Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2017/02/02

Elkarrizketa EMAIZE Sexologia Zentroko Raúl Marcos Estradarekin, 'Erotika 2.0: zibersexoa, sexting-a eta intimitatea pornografia bihurtzea nerabezaroan' ikastaroaren hezitzailearekin

  • Emaize Sexologia Zentroak Internet, Harreman, Informazio eta Komunikaziorako Teknologiak HIKTekin eta garai digitalarekin zerikusia duen formakuntza proposatzen digu berriz ere. Zer da gai hau sexologiaren ikuspuntutik lantzea eskaintzen diguna?  

IKETek gure bizitzan izan duten eta egun duten eragina ikuspegi sexologikotik lantzea ezinbestekoa da, ezin baitugu ahaztu interneta pertsonek osatzen dutela, hau da, gizon eta emakume, neska eta mutilak, zeinak eremu digitalean harremanak izatean ez duten bere izate sexuduna alboratzen.

Bestetik, gai honetara ikuspegi sexologikotik hurbiltzeak, indarra harreman guztiek duten giza faktorean jartzea dakar eta ez hainbeste alde teknologikoan, askotan azken hau besterik ez baita kontutan izaten honi buruzko formakuntza egitean. Gazteen sexualitatearen arretan ezinbestekoa da ikuspegi honetatik lan egitea. 

  • Ze neurritan eragin izan du Internetek gure harremanak izateko moduan? 

Gure harreman gehienak, adiskide, bikote, senitarte zein lankideekin bide digital ezberdinen bitartez ematen dira neurri batean (korreo elektroniko, sare sozialak, WhatsApp…) Pertsona berdinak izan arren, ez dugu berdin jokatzen offline edo online ari garenean. Are gehiago, gure harremantzeko modua aldatu egiten da korreo elektronikoa edo sare sozialak erabiltzean. Komunikazioa, gatazken kudeaketa edota sortu ditzakegun harreman erotikoak kode ezberdinek markatzen dituzte tresna digitalen bidez ematen direnean. Distantziak, denbora eta espazioak gure harremanetan eragin handia dute offline ari garenean; online ditugun harremanetan, ordea, ezaugarri hauek ez dute hainbesteko garrantzirik. Egun, etengabeko kontaktua izan dezakegu norbaitekin WhatsApparen bitartez. Honek, alde on eta txarrak ditu, hala nola, mugikorraren bidezko bikotekidearen kontrola. Alderdi hauek guztiak kontutan izan behar ditugu gazteekin lan egiterakoan. 

  • Zibersexua, sexting… Hau al da harreman erotikoen etorkizuna? 

Biak gaur egungo praktika erotikoak dira, baina hauek ohiko elkartze erotikoak ordezkatuko dituzten galdetzen badidazu, egia esanda ez dut uste. Egia da ordea, Internetek antsietate gutxiko eremua sortzea baimendu duela, erotikaren ohiko arriskuak, planifikatu gabeko haurdunaldiak eta genital bidezko infekzioak, besteak beste, zentzugabetu egiten dituena. Honek ez du esan nahi zibersexuak arriskurik ez duenik, baina bestelakoak dira, horien artean pertsonen arteko interakzio erotiko hauetan pribatutasunaren urratzea eman daitekeela. Urratze hau harremanaren partaide batek elkartze erotiko horietan sortutako ikus-entzunezko materiala zabaltzean ematen da.  

Erotika digitalak ez du etekin genital eta antisorkuntzaren eraginik, ezta espazioarena ere. Gazteen artean harreman erotikoak izateko leku egokiaren falta zailtasun bihurtzen da, toki desegokietara jo beharra sortzen delarik. Zibersexuan baldintza honek garrantzia galtzen du, bakoitzak bere eremutik harremantzen delako bestearekin. Eroso sentiarazten gaituzten tokiak ematen digun lasaitasunetik jokatzen dugu. Eta honi zibersexuan besteari eta elkartzeari buruzko itxaropen positiboa gaineratu behar diogu. Benetako harremanak dira, baina irudimena eta fantasia oinarrizko osagaiak dira eta horrek offline izan ditzakegun harremanak baino positiboagoak izatean eragina du, hauetan gertatzen dena batzuetan ez delako irudikatu dugun bezain ona.

  • Zertaz ari zarete bizitza intimoaren “pornografizazioaz” hitz egitean? 

Pornografia bezala uler dezakegunaren definizioan barneratua dago ikuslearen kitzikatzea bilatzea, materiala marrazkia, argazkia, filma edo antzezlana izan. Sexting egitean edota Skype bidezko harreman erotikoak izatean, adibidez, subjektu aktiboak gara, baina aldi berean objektu bihurtzen gara, bestearen desioaren zerbitzura dagoen objektua. Gure bizitza erotikoaren aktore eta ikusle bihurtzen gara. Bestetik sare sozialak eta bestelako komunikazio digitaleko plataformak, gure intimitatea ikusi nahi duen ikuslegoa dugula sinestarazi digute. Hauek dira gure intimitatearen “pornografizazioa” emateko arrazoiak.

Gazteek sexting egiten dutenean (hau da, pertsona berezi bati, gehienetan bikotekideari, eduki erotikoa duen argazki edo bideoa bidaltzean), ez dira kontziente material horrenganako kontrola galtzen dutela eta epe motz edo luzean bere onarpenik gabe zabaldu daitekela. Gazteekin egindako lanaren ondorioz, argi dugu gai hauek landu behar ditugula sexting egitekotan berme osoz egin dezaten. 

  • Ikastaro hau gazteekin modu zuzenean edo zeharka lan egiten duten gizarte eta hezkuntza eragileentzat da. Zer eskainiko die formakuntza honek? 

Hezitzaile eta eragile askok duten formakuntza digitala oso urria da eta kasu gehienetan sexuarekin harremanduriko guztiaren arrisku eta debekuan oinarritzen da. Gure abiapuntua bestelakoa da. Gaia garai digitalak eskaintzen dizkigun aukeretatik abiatuta lantzen dugu. Hau alde batetik, eta bestetik, tresna digitalen bitartez komunikatzeko eta harremanak izateko erabiltzen diren kode berriak ezagutzea nahitaezkoa dela uste dugu, lan egiten dugun gazte horien harreman asko eremu digital horretan ematen direlako. Online bizitzak offline bizitzan gero eta eragin handiago du. Formakuntza digitalak askotan gure bizitzako alderdi online horretan eskuhartzen du eta gure ustetan offline bizitza landu behar da, online ondo moldatu ahal izateko, eta ez alderantziz.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan! 

Facebookeko logoa   Twitterreko logoa 

GEBren logoa