Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2016/12/09

'Intersexualitatea gizaki guztien ezaugarria da'

Elkarrizketa "Arkeologia identitarioak: transexualitatea eta bestelako aniztasun sexual" ikastaroko EMAIZEko hezitzaileekin

Zein helburu planteatzen dituzue ikastaro honen bitartez?

Gehienetan arazoak sortzen direnean arduratzen gara gazteen sexualitateaz: gehiengoak baino ezaugarri femeninoagoak dituen mutil batenganako erasoa, institutuan onartua ez dagoen neskez osatutako bikotea…

Ikastaro honen bitartez nahi duguna ez da bakarrik eraso egoera konkretuak eragoztea, baizik eta aniztasun sexuala balio moduan aurkeztea, hau da, lantzea merezi duen zerbait. Gizarte toleranteagoa lortzen badugu, ezberdintasunak errespetatu eta baloratzen dituena, giro txarrak ekiditeari laguntzen ere egongo gara.

Nola ulertzen duzue zuek dibertsitate sexuala?

Etimologikoki “sexu” hitza “bikoiztearekin” erlazionatuta dago. Horrela, sexologia sustantibotik norberak bere prozesu biografiko errepikaezinan zehar emakume edo gizon bilakatzen joaten den modua bezala ulertzen dugu, non nahitaez bi sexuen ezaugarriak bateratuko diren (hau da, intersexualitatea gizaki guztien ezaugarria da, beraz ez dauka konnotazio patologizanterik).

Sexua aniztasun aldagai izugarria da. Hain da handia non emakume eta gizon bezainbeste emakume eta gizon izateko erak dauden, bakoitzak bere ñabardura eta berezitasunekin. Identitate sexualari buruz hitz egiten badugu, nahiz eta bi identitate egon (emakume eta gizon), gutako bakoitzak, izaki sexudun bezala, era batera edo bestera, bere emakume edo gizon izateko era bakarra izango duela esan dezakegu. Horregatik daude bulba daukaten mutilak eta zakila daukaten neskak, izan ere identitate sexuala ez dago ez genitaletan ezta jaiotzean esleitu diguten sexuan. Ezta nola hezi gaituztenean, identitatea ez baita “egiten”.

Berdina esaten dugu keinuei buruz edota gustu eta zaletasunei buruz. Nahiz eta era estereotipatu batean sexu bati edo besteari esleitzen zaizkien (adibidez, mutilei futbola gustatzen zaie eta neskei moda; mutilak zakarragoak dira eta neskak goxoagoak), errealitateak ukatu egiten du, kontrakoaren eredu infinituak baitaude.

Eta berdina esan dezakegu desioaren orientabideari buruz: nahiz eta estatistikoki beste sexuarenganako desioa gehiago ematen den, neskak eta mutilak sexu bateko edo bestekoak desiratu, erakarri edo maite ditzakete.

Hau da errealitatea: norbanako bakoitza biografikoki den mutil edo neska bezala osatzen joaten da, berea den eta baita sexuduna den gorputz batetik. 

Zeintzuk uste duzue direla aniztasuna lantzeko hezkuntza-gakoak? 

Lehenago esan dugun moduan, gure ikuspuntutik aniztasuna balore moduan ulertzea garrantzitsua da. Horretarako ikastetxe batek ezarri dezakeen proiektu kurrikularrekin soilik ez dugula bakarrik hezten kontuan hartu behar dugu, baizik eta hezkuntza-egile ezberdinek beraien jarrera eta baloreekin ere hezten dutela: homosexualitatea heterosexualitatearen maila berean ulertzen dut?; mutil arrosa "mutil gutxiago" dela uste dut?; neska izateko bulba edukitzea beharrezkoa dela deritzot?; bikote gay baten seme-alabak bikote hetero batenak bezain zoriontsuak izan daitezkeela uste dut?... 

Hezkuntza-egileek aniztasunarekiko ikuspuntu positiboa izan dezaten helburuarekin, beraien jarreren hausnarketa eta jokabide irizpide minimoen adostasuna egotea sustatzen dugu, horrela sexualitatearen lantze eredu koherentea sortzeko non emakume eta gizon izateko era guztiak barneratzen diren. 

Estrategia inklusiboak erabiltzen ditugu, heterosexualitatearen ez aurresuposaketa bezala, edota denok barne hartzen gaituen lengoaia, baita desioaren orientabide, familia, gorputz, rol, identitate, eta abar ezberdinak aurkezten dituen lengoaiaren erabilpena. 

Azkenik, informazio iturri, material eta errekurtso ezberdinak aurkezten ditugu partaideek beraien gazteekin lan egiten duten testuinguruetan ikasitako estrategiak aurrera eraman ahal ditzaten.

Jarrai gaitzazue gizarte- sareetan!

    

 

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana