Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Euskadiko gazte gehienek oso larritzat jotzen dituzte emakumeen kontrako hainbat indarkeria mota, bai fisikoak zein psikologikoak

Argitalpen-data: 

Ez beti da ezEmakumeen kontrako hainbat indarkeria mota oso larritzat jotzen dituzten gazteen portzentajea nabarmen handitu da azken 20 urteotan

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako legeak (otsailaren 18ko 4/2005) honela definitzen du emakumeen kontrako indarkeria: “sexuaren ziozko edozein ekintza bortitz joko da emakumeen aurkako indarkeriatzat, baldin eta ekintza horrek emakumeari kalte fisiko, sexual edo psikologikoa edo sufrimendua ekartzen badio edo ekar badiezaioke. Jokaera horien artean sartuko dira emakumea ekintza horiek egitearekin mehatxatzea, hertsapenak egitea edo askatasuna arbitrarioki kentzea, bizitza publikoan edo pribatuan”

2016an Gazteen Euskal Behatokiak jakin nahi zuen gazteek zelako balorazioa egiten zuten emakumeen kontrako hainbat indarkeria motari buruz. Horretarako Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteei eskatu zien agerikoak zein ikusezinak diren emakumeen kontrako indarkeria mota ezberdinak baloratzeko, hau da, oso larritzat, nahiko larritzat, pixka bat larritzat jotzen dituzten edo tratu txarrak ez direla uste duten. Aztertutako indarkeria motak hauek ziren: bere borondateraren kontra sexu-harremanak izaten behartzea, etxetik irteten debekatzea, mehatxatzea, mespretxuak egitea, gauzak erabakitzen ez uztea eta iraintzea.

Gainera 2016an gazteek emandako erantzunak 1997an jasotakoekin konparatu zituen Gazteen Euskal Behatokiak, gaitz sozial honi buruzko pertzepzioen bilakaera aztertzeko asmoz.

Emakumeen aurkako indarkeria forma horien larritasunari buruz azken ia 20 urteetan izan den eboluzioari begiratzen badiogu, ikus daiteke aurrerapen handiak egin direla emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespen formalean behintzat. 

Aurkeztutako tratu txar mota bakoitza oso larritzat jotzen duten gazteen ehunekoaren eboluzioa (%)

Aurkeztutako tratu txar mota bakoitza oso larritzat jotzen duten gazteen ehunekoaren eboluzioa (%)

Iturria: Gazteen Euskal Behatokia (Euskadiko gazteak 2016, 2016ko datuei dagokienean) eta Prospekzio Soziologikoen Kabinetea (Tratu txarrak bikote barruan, 1997ko datuak direnean)

* 1997ko datuak 18 urtetik 29 urtera bitarteko gazteei dagozkie

 

1997an Euskadiko gazteen % 82k oso larritzat jotzen zuten bikotekidea sexu-harremanak izatera behartzea. Balio hori ia maximora igo zen kolektibo berean, 2016an (% 97). Etxetik irtetea debekatzea gazteen % 46k jotzen zuten oso larritzat 1997an eta 2016an, berriz, balio horrek % 91raino egin zuen gora. Mehatxatzea oso larritzat jotzen zuten Euskadiko gazteen % 51ek 1997an eta 2016an, berriz, % 91k jo zuten oso larritzat.

Hiru jokabide horien eboluzioa oso garrantzitsua izan da, baina are esanguratsuagoa da 2016an gaitzespen-balio baxuenak lortu zituzten hiru jokabideena (mespretxuak egitea, gauzak erabakitzen ez uztea eta iraintzea).

1997an, Euskadiko gazteen soilik % 11k uste zuten bikotekideari mespretxuak egitea oso larria zela. Balio hori % 74raino igo zen 2016an.

Bikotekideari gauzak erabakitzen ez uztea oso larritzat jotzen zuten Euskadiko gazteen % 31k, baina 2016an proportzio horrek % 69raino egin zuen gora.

Azkenik, bikotekidea iraintzea oso larritzat jo zuten Euskadiko gazteen % 60k 2016an, eta 1997an, berriz, % 14k baino ez.

Arreta osoa 2016ko datuetan jarriz gero, ikus dezakegu indarkeria mota bakoitza oso larritzat jotzen zutenen portzentajea handixeagoa dela emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino. Jokabidea zenbat eta larriagoa izan, orduan eta diferentzia txikiagoak daude bi kolektiboen artean. Hau da, gizon eta emakumeen artean ia erabateko adostasuna dago bikotekidea sexu-harremanak izatera behartzearen larritasunari buruz; baina ez da hala gertatzen hain muturrekoak ez diren indarkeria formekin, hala nola irainekin, mespretxuekin eta gauzak erabakitzen ez uztearekin. Azken jokabide horien larritasuna baloratzeko orduan, desberdintasunak daude oraindik ere nesken eta mutilen balorazioen artean (neskek larriagotzat baloratzen dituzte).

Bestalde, zenbat eta nagusiagoa izan orduan eta handiagoa da indarkeria mota bakoitza oso larria dela uste dutenen portzentajea. Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzean ikusten genuen moduan, hain muturrekoak ez diren tratu txarrak baloratzean (hala nola, iraintzea edo gauzak erabakakitzen ez uztea) ikusten dira alde handienak eta, kezkagarriena dena, gazteenek ematen diziete baloraziorik leunenak.

Aurkeztutako tratu txar mota bakoitza 2016an oso larritzat jotzen duten gazteen ehunekoa, sexuaren eta adin-taldearen arabera (%)

Aurkeztutako tratu txar mota bakoitza 2016an oso larritzat jotzen duten gazteen ehunekoa, sexuaren eta adin-taldearen arabera (%)

 Iturria: Gazteen Euskal Behatokia (Euskadiko gazteak 2016) 

Datuok Euskadiko gazteak 2016 ikerketatik datoz. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin egiten ditu eta horretarako Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarria elkarrizketatzen du. Lagin hori 1500 gaztek osatzen dute (750 neska eta 750 mutil) eta ikerketan egungo hainbat gairi buruz galdetzen zaie.

GEBren logoa

 Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa Twitter logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana