Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2014/06/16

Elkarrizketa Janire Gazopo nerabeen eta drogen arloko hezitzaile espezializatuari

Drogak kontsumitzen dituzten nerabe eta gazteengan esku hartzeari buruzko ikastaroa eman du maiatzean Janire Gazopo Beaskoetxeak, Gazteen Euskal Behatokiak antolatuta.

Etorkintza fundazioko gizarte-hezitzailea da Janire, eta ibilbide luzea du kale-heziketan, drogak kontsumitzen dituzten gazteekin. Gainera, gazteen taldeekin egin du lan hezkuntzaren eta laneratzearen arloetan.

1. Zuretzat, zein da hezitzaile-lanaren alderdirik pozgarriena?

Nire lanetik gehien gustatzen zaidana gizarte-lanaren lan-eremua da, hau da, pertsonekin esku-hartze zuzena izatea. Nire kasuan, nerabeekin eta gazteekin lan egitea zoragarria eta oso pozgarria da, baina baita konplikatua ere. Beti izan dut gustuko gaztetxoekin lan egitea, haiei laguntzea, haien ondoan egotea, bizitza-kalitatea hobe dezaten eta ongizatean bizi daitezen.

Lan egin izan dudan gazteen taldeetan, gehienek substantziak kontsumitu dituzte. Nire ustez, droga-mendetasuna gure lan-arloetako bat da. Esparru horretan, gizarte-hezitzailearen lana funtsezkoa da, bai prebentzio selektiboan (dagoeneko pertsonak drogen kontsumoarekin harremana duenean edo izan duenean), bai kontsumotik eratorritako ondorio negatiboak dituztenentzako prebentzioan (kalteen murrizketa). Izan ere, pertsona horiei esku-hartze prozesu osoan lagun egitea da gure ardura.

2. Zure ustez, zeintzuk dira kontuan hartu behar diren edo garrantzizkoak diren alderdiak, drogak kontsumitzen dituen gazte batekin lan egiteko garaian?

Drogen kontsumo guztiek ez dute arrisku bera. Kontsumo-egoera behar bezala landu ahal izateko, alderdi batzuk hartu behar dira kontuan: substantzia-mota, kontsumo-motak (erabilera, gehiegizko erabilera eta dependentzia), substantzia bakarra ala bat baino gehiago, kontsumoaldia, maiztasuna, kantitatea, kontsumo-bideak... Gehienetan, gazte gehienen kasuan, behin kontsumitzen hasita, ez dira dependentziara helduko. Hala ere, garrantzitsua da seinale batzuen aurrean zuhur egotea: zenbat eta lehenago esku hartu, orduan eta hobeak izango dira emaitzak.

Gazte bati ulertzeko, zertaz hitz egiten duen jakin behar dugu, edo, gutxienez, zantzu batzuk izan. Ezin dugu larritu, edo ekin, gazteak gugandik nahi duena pentsatu gabe.

3. Zure ustez, gazteekin lan egiten duten pertsonek nahikoa ezagutzen dituzte gazteek drogak kontsumitzeko dituzten arrazoiak?

Ezetz uste dut, esatea kostatzen bazait ere. Arestian esan bezala, gizarte-hezitzaileak pertsonekin eta pertsonentzat egiten du lan. Beraz, profesionalaren ezaugarri pertsonalak funtsezkoak dira prozesuan. Hezitzailea jaio eta hezi egiten da. Oso adimen irekia eta ernea izan behar du. Lan-ibilbide osoan ezinbestekoa da ikastea eta etengabe gaurkotzea.

Etengabeko prestakuntza izan behar dugu, eta geure ardura da hori, geu gara profesionalak, egunez egun hausnartu eta gehien kezkatzen gaituzten gauzak konpondu behar ditugunak, ezinegona sentiarazten digutenak... Dilemei eta erronkei izena jarri behar diegu: ongi egiten ez dakigunari edo, zertarako egiten ditugun jakin ez arren, egin egiten dugun horri.

4. Zergatik iruditzen zaizu prestakuntza garrantzitsua, zure lanean?

Nire ustez, oso garrantzitsua da, heziketa-harremanean, hezitzaileok jokoan jartzen dugulako geure burua pertsona gisa. Nire lanean ikusten ditudan premien arabera hezten dut neure burua. Pertsonen arteko harremana eta inplikazio emozionala dira lanbide honen oinarriak. Hori dela-eta, beharrezkoak dira parekoen artean kezkak eta premiak mahairatzeko guneak. Ekintza-hausnarketa-ekintza prozesutik ikasitako guztiak balio handiko aldaketa dakar gure jarreran.

5. Zein izan beharko litzateke drogak kontsumitzen dituen nerabe edo gazte batekin lan egiten duen profesionalaren jarrera nagusia?

Kontsumoaren arrazoirik garrantzitsuenak gazteek kontsumoarekin lotzen dituzten ondorio positiboak dira: ondo pasatzea eta euren nortasuna berrestea eta adieraztea. Hori kontuan hartuta, informazioa prebentziorako funtsezko tresna da, bai gazteentzat, bai guretzat. 

Jarrerari dagokionez, laguntzeko prestutasuna adierazi behar dugu, ulertzen ahalegindu behar dugu, gazteen iritziak eta esperientziak aintzat hartu. Gure jarrera epaitzearena edo jokaera jakin batzuk ezartzearena bada, gure lana oztopatzen ibiliko gara. Funtsezkoa da gaztearen aintzatespena, jakinda litekeena dela hasieran hori ukatzea edo ez onartzea.

Jarrai gaitzazue gizarte- sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana