuten. 1967an bildutako Biltzar Nazional Konstituziogileari proposatu zioten guaraniera hizkuntza ofizial bihurtzea. Biltzar Konstituziogilean bildutakoek guaranieraren aldeko hitzaldi sutsuak egin zituzten, baina hizkuntza hori ofizial bihurtzearen aurka bozkatu zuten. Hala ere, hizkuntzarekin zerikusia duten bi artikulu onartu zituzten: 5. artikuluan xedatu zuten: "Espainiera eta guaraniera dira Errepublikaren hizkuntza nazionalak. Zeregin ofizialetarako espainiera erabiliko da"; eta 92. artikuluan adierazi zuten: "Estatuak kultura eta kultur adierazpen guztiak sustatuko ditu. Guaraniera babestuko du, eta guaranieraren irakaskuntza, garapena eta hobekuntza sustatuko ditu (…)". Porrotak errealitatea agerian jarri zien guaranieraren sustatzaileei: katedraren indarraren bidez soilik alda zitekeen egoera hura. Hizkuntza doan irakasten hasi ziren, aukera hori ematen zuten erakunde publiko guztietan. Artikulu honen egilea ere kanpaina haren bidez inplikatu zen auzian. Hogeita bost urteren buruan, 1992an, Biltzar Nazional Konstituziogilea berriro bildu zen. Hartan, indar politiko nagusiek guaraniera ofizial bihurtzeko proposamena egin zuten. Ordurako alderdien barruko borrokan guaraniera irabazle zen. Garai hartan Biltzar Konstituziogileko kide nintzen. Biltzarrak xedapen batzuk gehitu zituen Konstituzio Nazionalean (gaur egun oraindik indarrean dago Konstituzio hori): 140. artikulua, "Hizkuntzei buruzkoa. Paraguai herrialde kulturanitza eta elebiduna da. Gaztelania eta guaraniera dira hizkuntza ofizialak. Legeak ezarriko du bataren zein bestearen erabilera. Hizkuntza indigenek eta beste gutxiengoen hizkuntzek nazioaren kultur ondarea osatzen dute". 77. artikuluak, berriz, honela dio: "Ama hizkuntzan irakasteari buruzkoa. Eskola prozesuaren hastapenetan, ikaslearen ama hizkuntza ofizialean izango da irakaskuntza. Errepublikako bi hizkuntza ofizialak ezagutu eta erabiltzeko prestakuntza jasoko dute ikasleek. Gutxiengo etnikoen kasuan, guaraniera ez den beste ama hizkuntza bat badute, bi hizkuntza ofizialetako bat hautatu ahal izango dute. Gainera, biltzarrak bi hizkuntza ofizialetan onetsi zuen Konstituzio Nazionalaren testua; biltzarkideek bi hizkuntzetan zin egin zuten Konstituzioa beteko zutela, eta ofizialki Estatu elebiduna fundatu zuten. Horixe da gaur egun guaranierak Paraguain duen estatutu juridikoa.

