Azken eguneratzea: 2009/01/07
Kontsumo Zuzendaritzak gogorarazten du merkealdian prezioak murrizten direla soilik, inoiz ere ez kalitatea edo bermeak
Iaz, Kontsumoko Lurralde Ordezkaritzek eta Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoek neguko merkealdiarekin loturiko 19 erreklamazio jaso zituzten

Gabonak amaitzearekin batera merkealdia hastera doakigu, eta gaurtik -urtarrilaren 7a- martxoaren 31ra bitarte, gehienez, aukera izango dugu produktu berak urte osoan baino prezio baxuagoan aurkitzeko, kalitate eta berme berekin betiere.

Behar bezala erosi baino lehen, beharrezkoa da aurretik hausnartzea eta erosketen plangintza egitea. Horrela, maiz publizitateak edo presa eta jendetzak eragindako jokabide oldarkorrak saihestuko ditugu, benetan behar ez ditugun produktuak kontsumitzera bultzatzen baikaituzte batzuetan horrelako jokabideek.

Era berean, garrantzitsua da saltokiak eskaintzen duen informazioari erreparatzea, kontsumitzaileak erositako produktua itzuli nahi badu. Kasu horietan legeak dirua itzultzera behartzen ez badu ere, zenbait saltokik aukera hori eskaintzen dute eta beste batzuek, aldiz, jorraturiko zenbatekoaren txartela ematen dute. Erosi aurretik betiere kontuan izan beharreko datuak dira horiek.

Dena dela, saltoki ia guzti-guztiek betetzen dute baldintza hori. Horren erakusgarri dugu iaz merkealdiarekin loturiko erreklamazioen kopurua hogei izatera ere ez iritsi izana. Guztira, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumoko Lurralde Bulegoek hamalau erreklamazio izapidetu zituzten (bat Araban, sei Gipuzkoan eta zazpi Bizkaian). Gainerakoak Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetan izapidetu ziren. Zehazki, bi Araban, bi Gipuzkoan eta bat Bizkaian.

Dena den, arazoak saihestu eta modu arduratsuan kontsumitzeko, komeni da betiere erne egotea eta honako informazio hau ezagutzea:

1.- Merkealdia hasi baino gutxienez hilabete lehenago prezio arruntean merkaturatu ez diren produktuak ezin dira merkeago saldu, ezta hondatu direlako gutxiago balio duten produktuak ere, horiek soilik saldo gisa iragarri baitaitezke. Ez ditugu merkealdia eta likidazioa nahastu behar, likidazioak salbuespenezko baldintzek eraginda ezarri behar baitira, esaterako jarduera uzteak, edota merkataritza-orientazioz edo lekuz aldatzeak. Eskaintzak edo sustapenak ere ez dira merkealdi, produktuak sustatzeko edota merkataritza garatzeko erabiltzen baitira horiek.

2.-Produktu akastuna salduz gero, saltokiak itzulketa onartu behar du, kontsumitzailearentzat inolako kalterik gabe.

3.- Merkealdiak saltokiko produktu guztiak eraginpean hartzen ez baditu, beheratutako produktuak eta gainerakoak argi eta garbi bereizi behar dira.

4.- Beheratutako produktuek etiketa egokia eraman behar dute, eta konposizioa adierazi behar dute.

5.- Produktu bakoitzaren prezioak argi eta garbi adierazi behar ditu lehen zuen prezioa eta prezio beheratua.

6.- Kanpotik ikus daitekeen moduan adierazi behar dira erakusleihoetako produktu beheratuen prezioak.

7.- Saltokiek eskaintzen dituzten ordainbideek, hala nola txartelek, indarrean jarraituko dute merkealdian, argi ikusteko moduan aurkakoa adierazten ez bada.

8.- Faktura edo erosketa-tiketa eskatu behar da beti, eta erreklamazioak egiteko aukera izateko, gorde egin beharko dira.

9.- Bermealdian erreklamatu behar izanez gero, oso garrantzitsua da faktura edo tiketa gorde izana, produktua erosi den eguna frogatzeko. Izan ere, daukagun dokumentazio guztia gordetzea komeni da: publizitatea, entrega-albaranak eta merkataritza-bermea (saltokiak halakorik eskaintzen badigu). Hau da, epeak, produktuaren ezaugarriak edo saltzailearekiko akordioak frogatzeko baliagarri zaigun oro gorde behar dugu.

10.- Merkealdiek gutxienez astebeteko eta gehienez bi hilabeteko epea dute. Merkatari bakoitzak bere saltokiko merkealdiaren iraupenaren berri eman behar du.

 

Laburbilduz, gogoan izan behar dugu merkealdiak ez dituela inolaz ere gure eskubideak murrizten, eta beraz, bai produktuen kalitateak eta bermeak, bai erosteko baldintzek, garai horretatik kanpo daudenen berdin-berdinak izan behar dute.

 

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 7a

 

Gazte-txartelak bere zozketa eta lehiaketei baldintza batzuk ezartzen dizkie. Parte hartu nahi baduzu baldintzak onartu behar dituzu nahitaez.