Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2016/04/29

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen enpleguari buruzko analisia

Gazteen Euskal Behatokia burutzen ari den Enplegu eta emantzipazioa 2015 ikerketaren datuen aurrerapena


16 eta 29 urte bitarteko gazteen heren batek baino gehixeagok diote lana dela bere okupazio nagusia. Gazte horien lan-baldintzak aipatzerakoan nabarmendu behar dira behin-behinekotasun altua, lanaldi partzialen hazkundea, mila euro inguruko soldatak, bai eta enplegu erdiak soilik daudela lotuta gazteek ikasitakoarekin.

30 urtez azpiko gazte okupatuak ia pisu bereko duten bi taldetan banatzen dira nagusiki: aldi baterako kontratua dutenak eta kontratu mugagabea dutenak edo aldizkako finkoak edo kooperatibistak direnak. Aldi baterako kontratua dutenen portzentajea Europako batez bestekoaren gainetik dago, hamar puntu baino altuago. Aitzitik, beren enpresa propioa duten autonomo edo enpresarioen portzentajea Europako batez bestekoaren antzekoa da baina jaitsi egin da azken urteetan.

Gazte okupatuen herenak baino gehixeagok lanaldi partziala dute, batez ere ezin izan dutelako lanaldi osoko enplegurik aurkitu. Lanaldi partziala areagotu egin da azken urteetan, emakumeen artean gizonen artean baino gehiago, eta berriro ere Europako gazteen batez bestekoa baino hamar puntu altuagoa da Euskadin lanaldi partziala.

Gazte okupatuen erdiek bakarrik diote lotura zuzena dagoela egindako ikasketen eta lortutako lanposturako beharrezkoa den kualifikazioaren artean. Batez besteko soldata 1000 euro ingurukoa da hilean, baina alde nabarmenak daude gizon eta emakume gazteen soldaten artean.

Oro har, emakumeen lan-baldintzak gizonenak baino kaskarragoak dira: gizonek baino aldizkako kontratu gehiago dituzte, lanaldi partzialeko lan gehiago dituzte eta euren soldatak baxuagoak dira.

[igo]

  • Enpleguak gora egin du baina ez da krisiaren aurreko portzentajera heldu

2015ean handitu da beren okupazio nagusia lana dela dioten gazteen ehunekoa (portzentaje hori beheranzko joera izan du krisia hasi zenetik hona) eta orain % 34,8koa da.

Ikerketa honetan gazteak berak modu subjektiboan esaten duen okupazio nagusiaz hitz egiten ari gara, beraz aipatutako portzentajean ez dira sartzen beren zeregin nagusia ikastea dela diotenak, nahiz eta edozein motatako lan gehigarri izan.

Hori dela eta, datu hau ezin da konparatu erakunde estatistikoek (Eustat, INE edo Eurostat) ematen dituzten okupazio-tasekin. Erakunde estatistikoen okupazio-tasa horiek Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) emandako definizioan oinarritzen dira. Definizio horren arabera, biztanleria okupatua hauxe da: Lan ordaindua eduki edo jarduera independenteren batean ari diren pertsonak, eta erreferentziako astean ordubetez gutxienez lanean aritutakoak; baita ere nahiz eta lanik egin ez, enpleguarekin lotura formala dutenak (gaixotasunak edo istripuak direla eta bajan daudenak, oporretan daudenak, eta abar), ordainketaren bat jasotzen dutelako edo/eta hiru hileko epean lanean berriz hastea berrikusita dutelako.

[igo]

  • Handitu egin da beren lanpostuan urtebete baino gutxiago daramaten gazteen ehunekoa

Beren enpleguetan urtebete baino gutxiago daramaten gazteen proportzioa handitu da aurreko urteetatik hona eta 2015ean % 44ra iritsi da. Hau da, krisia hasi zenetik bi egoera kontrajarriak nagusitu dira: krisiaren erasoei eutsi dietenak eta lanpostuan hiru urte baino gehiagoko aintzinatasuna dutenak, alde batetik, eta bestetik aldi baterako lanak soilik eskuratzen dituztenak eta oraingo lanpostuan urtebete baino gutxiagoko aintzinatasuna dutenak.

