Euskadiko 15-29 urteko gazteen % 31k euskara izan du lehen hizkuntza, soilik edo erdararekin batera
Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna otsailaren 21ean ospatzen da. Hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak aditzera emango ditu beren lehen hizkuntzatzat euskara izan duten gazteei buruzko datu batzuk.
“Ama hizkuntza” izena normalean amak etxean umeak zaintzen zeudelako ezarri zen, baina gaur egun egokiagotzat jotzen da "lehen hizkuntza" terminoa erabiltzea, amek ez ezik aitek edota etxeko beste kide batzuek ere eragina handia dutelako umeari lehen hizkuntza transmititzeko orduan.
2021ean jasotako azken datuei erreparatuz gero, ikusten dugu Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 18,7k txikitan, etxean, euskara soilik jaso zutela. Beste % 12,3ri euskara gaztelaniarekin batera transmititu zieten. Horiek guztiak kontuan hartuta, esan dezakegu 15-29 urteko gazteen % 31rentzat euskara izan zela beren lehen hizkuntza.
Bilakaeraren analisiak erakusten digu lehen hizkuntza gisa euskara soilik izan dutenen ehunekoa ez dela asko aldatu aztertutako hogei urte horietan, baina euskara gaztelaniarekin batera izan dutenen proportzioa, aldiz, handitu dela 2001etik 2021era.
Adinean behera egin ahala, handitu egiten da euskara lehen hizkuntza izan duten gazteen proportzioa, batez ere etxean euskara erdararekin batera jaso dutenei esker.
2001etik 2021era adin-talde guztietan handitu da euskara (soilik edo erdararekin batera) lehen hizkuntza izan duten gazteen proportzioa.
Gipuzkoako gazteen heren batek (hau da, hiru gaztetik batek) euskara soilik izan du lehen hizkuntza eta proportzio hori egonkor mantendu da 2001etik 2021era. Bizkaian hamar gaztetik bati (gutxi gorabehera) transmititu diote euskara soilik etxean. Eta Araban proportzioa txikiagoa da, hogeitik bati.
Euskara gaztelaniarekin batera jaso dutenak ere kontuan hartuz gero, portzentajeak nabarmen igotzen dira, batez ere Araban, non gehiago diren euskara gaztelaniarekin batera jaso dutenak, euskara soilik jaso dutenak baino.
Lurralde bakoitzean izandako bilakaerari erreparatuz gero, ikusten da Arabak izan duela hazkunderik handiena, lurralde horretan handitu baita lehen hizkuntza euskara soilik izan dutenen ehunekoa bai eta euskara gaztelaniarekin batera izan dutenena ere. Guztira, etxean euskara jaso duten Arabako gazteen ehunekoa hirukoiztu da. Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere euskara gaztelaniarekin batera jaso duten gazteen ehunekoa da handitu dena.
2030 Agendaren lehentasunen euskal programak, 2021-2024 aldirako jarduera-planean, Gobernu Programaren 150 konpromiso eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekiko harremana ezartzen ditu. Konpromiso horietatik jarduera zehatzak sortzen dira. Konpromiso horien artean hiru hauek ezarri dira euskararen arloan: “euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabilera azpimarratzea gizarte- eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan”, “hizkuntza-eskubideen erabateko errespeturantz eta normalizatutako hizkuntza-bizikidetza baterantz aurrera egitea” eta “erakunde arteko lankidetza indartzea euskararen lurralde guztiekin”.