Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2017/10/04

Gazteen Euskal Behatokiak emantzipazioari buruzko ikerketa berri bat aurkezten du

'Gazteen emantzipazioa Euskadin' (pdf, 1 Mb) liburuarekin Gazteen Euskal Behatokiak aztertzen du zelako baldintzetan emantzipatzen diren gazteak eta zein zailtasunei egin behar diete aurre.

Azterketaren oinarria 16-29 urteko gazteek gai horren inguruko inkesta espezifiko bati emandako erantzunak dira. Galdera berdinak egin zaizkie 30-34 urteko taldekoei, aztertzeko nola aldatzen den, edo ez, pertsona gazteen bizitegi-egoera adinean aurrera egin ahala. Guztira, Euskadin bizi diren 16-34 urteko ia 2.000 pertsona gaztek hartu dute parte, borondate onez.

10 datu azpimarratzen ditugu:

  1. 16-29 urteko gazte gehienak gurasoekin bizi dira (% 71,5) eta portzentaje hau Europako batezbeztekoaren gainetik dago (% 66,1). 16-29 urteko gazte emantzipatuen ehunekoa % 26,8 da eta bakarrik 28 urtetik aurrera dira erdia baino gehiago. 
  2. Alokairuaren modalitateak gora egin du azken urteotan, eta etorkizunerako aukeratzat sendotu da. 30 urtetik beherako gazte emantzipatu guztietatik % 61,0 zeuden alokairuan 2011n, eta % 73,6, berriz, 2015ean. Emantzipatu gabeko gazteek ere nahiago dute etxebizitza alokatzea. Etxebizitza alokairuan hartzearen alde zeudenak % 18,0 ziren 2011n, eta % 55,7, berriz, 2015ean.
  3. Emantzipatzeko zailtasun nagusia etxebizitza garesti egotea da, dela alokatzeko, dela erosteko. Emantzipatutako gazteen % 62,6k eta emantzipatu nahi dutenen % 77,0k adierazi dute arazo horri aurre egin behar diotela. Nolanahi ere, talde batean zein bestean, azkeneko urteekin alderatuta, gutxiago dira orain arazo hori aipatzen dutenak. 
  4. Alokairua aukeratzeko arrazoi nagusia kreditu batekin hipotekatu nahi ez izatea da. Arrazoi horrek indar handia hartu du azken urteotan: 2011n, alokairuan bizi zirenetatik % 26,0k aipatu zuten, eta 2015ean, berriz, % 42,5ek aipatu dute. 
  5. Etxebizitza erosi duten gazteen ehunekoak behera egin duenez, gazte gutxiago daude hipoteka bat ordaindu beharreko egoeran. Izan ere, hipoteka ordaintzeko duten gazteen ehunekoa aldatu egin da, % 26,4tik (2011) % 13,4ra (2015).
  6. 2015ean, gazte emantzipatuek hipoteka-maileguaren kuota edo alokairu-errenta ordaintzeko behar duten batez besteko zenbatekoa 539 euro da. Alokairuan dauden pertsonek hilean 543 euro ordaintzen dituzte, batez beste, eta hipoteka ordaintzen ari direnek, berriz, 515 euro. Zenbateko horiek txikiagoak dira Euskadiko batez besteko alokairu-errenten zenbatekoak eta Euskadin urte horretan eratutako hipoteken batez besteko kuoten zenbatekoak baino; egia da 30 urtetik beherako gazte emantzipatuen etxebizitzak txikiagoak direla Euskadiko etxebizitza-parkearen batez besteko tamaina baino. Gazteek ordaintzen dituzten batez besteko errentak ez dira asko aldatu azken urteotan; hipoteka-kuotak, berriz, 100 euro baino gehiago jaitsi dira 2011tik 2015era. 
  7. Gazte emantzipatuen laurdenak baino zertxobait gehiagok zailtasunak dituzte etxebizitza-gastuak ordaintzeko. Emantzipatutako gazteen % 28,6k aitortzen dute zailtasunak dituztela etxebizitzaren ohiko gastuei aurre egiteko: alokairu-errenta, hipoteka-kuota, argia, ura eta abar. Eta heren batek (% 33,2) aurreikusten du zailtasunak izango dituela gastu horiek ordaintzeko inkestaren osteko urtean. Etxebizitza-gastuak ordaintzeko arazoak dituzten edo arazoak izango dituztela aurreikusten duten gazte emantzipatuen ehunekoak zertxobait behera egin du azken urteotan.
  8. 16-29 urteko hamar lagunetik batek esan du lehenago emantzipatuta egon dela, nahiz eta orain gurasoekin bizi. 16-29 urteko gazte guztietatik % 10,9k emantzipazio-esperientzia dute, nahiz eta gaur egun familiaren etxean berriz bizitzen ari diren. Gurasoen etxera itzultzeko aipatzen dituzten arrazoi nagusiak ikasketak amaitu izana eta bikotekidearekin harremana amaitu izana dira.
  9. 16-29 urteko gazte guztien % 2,0k familiaren etxera itzuli behar izan zuten beren kontura bizi ondoren, arrazoi ekonomikoek bultzatuta. Arrazoi ekonomiko horiek hauek izan ziren: lanik gabe geratzea edo emantzipatzeko hartu zuten etxebizitzako gastuei aurre egin ezin izatea. Ehuneko hori zertxobait jaitsi da 2013tik. Urte hartan, 30 urtetik beherako gazteen % 3,1 zeuden egoera horretan.
  10. 30 urtetik gora egoera aldatzen da eta gehiengoa dira gurasoen etxetik kanpo bizi direnak. 30 eta 34 urte bitartean, pertsona emantzipatuak % 74,3 dira. Adin talde honetan ere handitu egin da alokairuan bizi direnen ehunekoa aurreko urteekin konparatuz, nahiz eta oraindik gehiago diren etxebizitza erosi dutenak (% 48,0) alokatu dutenak baino (% 43,5).

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa

GEBren logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana