Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Euskadiko gazte gehienak familiaren etxean bizi dira

Argitalpen-data: 

15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen erdiak baino gehiago ikasten ari dira eta gehienak gurasoen etxean bizi dira oraindik. Handitu egin da lanbide heziketako ikasketak dituzten gazteen kopuruaGEBren logoa

Familia-, prestakuntza- eta okupazio-egoera (pdf, 532 kb)

'Euskadiko gazteak 2016' ikerketa


Irudia

  • Gazte gehienak familiaren etxean bizi dira. Aitzitik, gazteen ia laurdena emantzipatuta dago eta emantzipazio-datuek gora egin dute azken urteotan.
  • Adinak gora egiten duen heinean, gora egiten du, halaber, emantzipatuen ehunekoak; dena den, adin handieneko taldean (25 urtetik 29 urtera bitartekoak) ere ez dira gehiengoa izatera iristen. Emakume emantzipatu gehiago dago, gizon emantzipatuak baino. Baina, zalantzarik gabe, emantzipazio-zifra handienak dituen kolektiboa gazte atzerritarrena da (atzerrian jaiotako pertsonen erdia emantzipatuta dago).
  • Gazte emantzipatu gehienak bikotekidearekin bizi dira. Bikotekidearekin ezkonduta egon gabe bizi diren pertsonen kopuruak bikoiztu egiten du legez ezkonduta daudenen kopurua.
  • Hamar gaztetik bakarrak du seme-alabaren bat, baina zifra hori hirukoiztu egiten da gazte emantzipatuen eta gazte atzerritarren kasuan.
  • Gazteen erdiak baino gehiagok ikasketak ditu okupazio nagusitzat; herena baino ez da lanean ari. Lana duten gazteen proportzioak gora egiten du adinarekin batera, eta gehiengoa dira 25-29 urteko gazteen artean.
  • Ikasketak egiten denbora asko ematearekin lotuta, ikusten da hamar gaztetik hiruk goi-mailako ikasketak dituztela, alegia, graduko edo gradu ondoko unibertsitate-ikasketak, goi-mailako heziketa-zikloak edo goi-mailako arte-ikasketak. 25-29 urteko taldeari berriro begiratzen badiogu (adin horietan gehienek jadanik amaitu dute prestakuntza-etapa), ikusten da erdiak baino gehiagok duela goi-mailako titulazioa.
  • Bestalde, 15 urtetik 29 urtera bitarteko hamar gaztetik lauk ondo dakite ingelesez eta, hamar gaztetik zazpik, ondo dakite euskaraz. Unibertsitate-titulazioa duten gazteak dira ingeles gehien dakitenak. Amaitutako ikasketa-mailak gora egin ahala, hobea da, halaber, euskaraz ondo egiteko gaitasuna, baina alde esanguratsuenak lurralde historikoarekin du erlazioa: Gipuzkoako gazteak dira euskara gehien dakitenak eta, lurralde horretan, gazte gehienek diote oso ondo dakitela, Araban eta Bizkaian gertatzen ez den bezala.
  • Orobat, 30 urtetik beherako hamar pertsonatik lauk prestakuntza-jarduera gehigarriren bat egin dute azken hamabi hilabeteetan. Unibertsitate-titulazioa duten gazteak dira ikastaro eta prestakuntza-jarduera gehigarri gehien egin dituztenak, horiek edozein motatakoak izanik ere.
  • Hobera egin du euskal hezkuntza-sistemaren gaineko balorazioak, oro har, eta 2016an hiru gaztetik bik iritzi oso ona edo nahiko ona dute hezkuntza-sistemari buruz. EAEko heziketa-zikloen eta unibertsitate-ikasketen eskaintza baloratzeko orduan, ikusten da heziketa-zikloak (erdi-mailakoak edo goi-mailakoak) egin dituztenek zertxobait hobeto baloratzen dituztela EAEn eskaintzen diren heziketa-zikloak, unibertsitate-titulazioak dituztenek EAEko unibertsitate-ikasketei buruz egiten duten balorazioarekin konparatuta. Edozelan ere, balorazio positiboak nagusitzen dira bi taldeetan.
  • Heziketa-zikloak egin dituzten pertsonak dira, halaber, beren ikastegian jasotako lan-informazioa eta -orientazioa hobekien baloratzen dutenak.
  • Hamar gaztetik batek atzerrira bidaiatu du lan-arrazoiak direla eta, eta laurdenak baino gehiagok, ikasketak direla eta.
  • Gazteen okupazioa eta baliabide ekonomikoak edozein izanik ere, gehienek klase sozial ertainekotzat jotzen dute beren burua, eta hori hala izan da kolektibo guztietan. Dena den, egia da adinak gora egin ahala (eta, horrekin batera, langabezian dauden gazteen zifrak igo ahala), igo egiten dela beren burua klase sozial baxu edo ertain-baxukotzat jotzen dutenen proportzioa. Beren burua klase sozial baxu edo ertain-baxukotzat jotzen duten gazteen kopurua askoz handiagoa da 2012an eta 2016an, krisi ekonomikoaz aurreko urteetan baino.

Euskadiko gazteak 2016

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana