Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2014/12/15

Beren kabuz emantzipatu nahi duten Euskadiko gazteek soldata erdia baino gehiago bideratu behar dute alokairu-errenta edo hipoteka ordaintzera

Hipotekaren lehen kuota ordaintzeko soldataren % 63 erabili behar dute eta alokairu-errenta ordaintzeko % 59

Gazteria eta Kirol zuzendariak, Jon Redondo Lertxundik, 'Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2007-2013' (pdf, 1 Mb) ikerketa aurkeztu du gaur goizean. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak koordinatu du eta burutzeko Joffre López Ollerri, emantzipazio-adierazleetan adituari eman dio agindua.

Ikerketak 10 adierazle sintetiko aurkezten ditu. Adierazle horiek 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunei euren kabuz etxebizitza libre bat jabetzan zein alokairuan eskuratzeak lekarkiekeen kostua islatzen dute.

Adierazleok sortzeko erlazioan jartzen dira gazteen batez besteko soldata garbiak eta salerositako etxebizitza libreen eskriturazio-prezioak edo alokairu-errentak. 2007 eta 2013 arteko aldirako kalkulatu dira, hau da, krisiaren aurreko oparoaldi ekonomikoko urteetatik orain arte, eta Euskadi osorako azaldu ez ezik, lurralde, sexu eta adin taldeen arabera ere aurkezten dira. Espainia osorako kalkuluak ere egin ditugu eremu biak urte tarte berean erkatu ahal izateko.

Ikerketak ondorioztatzen du etxebizitza librea eskuratzeak, jabetzan zein alokairuan, hileko soldata garbiaren % 40 baino gehiagoko kostua dakarkiola gazte soldatadun bati Euskadin, eta horregatik euren kabuz emantzipatzen direnek gehiegizko ahalegin ekonomikoa jasan behar dutela.

2007-2013 epealdian, etxebizitza bat erosteko egin beharreko ahalegin ekonomikoa arindu da eta gehiago nabaritu izan da erosteko kostuan alokatzekoan baino, salmenta prezioak alokairu-errentak baino gehiago jaitsi baitira. Hala ere, eskuratze kostuaren beherapen hori ez da nahikoa izan soldatadun gazte gehienak bakarka emantzipatu ahal izateko.

Emakumeek eta 25 urtez azpiko gazteek dituzte etxebizitza merkatu librean eskuratzeko kosturik altuenak, beraien soldatak baxuagoak izaten baitira.

Oso nabarmenak dira, bestalde, lurralde historikoen arteko aldeak. Etxebizitza librea, jabetzan zein alokairuan, eskuratzeko kostuak Gipuzkoako lurraldean dira altuen; etxebizitza garestiagoa baita Gipuzkoan. Arabak, aldiz, kostu baxuenak ditu.

Estatuaren batez bestekoaren aldean, eskuratze-kostuak handiagoak dira Euskadin, jabetzari zein alokairuari begira.

Hala ere, emantzipazio-tasak antzekoak dira Euskadin eta Espainian. Nola azaldu daiteke hori? Alde batetik, gazte gehienak ez direlako bakarrik emantzipatzen, bikotekidearekin edota lagunekin edo ikaskideekin baizik eta horrela gastuak partekatzen dituzte. Bestalde, etxebizitza babestua hedatuago dagoelako gure erkidegoan Espainiako gainontzeko lurraldeetan baino. Euskadin ekoizpen-erritmo jarraitua mantentzea lortu da, etxebizitza babestuaren aldeko apustu publikoa dela kausa, eta etxebizitza babestuen salerosketa egonkorrari eutsi zaio aztertutako epealdian. Zalantzarik gabe, horri esker lortu du hainbat gaztek etxebizitza eskuratzea.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!