Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2016/10/11

Euskadin hamar gaztetik zazpi errefuxiatuei laguntzak eta etxebizitza ematearen aldekoak dira

Errefuxiatuen krisia pil-pilean jarraitzen du. Hungarian urriaren 2an egin den erreferendumak agerian utzi ditu, berriro ere, Europarentzat errefuxiatuen heltzeak sortzen dituen zailtasunak.

Gazteen Euskal Behatokiak “Euskadiko Gazteak” ikerketaren azken edizioari ekin zion otsaila eta martxoaren artean. Bertan, euskal erakundeek errefuxiatuei laguntza eta etxebizitza emateari buruz gazteek duten iritzia jaso da.

Euskadiko gazteen % 67,8 errefuxiatuei laguntzak eta etxebizitza ematearen aldekoak agertzen dira. Emakumeak gizonak baino zertxobait aldeago daude, eta gazteenek 25 urtetik gorakoek baino adostasun handiagoa agertzen dute.

Gazteen jatorriak ere ezberdintasunak ekartzen ditu: atzerrian jaio direnen artean errefuxiatuei laguntza ematearen aldekoak batez bestekotik hamar puntu gora agertzen dira (% 77,2 eta % 67,8).

Dena den, eragin handien duten aldagaiak baloreekin eta ideologiarekin zerikusia dutenak dira, batik bat etorkinen sarreraren aldeko jarrerak. Etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen alde daudenen % 90,7 errefuxiatuei laguntza ematearen alde agertzen dira.

Beste ezaugarri batzuek ere korrelazio positiboa dute errefuxiatuei laguntza ematearekin, hala nola, boluntario-lanak egiteak edo politikarekiko interesa izateak.

Aurkeztutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak eginiko inkesta baten emaitzak dira. Inkesta horretan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarria elkarrizketatu zen. Lagin hori 1500 gaztek osatu zuten (750 gizon eta 750 emakume) eta inkestan gai honi eta beste hainbat gairi buruz galdetu zitzaien 2016ko lehen hiruhilekoan. Hemen aurkeztu ditugun datuak datorren urtean “Euskadiko gazteak 2016” izenburuarekin argitaratuko den ikerketaren aurrerapen datu batzuk dira. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin burutzen duen bildumaren bostgarren alea izango da eta bertan, aurrekoetan bezala, 30 urtetik beherako gazteen baloreak, jarrerak, iritziak eta portaerak aztertuko dira.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!