Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2015/10/22

Euskadiko gazteen erdiek baino gehixeagok parte-hartze sozial altua edo ertaina dute

Gazteen Euskal Behatokiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak diseinatutako inkesta bat erantzun zuten telefonoz 1512 gaztek. Ikerketa horren helburua hauxe izan da: aztertzea eta neurtzea 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen parte-hartze moduak bai eta beren konpromiso soziala ere.

Ikerketaren emaitza nagusiak (pptx, 4 Mb) aurreratuko ditugu orain, eta txosten osoa urte bukaeran egongo da eskuragarri:

Elkartegintza. Gazteen erdiak baino gehiago (% 57,3) elkarteren bateko kide dira, batik bat kiroletakoak edo ludikoetakoak. Hamar gaztetik seik sarritan parte hartzen dute eta beste heren batek noizean behin parte hartzen du.

Boluntariotza. Egun, gazteen % 23,6k boluntario lanak egiten ditu. Boluntario lanak definitzean kontuan hartu dira modu egonkorrean (urtean zehar edo udan) egiten direnak, zein momentu jakinetan egiten direnak ere. % 17,3k boluntariotza egonkorra egiten du; neskek mutilek baino gehiago, eta bereziki hezkuntza-aisialdian. % 12,1ek momentu jakinetako lan boluntarioetan parte hartzen du, batez ere kirol arloan. Boluntariotza egiteko modu hauek ez dira bateraezinak; gazte batzuek bietara jotzen dute.

Ekintza sozialak. Ikerketa osatzeko gizartean parte hartzeko beste era batzuk aintzat hartu dira, tradizionalak direlako eta gazteen presentzia handia dutelako, nahiz eta aurrekoak bezain instituzionalizatuak eta formalak ez izan. Aukera zabaletik zortzi hautatu dira eta horietan gazteek azken urtean parte hartu ote duten aztertu da:

  • Kultura, kirol edo jai-ekitaldi herrikoiak: % 62,6
  • Sinadura-bilketak: % 54,5
  • Eztabaidak edo salaketak Interneten, sare sozialetan edo aplikazio mugikorretan: % 53,1
  • Manifestazioak eta elkarretaratzeak: % 50,3
  • Helburu sozialetarako diru-bilketak: % 49,3
  • Batzarrak eta asanbleak: % 41,6
  • Hauteskundeak eta bozketak: % 38,8
  • Odola eta organoak ematea: % 25,7

Bost gaztetik batek eztabaidak edo salaketak antolatu ditu Interneten, sare sozialetan edo aplikazio mugikorretan. Ageri da ziberaktibismoa parte-hartze sozialerako modu berri eta indartsua dela.

Parte-hartze sozialaren indizea. Aztertutako hiru parte-hartze moduak eta egiten diren intentsitatea eta konpromiso-maila konbinatzean lortzen den indizearen arabera, euskal gazteen % 55,8k parte-hartze sozial altua (% 12,5) edo ertaina (% 43,3) du, hau da, elkarteren bateko kide dira, boluntario-lanak egiten dituzte eta proposaturiko ekintza sozialen bat antolatu dute azken urtean edo horietako gehienetan parte hartu dute.

Jarrai gaitzazu sare-sozialetan!