Normatibotasun eta normaltasun falta

Paraguain hizkuntzaren alorreko autoritaterik ez egoteak guaraniera arautzea eta normalizatzea eragozten du. Alfabeto prekarioa zuela eta ikuspegi linguistiko oker batekin txertatu zuten guaraniera hezkuntza sisteman. Ez zen aurrez definitu nolako hizkuntz eredua edo hizkera irakatsi behar zen. Hezkuntza sistemak dialektorik gabeko hizkuntza balitz bezala irakasten du guaraniera. Ez ditu dialektoak aintzat hartzen, eta, horren ondorioz, ez du aitortzen Paraguaiko guaraniera (herritar ez-indigenen hizkera) existitzen denik, eta sei herri indigenek erabiltzen dituzten dialektoen arteko ezberdintasunak ere ez ditu onartzen. Jarrera horren ildotik, hispanismoak baztertzen ditu, gaztelaniaren ekarpen lexikoei uko eginez. Modu erabat artifizialean garbitutako hizkuntza hedatzen du, bulegoetan asmatutako neologismoz josia. Hezkuntza sistemak lexikoaren garbitasuna defendatzen du. Eskolan erabiltzen den soziolektoak ez ditu aintzat hartzen gizarteko hiztun naturalak, eta, beraz, ikaslea paradigma idiomatikorik gabe geratzen da. Soziolekto hori ikasgeletan soilik erabiltzen da; Paraguaiko guaraniera erabiltzen duen hiztun arruntak ez du onartzen soziolekto hori, artifizialtzat jotzen du, eta uko egiten dio horrelako hizkera erabiltzeari. Gainera, autoritate akademikorik ez dagoenez, ofizialtasun itxuraz jantzitako saiakera indibidualak hedatzen dira hezkuntza sistemaren bidez, eta material horiek zalantza eta nahaste ugari sortzen dute. Gauza bera gertatzen da kaleratzen diren gramatikekin eta hiztegiekin. Argitasun falta dela eta, guaraniera arautzeko prozesuan lagundu ordez, hizkuntzaren prestigioa galtzea besterik ez da lortu. Normalizazioari dagokionez, berriz, Konstituzioak Estatuaren elebitasuna ezarri badu ere, Estatuak berak ez du oraindik benetan onetsi elebitasun hori. Botere legegileak ez ditu erregelamendu bidez garatzen Konstituzioaren hizkuntzei buruzko artikuluak. Ez dute hizkuntz alorreko autoritaterik eratzen, ez guaranierari buruzko erabakiak hartzeko, ez lurraldean hitz egiten diren hizkuntzen erabilera kudeatzeko. Konstituzioak aldarrikatzen du Paraguai kulturanitza eta elebiduna dela. Lehenengo ezaugarria errealitatea islatzen duen kontzeptu antropologikoa da. Bigarrena kontzeptu linguistikoa da, eta Estatuarekin soilik du zerikusia. Nazioa kulturanitza da. Estatua elebiduna. Guaraniera eta gaztelania maila berekoak dira, eta Estatuak berdin erabili behar ditu bata zein bestea; baina ez da horrela gertatzen. Orain arte Estatuak ez du guaraniera erabili.

Hizkuntzei buruzko legearen aurreproiektua

1992ko Konstituzio Nazionalean txertatutako xedapenen ondorioz, gobernuak dekretu bat onetsi zuen, Elebitasunaren Batzorde Nazionala (Comisión Nacional de Bilingüismo, CNB) sortzeko, Hezkuntza Ministerioari aholku emateko organoa izan zedin. Batzorde horri emandako funtzioetako bat zen lege aurreproiektua egitea, Konstituzio Nazionalaren 77. eta 140. artikuluak erregelamendu bidez garatzeko (ikus dekretuaren 5. artikulua). 1993tik 2006ra bitartean batzorde horrek ez zuen lege aurreproiekturik aurkeztu. Egoera hori ikusita, eta diputatu eta senatariek ere aurreproiekturik egiten ez zutenez, elebitasunaren aldeko intelektualak eta guaraniologoak bildu eta talde bat osatu zuten: Gizarte Zibilaren Tailerra. Tailer horrek lege aurreproiektua egin zuen. Aurreproiektu hori amaitu bezain laster, Elebitasunaren Batzorde Nazionalak beste bat bidali zion parlamentuari. Elebitasunaren Batzorde Nazionalak egindako ekarpenek, ordea, aurreproiektuaren espiritua itxuragabetzen zuten. Giroa zeharo sutu zen, eta Gizarte Zibilaren Tailerrak, protesta gisa, ez zuen aurreproiektua aurkeztu nahi izan. Hezkuntza Ministeriordetzak esku hartu zuen auzian, eta elkarrizketarako deia egin zien bi aldeei. Elkarrizketa horretan, Elebitasunaren Batzorde Nazionalak adierazi zuen guaranierak beste hizkuntza indigenen pareko estatutua izan behar zuela. Argumentua honako hau zen: guaraniera ordura arte diskriminatuta egon zenez, berak ere parekoei ez zien handik aurrera diskriminaziorik eragin behar. Jakinarazi zuten, gainera, gutxiengo guztiek zutela hezkuntza ama hizkuntzan jasotzeko eskubidea, ez bakarrik hizkuntza ofizialetako batean hitz egiten zuten haurrek. Gizarte Zibilaren Tailerreko kideek argudiatu zuten guaraniera ez dela gainerako hizkuntza indigenen parekoa, baizik eta haien gainetik dagoela. Baieztapen hori defendatzeko, guaranieraren eragin soziala eta Konstituzioak aitortzen dion maila juridikoa hartu zituzten oinarritzat. Gizarte Zibilaren Tailerreko partaideek adierazi zuten guaraniera gaztelaniarekin soilik parekatu behar zela, eta gainerako hizkuntza indigenen gainetik zegoela. Adierazi zuten, gainera, guaraniera ez zela jada indigenen hizkuntza soilik, Paraguaiko komunitate nazional ez-indigenak bere egin baitzuen. Ministeriordetzako teknikarien bitartekotza eta ekarpenekin amaitu zen elkarrizketa. "Hizkuntzei buruzko legearen aurreproiektua" izeneko testua adostu zuten, eta Errepublikako presidenteari aurkeztu zioten. Egun batzuen buruan, presidenteak Senatura bidali zuen, botere betearazlearen lege proiektu gisa. 2008ko apirileko hauteskunde orokorrek eragotzi zuten une hartan lege proiektuak aurrera egitea, baina oztopo hori jada desagertu da, amaitu baitziren hauteskundeak, eta proposamena egin zuten sektore kulturalek espero dute aurkeztutako proiektua laster lege izatea. Adostasunaren emaitza da proiektu hori, eta horixe da bere abantaila: sektore publiko eta pribatuen arteko adostasunaren ondorio da, eta guaranieraren eta Paraguaiko elebitasunaren auziari buruzko pentsamendu korronte ezberdinen arteko adostasuna du oinarri.

Hezkuntza sistemaren zeregina etorkizunean

Paraguaiko hezkuntza sistemak lan itzela du: belaunaldi berrietako gazteak hiritar elebidun koordinatu bihurtzea. Guaranieraz eta gaztelaniaz gain, beste hizkuntza bat ere ikasi behar dute (eskuarki, nazioartean oso erabiliak diren hizkuntzetako bat, erabilienei eman behar baitzaie lehentasuna). Hizkuntzak ikastea eta lantzea funtsezkoa da gazteentzat, eta guaranieraren premia dute beraien identitate kulturala finkatzeko, identitate hori ondo osatuta ez badago gizakia ezin baita proiektatu. Halaber, gaztelania ondo ezagutu eta erabili behar dute, kultura ofizialera iristeko eta gizateriaren zati handi batekin harremanak eduki ahal izateko. Azkenik, nazioartean erabiltzen diren hizkuntza nagusietako bat behar dute, nazioarteko komunitatean eta kultura unibertsalean arazorik gabe txerta daitezen. Hezkuntza sisteman gaur egun irakasten diren hamalau edo hamabost irakasgaien ordez hizkuntzen ezagutzan oinarritutako irakaskuntza emango balitz, emaitza hobeak izango lituzke hezkuntza prozesuak. Hizkuntzen auziari inoiz ez zaio behar besteko garrantzia eman Paraguain. Bost mendez bizi eta hil dira paraguaitarrak hizkuntzaren alorreko gatazkaz jositako gizartean, gatazka horietaz ohartu gabe, ordea. Estatuak, errealitate linguistikoa ez onartzeaz gain, ezkutatu egin du beti errealitate hori. Hori guztia dela eta, gaur egun herrialde atzeratua dugu Paraguai, garapen bidean mendetako atzerapena duena, eta ezjakintasunean murgilduta eta nahastuta dago. Eta latzena da paraguaitarren identitate kulturala desagertzeko arrisku larrian dagoela, globalizazioak eta lurraldea okupatzen ari diren atzerriko potentziek estuturik. Paraguaik iraun dezan, ezinbestekoa da intelektualek astindu eder bat ematea hezkuntza sistemaren norabideari. Etorkizunaren esperantzak bizirik irauteko, gure herriak identitate linguistiko eta kulturalean oinarritutako paraguaitar izatea landu behar du. Ez dago beste biderik. Independentzia eta subiranotasuna, hain zuzen ere, horrelaxe lortu genituen. Herrialde honek ez du itsasorik, ez du petrolio hobirik, ez urre meategirik, ez gas hobirik. Subiranotasuna lortu zuen, Río de la Plata inguruko kultura desberdina eta bereizia izan zelako hasiera hasieratik. Paraguai ez da soilik estatu bat; nazio bat da, zentzu antropologikoan. Nolabaiteko determinismo historikoaren ondorio da paraguaitarren identitate kulturala. Herria sortzeko prozesuan hainbat elementuk izan zuten eragina: "etnia berri" mestizo baten sorrera, herriaren oinarri sozial gisa; guaranieraren iraupena eta haren transferentzia jatorrizko komunitate indigenatik biztanleria nazional mestizora; gaztelanian eta guaranieran oinarritutako elebitasunaren hedapena eta iraupena; kultura bipolarra; sinkretismo erlijiosoa, guaranien eta kristauen ohiturak uztartzen zituena; herrialdearen isolamendu geografikoa, "uharte kultura" garatzea bultzatu zuena; inguruko herrialdeen etengabeko erasoak; eta, jakina, herriaren independentzia nahia.

