Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2017/01/25

Etxebizitza hartzearen kostuak behera egin du Euskadin eta Gipuzkoa lurralderik garestiena dirau gazteentzako

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri du ‘Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2015’ izeneko txostena. Txosten honetan bere kabuz emantzipatu nahi duen 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun bati etxebizitza, jabetzan zein alokairuan, eskuratzeak dakarkion kostu teorikoa kalkulatzen da.

Eskuratze-kostu hori kalkulatzeko kontuan hartzen dira adin tarte horretako gazteen batez besteko soldatak, batetik, eta bestetik, Euskadiko lurralde bakoitzeko etxebizitzen batez besteko salneurriak, kontratatutako hipoteka-maileguen batez besteko interes-tasak bai eta mailegu horien batez besteko iraunaldia ere, erostea aukeratuz gero, edo batez besteko alokairu-errentak, alokatzea erabakitzen bada. Dena dela, estimazio teorikoa da, batez besteko balioak hartzen direlako kontuan eta ez kasu bakoitzeko berezitasunak (soldata, etxebizitzaren prezioa, hipoteka-maileguaren baldintzak horrelakorik egonez gero, eta abar).

Kalkuluen arabera, Gipuzkoako 35 urtetik beherako gazte soldatadun batek bere hileko soldata garbiaren % 58 bideratu beharko luke merkatu librean etxebizitza erosteko hipotekaren lehen hilerokoa ordaintzera.

Aurreko urtearekin alderatuz Gipuzkoako kostuak ehuneko 8 puntuko beherakada izan duen arren (orduan % 65,7 baitzen), horrela ere Bizkaiko gazteek jasan behar duten kostutik oso gora dago (hileko soldataren %52,2); baita Arabako gazteek etxebizitza librea eskuratzearen kostutik ere (ia hamahiru puntu gehiago, hileko soldataren %45,4).

Etxebizitza jabetzan hartzearen kostuarekin ez bezala, etxebizitza alokatzearen kostuak gora egin du, alokairuen errentak igo egin direlako. Gipuzkoako gazteek kostu handiagoei egin behar diete aurre (beren soldata garbiaren % 67,5), Bizkaikoek baino (% 64,0) eta azken horiek Arabako gazteek baino esfortzu handiagoa (% 54,1), beti ere merkatu libreko etxebizitza bat bakarka alokatzeko egoera hipotetikoan.

Zergatik daude lurraldeen arteko alde horiek? Gipuzkoan etxebizitzen salneurriak, baita alokairu-errentak ere, beste lurraldeetan baino garestiagoak direlako, batez ere Araban baino garestiagoak, Araban preziorik baxuenak aurki baitaitezke, eta soldatak, aldiz, antzekoak dira hiru lurraldeetan.

Bukatzeko, aipa dezakegu hiru lurraldeetan gazte batentzat gutxixeago kostatzen du hipoteka ordaintzeak etxebizitza alokatzeak baino.

Esteka hauetan txosten osoa eta laburpena kontsulta daitezke.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!