[igo]

  • Azken bi urteotan gehitu egin dira kontratu mugagabeak

2015ean 16 eta 29 urte bitartekoen % 41,6k kontratu mugagabea dute. Beste % 1,6 aldizkako finkoak dira eta % 0,3 kooperatibistak. Beraz esan dezakegu gazte okupatuen % 43,5ek lanean jarraitasuna bermatzen dion kontratua dutela.

Aitzitik, % 44,2k aldi baterako kontratua dute. Talde honetan ondokoak aurki ditzakegu: lan edo zerbitzu jakinerako kontratua dutenak (% 16,4), sasoiko kontratua dutenak (% 11,2), praktikaldiko kontratudunak (% 4,4), behin-behineko kontratudunak (% 2,5) eta beste motatako aldi baterako kontratua dutenak (% 9,6).

Azkenik, gazte okupatu guztien % 6,1 autonomoak edo enpresariak dira eta beste % 5,9k ez dute kontraturik.

2015ean 2013an baino kontratu mugagabe gehiago daude eta oraingo portzentajea 2004an eta 2008an izandakoen antzekoa da.

Bestalde, Euskadiko zifrak Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetakoekin alderatuz gero, ikus dezakegu Euskadin aldi baterako kontratua duten gazteen portzentajea Europako batez bestekoaren gainetik dagoela (% 32,6koa da Europako batez bestekoa) eta ez hori bakarrik, aldi baterako kontratuen portzentajerik handienetako herrialdeen artean kokatzen da Euskadi.

[igo]

  • Norbere kontura lan egiten duten gazteak gutxi dira

Gazte okupatuen % 6,1 autonomoak edo enpresariak dira. Portzentaje hori Europako batez bestekoaren antzekoa da (Eurostat, Europako Estatistika Bulegoak, aditzera eman duenez 2015ean % 6,4).

Norbere kontura lan egitea ohikoagoa da gizonen artean emakumeen artean baino. Euskadin % 7,9 dira beren kontura lan egiten duten gizon okupatu gazteak; Europan (28 herrialdeen batez bestekoa) beste horrenbeste, hau da % 7,9 ere bai. Emakumeen kasuan beren kontura lan egiten duten 16 eta 29 urte bitarteko emakumeak adin horretako emakume okupatu guztien % 4,1 dira, hau da, gizonen portzentajea baino txikiagoa. Europan ere gauza bera gertatzen da eta emakume gazte okupatuen artean beren kontura lan egiten dutenak % 4,8 baino ez dira.

Baina gazte autonomo edo enpresari hauek badute enpresa propioa ala norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren Araubide berezian alta emanda daude baina beste baten enpresan lan egiten dute? Hori jakiteko autonomoak direla dioten gazteei horixe galdetu zaie eta bi herenek badutela enpresa propioa erantzun dute; gainerako herenak, aldiz, beste pertsona baten enpresan lan egiten duela aitortu du. Gauzak horrela, bakarrik euren enpresa dutenak aintzat hartzen badugu 30 urtez azpiko okupatuen % 4,1 direla ikusten dugu.

2013an euren enpresa zuten autonomoak gazte okupatu guztien % 8,3 ziren. Hau da, bi urtetan zifra erdira murriztu da.

[igo]

  • Lan egiten duten gazteen herenak lanaldi partziala du; emakumeek gizonek baino gehiago

16 eta 29 urte bitarteko gazte okupatuen bi herenek lanaldi osoa dute (% 65,3); beste herenak, aldiz, lanaldi partziala (% 34,6).

Lanaldi osoko lanak ohikoagoak dira 25 eta 29 urte bitartekoen artean (% 67,1) 25 urtetik beherakoen artean baino (% 61,2); baina, dudarik gabe, alderik nabarmenenak gizonen eta emakumeen artean aurki daitezke. Gizon gazteen artean lan egiten dutenen % 77,9k lanaldi osoa dute; emakumeen artean portzentaje hori % 50,9ra murrizten da. Emakume gazte okupatuen artean ia erdiak (% 48,9) lanaldi laburra du.

