Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2017/04/04

Euskadin 30 urtetik beherako hamar gaztetik zortzik nahi dute seme-alabak izatea noizbait

Azken 40 urteotan Euskadiko gizartearen egitura demografikoak aldaketa sakonak jasan ditu, jaiotza-tasaren beherakada eta bizi-itxaropenaren luzapena arrazoi. Gazteen Euskal Behatokiak oraingoan lehen arrazoian ipini nahi du arreta. Horretarako, gaur egun 15 eta 29 urte bitarteko gazteek etorkizunean aita edo ama izateko dituzten asmoak aztertu ditu.

Euskadin seme-alabarik ez duten gazteen % 83,0k aitortu dute izatea gustuko luketela. Ehuneko hori antzekoa da mutilen artean (% 82,3) eta nesken artean (% 83,7), baina muturreko iritziak kontuan izanez gero ikus dezakegu neskak neurri handiagoan kokatzen direla bi muturretan: alde batetik, proportzio handiagoan aipatzen dute asko gustatuko litzaiekeela (% 51,9) eta bestetik, ez litzaiekeela batere gustatuko (% 7,0).

Zenbat eta nagusiagoak izan, orduan eta handixeagoa da seme-alabak izateko nahia. Gauzak horrela, 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 85,0k adierazi dute egunen batean gurasoak bihurtzeko gogoa; 20 urtetik beherakoen artean, aldiz, % 80,1ek nahiko lukete seme-alabak izatea noizbait.

  • Lehenengo seme-alaba izateko jotzen duten adin ideala 30 urte dira

Seme-alabak izatea nahiko luketela dioten gazteei, zein adin dela horretarako egokiena galdetu diegu. Nesken ustez 29 urte dituztenean eta mutilen ustez 30 urte dituztenean. 20 urtetik beharako gazteek, batez beste, 29 urte dituztenean litzatekeela egokiena diote eta adin horretara hurbildu ahala atzeratu egiten da lehenengo seme-alaba izateko adin ideala (25 eta 29 urte bitartekoen iritziz, batez beste, 31 urte dituztenean).

Gazteek idealtzat jotzen duten adin hori Euskadin benetan lehenengo seme-alaba izaten den adinaren azpitik dago. INEk (Instituto Nacional de Estadística) ematen dituen datuen arabera, Euskadin emakumeek, batez beste, 32 urterekin izaten dute lehenengo seme-alaba, hau da, emakumeek nahiko luketen baino hiru urte beranduago (datu hori Gazteen Euskal Behatokiak egin duen Euskadiko gazteen panoramika. Gazteen adierazleak 2015 izeneko txostenean kontsulta daiteke).

  • Seme-alabak izan nahi dituzten gazteen laurden batek uste du ezin izango duela bere ustez egokiena den adinean izan

Seme-alabak izan nahi dituztenen % 59,1ek uste dute oso edo nahikoa gertagarria dela nahi duten adinean izatea, % 26,0k, aldiz, uste dute ez dela posible izango adin ideal horretan izatea. Gainontzekoek ez dute erantzun.

Neskak mutilak baino baikorragoak dira nahi duten adinean seme-alabak izateari buruz, nesken % 61,3k uste baitute ama izango direla nahi duten adinean eta mutilen kasuan gutxixeago dira nahi duten adinean aita izango direla uste dutenak (% 57,0). Adinean gora egin ahala jaitsi egiten da idealtzat jotzen duten adinean guraso izango direla uste duten gazteen ehunekoa eta, aitzitik, ez dela hori gertatuko deritzotena handitzen da. Dena dela, adin tarte guztietan gehiago dira nahi duten adinean guraso izango direla uste dutenak beren aitatasuna edo amatasuna atzeratu beharko dutela uste dutenak baino.

Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiak 2016ko azaroan egin zuen inkesta batetik datoz. Inkesta horretan Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 1512 gazte elkarrizketatu ziren.

  • 2015etik 2016ra ez da alderik izan gazteek gai honi buruz dituzten iritzietan

Datu hauek aurreko urtean jasotakoekin konparatuz gero, ikusi ahal dugu gazteen gogoak eta aurreikuspenak antzekoak direla. 2015 urtearen bukaeran seme-alabarik ez zuten gazteen % 84,7k seme-alabak izatea gustuko luketela adierazi zuten; gazte horiek horretarako jotzen zuten adin ideala 30 urte ziren, batez beste, mutilen artean eta 29 urte nesken artean; eta seme-alabak izan nahiko zituztela azaldu zutenen laurden batek (% 25,5) ezin izango zuela adin horretan izatea pentsatzen zuen.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana