Azken eguneratzea: 2009/06/24
Kulturak gizartearen aniztasunaren adierazgarri izan behar du
Kultura Sailean EAEko gizartearen bi hizkuntzetako baten alde egiten den lana ez da inoiz ere izango bestearentzako kaltetzat

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Gazteria Batzordean, legegintzaldi honetan aurrera eramango duen kudeaketaren oinarri programatikoak azaltzeko. Sailburuaren esanetan, “kultura berez da garrantzitsua, ez da bakarrik halako nortasun bat eraikitzeko tresna bat edo herri baten sinbologia edo ikonografia finkatzeko edo hedatzeko lanabesa”.

Blanca Urgellek Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuorde Antonio Rivera eta Hizkuntza Politikararako sailburuorde Ramón Etxezarreta izan ditu ondoan, bai eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendari José Antonio Blanco ere, eta agerraldian esan duenez, ahalegin guztiak egin behar dira gizartean elkarbizitza baketsuan dauden askotariko sentiberatasun ideologikoak bat etortzeko moduko politikagintza bultzatzeko. “Gizarte demokratiko, ireki eta aske batean kulturak gizarte horren beraren aniztasunaren adierazgarri izan behar du, eta gai izan behar du aldi berean iraganetik iritsi zaizkigun tradiziorik onenak iraunarazteko eta tradizio horiek etengabe eguneratu eta etorkizunerantz proiektatzeko; baina, baita gizarte garaikideak bere baitan sortzen nahiz beste nonbaitetik eskuratzen dituen tradizio eta balio berriak bultzatzeko ere”, esan du.

Sailburuak agerraldian argitu du euskal kulturak beste aro batera igaro beharra daukala orain, bere esanahia zabaldu eta aberastu beharra daukala, orain egokitu zaigun garaiari eta ingurune berriari egokituz, sustrai sendoekin modernotasuneranzko jauzia emanez. Bestalde, gaur egun bizitzen ari garen krisi ekonomiko zailaren aurrean, Blanca Urgellek nabarmendu du kultura “inbertsio on bat ere badela”, eta Sailak oinarrizko hiru ardatzetan funtsatuko duela bere lana: euskal gizartea orainaren erronka eta desafioei aurre egiteko moduan jarriko duen kultura, askotariko gizarte baten nahi eta beharrei erantzuteko gai izango dena eta munduari irekia; kultura hurbila, alegia, funtsezko baliotzat herritarren parte hartzea edukiko duena eta herritarrengandik eta herritarrentzat sortutako politika garatuko duena; eta bakearen eta bakerako kultura. “Euskal artistek eta kultura alorreko gizarte eragileek ezin diote bizkarra eman euskal herritarren bake nahiari, eta beren artea eta lana ezinbesteko bidelagun izan daitezke bakea posible bihurtzeko ahaleginean”, azpimarratu du.

Agerraldian jorratu duen beste gai bat hizkuntza-politika izan da. “Gure politika, beraz, elebitasunaren aldeko politika izango da, eta politikagintza horretan EAEko gizartearen bi hizkuntzetako baten alde egiten den lana ez da inoiz ere izango, eta ezingo du inork ere hartu, bestearentzako kaltetzat”, esan du. Gogora ekarri du, baita ere, euskarak, edozein kultura-hizkuntzak bezalaxe, bere gizartean bertan arnasa egin ahal izateko halako hedatze bat behar duen era berean, behar dituela, orobat, ezagutza, proiekzioa eta ospea bere mugetatik kanpo ere. “Ezein euskal hitz izango da arrotz, entzun, ulertu, aztertu edo ikasi nahi duenarentzat”, adierazi du Etxepare Institutuaren helburuak aipatu dituenean.

Halaber, azaldu du Euskadiko errealitatea askotariko errealitatea dela gizarte, politika, kultura eta hizkuntzaren ikuspegitik, eta, horregatik, Sailaren hizkuntza politikak aintzat hartu eta errespetatu egingo ditu euskal herritarren desberdintasunak, eskubideak eta askatasunak. “Ahalik eta adostasun sozial eta politikorik handiena daukan hizkuntza politika garatu nahi dugu datozen urteetara begira, gure gizartean dauden eragile sozio-politiko desberdinekin negoziatuz eta haien partaidetza integratuz, bistan delako hizkuntzaren kontuan ere, gizarte demokratiko batean behar den bezala, ikuspegi desberdinak daudela, begirada desberdinak”, adierazi du Blanca Urgellek.

Alde horretatik, erantsi du ezen hizkuntza politikaz arduratzen den administrazio-sail baten eginkizunen artetik delikatuena izaten dela jatorriz euskaldun ez diren herritarrak ere euskararen sustapen-neurrietara erakartzea; bestela esanda, elebakar diren herritarrei erakustea gizarte elebidun baten elkarbizitza ikuspegi politikotik antolatzeko orduan administrazio desberdinek hartu behar dituzten erabakien ondorioetan eurek ere badutela eta izan behar dutela egiteko moduko ekarpenik. “Inposizioetatik ihes eginez, pertsuasioak izan beharko du Sail honen lanabesik sendoena, hizkuntzetako baten alde hartzen diren neurriak edo hiztun batzuen eskubideen alde hartzen diren erabakiak inork ez ditzan har inposiziotzat edo bere buruarentzako kaltetzat”, azaldu du.

Kultura azpiegituren atalean, Euskadik gaur egun duen goi-maila azpimarratu du, baina, era berean, aitortu du kulturaren aldeko jarduera publikoa sakabanaturik dagoela maila desberdineko erakundeen artean. Hori dela eta, Kultura Sailaren helburua izango da kulturaren esparru horietako bakoitzaren errealitatea erlazionatu eta hierarkizatzea, horretarako erakunde guztiekin eduki beharreko elkarrizketaren bitartez. “Orain dagokigun egitekoa ez da izango kultura azpiegitura (museo, liburutegi, kulturgune) berri gehiago eraikitzea, baizik eta behar den gogoeta partekatua egitea inplikatuta dauden erakunde eta eragile publiko eta pribatu guztiekin, orain dauzkagun azpiegitura horiei etekin gehiago ateratzeko, eragingorrago eta sozialki errentagarriago ere bihurtzeko”, zehaztu du.

Blanca Urgellek ez ditu ahaztu Kultura Sailak mendean dituen beste bi jardun-eremu: Gazteria eta Kirola. Sailburuaren ustez, gazteriarako politikaren helburu argi izan behar du beren jatorrizko etxetik ateratzen diren gazteen portzentajea nabarmenki handitzea EAEn, eta 25 eta 29 urte bitarteko adinarekin beren familia-gunea osatu dutenen kopuruak gora egitea. Kirolari dagokionez, bestalde, Kirolaren Euskal Plana aipatu du, eta orain arte izan dituen emaitzak aztertuko direla iragarri du. Horrekin batera, hitz eman du arreta berezia eskainiko zaiola herritarren kirolgintza suspertzeari ere.

Kultura eta Gazteria Batzordearen aurreko agerraldiaren hitzaldia (pdf, 118 Kb)

EITBren Kontrola Batzordearen hitzaldia (pdf, 26 Kb)

Orain honako lehiaketa eta zozketetan parte har dezakezu:

Eta hilabetero, honako hau zozkatzen dugu:

Gazte-txartelak bere zozketa eta lehiaketei baldintza batzuk ezartzen dizkie. Parte hartu nahi baduzu baldintzak onartu behar dituzu nahitaez.