2013tik 2015era pixka bat gehitu dira lanaldi osoa duten gizon gazteak, baina ez da gauza bera gertatu emakumeen artean; aitzitik, lanaldi partziala duten emakumeen portzentajea hamar puntu igo da.

Europa osatzen duten 28 herrialdeen batez bestekoak adierazten digu 15 eta 29 urte bitarteko gazte okupatuen % 23,2k lanaldi partziala dutela (Euskadiko portzentajea baino askoz baxuagoa), baina Europan ere sexuaren araberako aldeak nabarmenak dira: Europako emakume okupatu gazteen % 31,1ek dute lanaldi partziala, gizon gazteen kasuan % 16,4k bakarrik.

Euskadin lanaldi partziala dutenen ia bi herenek (% 62,6, gizon eta emakumeak batera hartuta) diote ezin izan dutela lanaldi osoko lanik aurkitu, beste % 17,2k adierazi dute nahi dutelako, hau da, interesatzen zaielako dutela lanaldi laburra, beste % 3,8k familiako betebeharrak dituztela argudiatu dute, % 3,1ek enpresak ezarritako derrigorrezko lanaldi murrizketa dutela diote eta gainontzeko % 12,8k ez dute arrazoi zehatzik azaldu.

[igo]

  • Gazte okupatuen erdiek baino ez dute euren formazioari lotutako lana

Gazte okupatuak ia pisu bereko bi multzotan banatzen dira euren lana eta formazioaren arteko loturaren arabera: lana jasotako formazioari oso edo nahikoa lotuta dagoela diotenak (% 52,7), alde batetik, eta bestetik lana eta formazioa pixka bat bakarrik edo ez daudela batere lotuta adierazi dutenak (% 46,7).

Gainera mutur bakoitzean gazte okupatuen heren bat kokatzen da; hau da, % 33,1ek diote bere lana oso lotuta dagoela ikasitakoari eta beste % 33,7k uste dute ez dagoela batere lotuta. Gainerako herenaren ustez, jasotako formazioa eta egiten duten lana nahiko lotuta daude edo pixka bat bakarrik.

Lana eta formazioa oso edo nahikoa lotuta daudela uste dutenen portzentajeak % 50etik % 60ra bitartekoak izan dira azken urteetan: 2008an % 51,5ekoa izan zen, 2011n % 58,7koa, 2013an % 52,9koa eta 2015ean % 52,7koa.

[igo]

  • Batez besteko soldata igo da baina emakumeena, aldiz, jaitsi egin da

Euskadin 16 eta 29 urte bitarteko gazte okupatuen batez besteko hileko soldata 996 eurotakoa da 2015ean.

Hori batez besteko soldata bada ere, alde handiak daude taldeen arabera.

Lanaldi osoko lana dutenek batez beste 1195 € jasotzen dituzte hilean; lanaldi partziala dutenek, aldiz, 605 € bakarrik.

Gizonek emakumeek baino soldata altuagoak dituzte: gizonek, batez beste, 1125 € hilean eta emakumeek 867 €. Lehenik aipatu izan dugu emakume okupatuen erdiek lanaldi partzialeko lanak dituztela eta badakigu lanaldi partziala dutenen soldata lanaldi osoa dutenen erdia jasotzen dutela, gutxi gorabehera. Baina hori al da emakumeek soldata baxuagoak jasotzeko arrazoi bakarra? Galdera horri erantzuteko, lanaldi osoko lanak dituzten gizon eta emakume gazteen soldatak alderatu ditugu eta ikusi izan dugu kasu honetan ere gizonezkoek emakumezkoek baino soldata altuagoak dituztela: 1242 € hilean gizonek eta 1119 € emakumeek. Ondoriozta dezakegu, beraz, gizon eta emakumeen arteko soldata-diferentzia ezin dela azaldu lanaldiaren arabera bakarrik.

Batez besteko soldata igo egin da 2011 eta 2013tik hona, baina emakumeek urte horietan baino gutxiago jasotzen dute 2015ean, batez beste.

[igo]

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!