Logotipo de Facebook Logotipo de Twitter Logotipo de RSS

Argitalpen-data: 2016/06/03

Ingurumenaren zaintzari lotutako jokabideek bilakaera positiboa izan dute Euskadiko gazteen artean

Ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak ingurumenaren zaintzarekin lotutako jokabideei buruzko datu berri batzuk plazaratzen ditu, Euskadiko gazteek zenbateraino betetzen dituzten jokabide horiek, hain zuzen ere. Gainera azken lau urteotan ohitura horiek izandako bilakaera ere aztertu da, horrela gazteek lehen baino barneratuago ote dituzten jokabide horiek ikusi ahal izan dugu.

Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazte gehienek diote sarritan jarraitzen dituztela ingurumena zaintzeko ondoko jokabideak: % 64k etxeko zaborrak hondakin motaren arabera banatzen dituzte, % 61 uraren kontsumoa murrizten saiatzen dira, % 59k garraio publiko kolektiboa erabiltzen dute edota beste batzuekin batera joaten dira kotxez, eta % 54k erosketak egiterakoan beren poltsa edo orga eramaten dute. Aitzitik, laurden bat bakarrik
(% 23) saiatzen da gutxi enpaketatutako produktuak erosten.

Azken lau urteotan (2012tik 2016ra) jokabide hauek izandako bilakaera aztertzerakoan, ikus dezakegu berdin mantentzen dela etxeko zaborrak banatzen dituzten gazteen portzentajea (% 64 bai 2012an bai eta 2016an ere), pixka bat handitu dela garraio publiko kolektiboa edo kotxe partekatua erabiltzen dutenena (% 57tik % 59ra) eta dezente handitu dela sarritan uraren kontsumoa murrizten saiatzen direnena (% 54tik % 61era) bai eta erosketak egiterakoan beren orga edo poltsa eramaten dutenena ere (% 42tik % 54ra). Nahiz eta gutxi izaten jarraitu, pixka bat gehitu dira gutxi enpaketatutako produktuak erosten saiatzen direnak (% 19tik % 23ra).

Oro har, neskek mutilek baino neurri handiagoan jarraitzen dituzte ingurumen-iraunkortasuneko jokabide hauek. Alde nabarmenenak ondoko portaeretan hautematen dira: garraio publikoaren erabileran eta kotxea partekatzean, eta, batez ere, erosketetara norberaren orga edo poltsa eramatean (hala ere, azken alde horren atzean sexuen arteko etxeko lanen banaketa desorekatuaren eragina aurki dezakegu, emakumeek gizonek baino sarriago egiten baitituzte erosketak).

Bestalde, adinean gora egin ahala gehiago dira jasangarritasunari lotutako jokabideak betetzen dituztenak, garraio publikoa edo partekatutako kotxea erabiltzea izan ezik, azken honek kontrako joerak jarraitzen baitu, hau da, zenbat eta nagusiagoa izan orduan eta gutxiago erabiltzen da garraio publikoa eta partekatzen da kotxea.

Datu hauek 2016an Gazteen Euskal Behatokiak eginiko inkesta batetik atera dira. Inkesta horretan 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen lagin adierazgarri bat elkarrizketatu zen, 1500 gazte hain zuzen ere. Gazte hauei hainbat gairi buruz galdetu zaie, horien artean ingurumen jasangarritasunari lotutako jokabideei buruz.

Aurkeztutako datuak berri-berriak dira (oraindik argitaratu gabeak) eta “Euskadiko gazteak 2016” txostenaren aurrerapena dira. 2012ko datuak Euskadiko gazteak 2012 argitalpenetik datoz; argitalpen hau gazteen Euskal Behatokiaren webgunean dago eskuragarri.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!