Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2015/10/28

2015eko hirugarren hiruhilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 26,7koa da

Bigarren eta hirugarren hiruhilekoaren artean puntu bat baino gehiago jaitsi da

Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren 2015eko hirugarren hiruhilekoari dagozkion datuak argitaratu berri direla-eta, Euskadiko Autonomia Erkidegoko (EAEko) gazteen langabeziaren egoera aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak.

Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du inkesta hau eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitartekoen datuak helarazi dizkio. 2015ean Eustatek kalkulatzeko metodologia aldatu du zertxobait, fenomenoari hobeto heltzeko asmoz eta, hori dela-eta, ezin izango dugu oraingo datuak aurreko urteetakoekin konparatu (horiek beste metodologia batekin kalkulatuta baitzeuden).

Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren pertsona aktiboen (lan egiteko moduan egonik, azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsonen) ehunekoa adierazten du langabezia-tasak. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.

EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 26,7 da 2015eko hirugarren hiruhilekoan.

Gizon eta emakume gazteen langabezia-tasa ia berdina da (% 26,7 eta % 26,6, hurrenez hurren) eta lurralde historikoei joz gero, ikus dezakegu Gipuzkoan gazteen langabezia-tasa beste lurraldeetan baino baxuagoa dela (% 23,9, hain zuzen ere). Araban, aldiz, tasarik handiena jaso da (% 29,7).

Dena den, bilakaera ez da talde guztietan berdina izan. Gizonen artean behera egin du; emakumeen artean, ostera, zertxobait egin du gora. Era berean, Bizkaia eta Gipuzkoan behera egin du; bitartean, Araban, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, gora egin du.

Datuok Gazteen Euskal Behatokiaren Estatistiketan daude eskuragarri, Lanari dagokion atalean, hain zuzen ere.

Jarrai gaitzazu gizarte sareetan!