Guaraniera: amerikar hizkuntza bideragarriena

Aipatutako guztiaren ondorioz -jakinik Amerika osoan ez dagoela guaranierak Paraguain lortutako baldintza sozial, politiko, juridiko eta kulturalak dituen beste hizkuntzarik- esan dezakegu guaraniera dela amerikar hizkuntza bideragarriena. Komunitate nazional ez-indigenak bere egin du hizkuntza hori, eta herrialde osoan erabiltzen da. Biztanle mestizoen eta sei komunitate indigenetakoen artean miloi bat elebakar daude. Guaraniera Estatuaren hizkuntza ofiziala da, eta, batez ere, herrialdeari eta herritarrei berezko identitate kulturala ematen dien hizkuntza, paraguaitarren %85en ama hizkuntza baita. Duela lau mende baino gehiago ekin zitzaion guaraniera aztertzeari. Zenbait hiztegi orokor egin eta gramatika garrantzitsuak argitaratu dituzte. Poesia, ipuin eta antzerki ugari idatzi da guaranieraz, eta, beste amerikar hizkuntzetan ez bezala, nobelak ere bai. Hori guztia dela eta, Amerikaren identitatearen aldeko borrokaren abangoardian dago guaraniera. Izan ere, Amerikako 28 estatu subiranoek europar hizkuntzak soilik erabiltzen dituzte. Paraguain guaraniera normaltasunez erabiltzeak amerikar hizkuntza baten salbazioa lekarke, eta beste asko ere salbatzeko esperantza. Baina guaranierak helburua lortzen ez badu, beste amerikar hizkuntzak ere desagertzeko arriskuan egongo dira. Beraz, guaranieraren kausa Amerika osoari dagokio, eta gainera, mundu osoan eleaniztasuna eta kulturaniztasuna sustatzen duen korrontearen kausa da.


Bibliografia

  • Biztanle eta Etxebizitzen Errolda. Paraguai, 2002. Redatam+SP erabiliz prozesatua. CEPAL/CELADE 2003-2007.
  • Paraguaiko Errepublikaren Konstituzio Nazionala. Edizio ofiziala. Inprimategi nazionala. 1992.
  • Corvalan, Grazziella; eta Granda, Germán de. Sociedad y Lengua: Bilingüismo en el Paraguay. Centro Paraguayo de Estudios Sociológicos. 1982.
  • Dall'igna Rodrigues, Aryon. Comunicación personal.
  • Taller de la Sociedad Civil. Leirâ, Paraguái Retâ Ñe'ênguéra Reheguáva - Proyecto de Ley de Lenguas de la República del Paraguay. Editora Gráfica Marben. 2008ko otsaila.
  • Zarratea, Tadeo. Gramática Elemental de la Lengua Guaraní. Editora Marben. 2002. ISBN 99925-46-21-2.
  • Zarratea, Tadeo. "El Mapa Lingüístico del Paraguay" eta "El caso del guaraní en el Paraguay", in: La diversidad lingüística en América. De México al Cono Sur. Unesco Etxea. Amarauna. 2007. ISBN: 978-84-9746-410-9.
  • Zarratea, Tadeo. "La salud de las lenguas amerindias en el ámbito cultural. El caso de Paraguay", in: Lenguas de América. Amerindiar hizkuntzen IV. foroa. Casa Amèrica Catalunya. ISBN: 978-84-85736-31-7/DL: B-39374-2007.

 


(*) Biztanleriaren eta Etxebizitzen Errolda. Paraguai, 2002. Redatam+SP erabiliz prozesatua. CEPAL/CELADE 2003-2007. [Itzuli]
[1] Aryon Dall'igna Rodrigues. Comunicación personal.[Itzuli]
[2] Grazziella Corvalan eta Germán de Granda. Sociedad y Lengua: Bilingüismo en el Paraguay. Centro Paraguayo de Estudios Sociológicos. 1982.[Itzuli]
[3] Tadeo Zarratea. Gramática Elemental de la Lengua Guaraní. Editora Marben. 2002. ISBN 99925-46-21-2.[Itzuli]
[4] Tadeo Zarratea. La diversidad lingüística en América. Unesco Etxea. Amarauna. 2007. ISBN:978-84-9746-410-9.[Itzuli]
[5] Joan Moles i Carrerak sortutako esaera. Catalunya.[Itzuli]
[6] Rubén Bareiro Saguierrek jarritako izena. Ñemity aldizkaria, 4. zenbakia. 1980.[Itzuli]


Azken eguneratzea: 2008/11/17

Gazte-txartelak bere zozketa eta lehiaketei baldintza batzuk ezartzen dizkie. Parte hartu nahi baduzu baldintzak onartu behar dituzu nahitaez.